Albistea entzun

Frantziak baimena eman du 234 etorkin porturatzeko, eta gogor kritikatu du Italia

'Ocean Viking' ontzia gaur iritsiko da Toulongo portu militarrera. Parisek «ondorio oso larriak» iragarri ditu Erromarekiko harremanetan
<em>Ocean Viking</em> ontzitik osasun egoera larriagatik helikopteroz lehorreratu duten migratzaileetako bat, atzo.
Ocean Viking ontzitik osasun egoera larriagatik helikopteroz lehorreratu duten migratzaileetako bat, atzo. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko azaroak 11

Frantziak porturatzeko baimena eman zion atzo Ocean Viking erreskate ontziari, eta barruan daramatzan 234 migratzaile erreskatatuak Toulongo portu militarrean lehorreratzekoak dira gaur. Bi aste baino gehiago eman dute itsasoan, lehorreratzeko aukera baten zain. Frantziako Gobernuak gogor kritikatu du Italiako Gobernuaren jokabidea, ontziari bere porturen baten sartzen ez uzteagatik. Parisek ziurtatu du Georgia Meloni buru duen eskuin muturreko gobernuaren jarrerak «ondorio oso larriak» izango dituela bi herrialdeen arteko harremanetan, eta Erromaren aurkako zigorrak iragarri ditu.

Ocean Viking ontziak 234 migratzaile erreskatatu zituen urriaren 22aren eta 26aren artean, eta porturatzeko baimen baten zain egon da ordutik, Sizilia hegoaldeko uretan. Italiari 30 alditan baino gehiagotan egin zion eskaria, baina Meloniren gobernuak ez zion sarbiderik aitortu, erreskate operazioak Italiaren esku-hartze eremutik kanpo egin zituela argudiatuta.

Ontzia Frantzia aldera abiatu zen asteartean, barruko egoera «jasangaitza» zela ohartarazita. Gaur heltzekoa da Toulongo portura. Migratzaileetako lau atzo lehorreratu zituzten, helikopteroz, osasun egoera larrian zeudelako.

Gerald Darmanin Frantziako Barne Ministroaren arabera, «Italiaren betebeharra zen ontzi horri harrera portu bat egokitzea berehala». Haren iritziz, «Italiak uko egin dio Europako estatu arduratsu baten modura jokatzeari».

Hori dela eta, Parisek zigorrak iragarri ditu. Batetik, kontrolak zorroztuko ditu Italiaren mugan, eta, bestetik, bertan behera utziko du Italiara iritsitako migratzaile kopuru jakin bat hartzeko Erromarekin egina zuen akordioa. Horrek esan nahi du ez dituela jasoko datorren urteko udara arte hartzekoak zituen 3.500 etorkin inguru.

EBren erantzuna

Baina Frantzia ez da horretara mugatuko. Europa mailako erantzun bat lortzen saiatuko da. Migratzaileak hartzeko akordioa eteteko eskatu die EB Europako Batasuneko gainerako estatu kideei, eta «datozen egunetan» Europako Batzordearekin bilduko dela iragarri zuen atzo Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak.

Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak aste honetan engaiamendu handiagoa eskatu die EBko kideei, eta azaldu du Erromak akordio bat lortu nahi duela herrialdera iristen diren migratzaileak estatu bakoitzaren «populazioaren arabera banatzeko». Datorren astean dira biltzekoak EBko Atzerri ministroak.

Italiako Gobernuak joan den astean sinatu zuen dekretu batek dioenez, migratzaile zaurgarrienak soilik lehorreratu ahalko dira Italian, eta, ondoren, itsasontziek alde egin beharko dute herrialdeko uretatik. Dekretu horrek, hain zuzen, Matteo Salvini Azpiegitura ministroak 2018 eta 2019 bitartean ezarritako doktrinari erantzuten dio.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...