Kontzertu Ekonomikoa

Kupoari buruzko akordioa lortu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

2022tik 2026rako epean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiako Estatuari egin beharreko ekarpena kalkulatzeko irizpideak berritu dituzte.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua, zerga batzuen transferentzia sinatzen, iazko uztailean. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 15a
18:45
Entzun

Kupoa luzatzeko beharrik ez da izango hurrengo urteetan. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiako Estatuari egin beharreko ekarpenaren kalkuluaren inguruan. 2022tik 2026ra bitarte egongo da indarrean.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa ostegun goizean bilduko da Madrilen, kupoari buruz Gasteizko eta Madrilgo gobernuek hitzartutakoa berresteko eta sinatzeko. «Akordioa oso garrantzitsua da Euskadiko finantza egonkortasunerako», ziurtatu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, atzo arratsaldean txio baten bitartez akordioaren berri ematean.

Madrilen izango dira Azpiazu bera eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin batera. Azken horien kutxetatik ateratzen da Espainiari eman beharrekoa, ofizialki Jaurlaritza izan arren ordaindu behar duena.

Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion zerbitzuengatik jasotzen duen ekarpena da kupoa. Zerbitzu horien artean daude armada, monarkia, atzerriko ordezkaritza eta azpiegitura batzuen kudeaketa (portuak, aireportuak, trenbideak...), besteak beste.

Eskuduntza berriak

Bost urtean behin berritu behar da kupoaren legea, bi administrazioen arteko harremanetan gertatu diren aldaketetara egokitzeko. Izan ere, Jaurlaritzak eskumen gehiago lortuz gero, horiengatik aurretik Madrili ordaintzen ziona beretzat gorde beharko du orain. 2021. urtean, esaterako, Gasteizko gobernuak bere eremuko hiru espetxeen gaineko eskuduntza hartu zuen.

Kupoa kalkulatzeko irizpideak berritzeaz gain, Ekonomia Itunaren aldaketa eta beste hainbat gai hitzartu dituzte. Horien artean egon beharko luke Espainiako Gobernuak bultzatutako zerga berriak —bankuen eta argindar konpainien gainekoak— Kontzertu Ekonomikoan sartzeak ere, hiru ogasunek jaso ditzaten.

Kontzertua berritzea baldintza gisa jarri zuen EAJk Espainiako aurrekontu proiektuan osoko zuzenketa ez jartzeko.

Aurreko akordioa 2017koa da, eta amaiera eman zion hamar urteko desadostasun garai bati. Gatazka ongi itxi zuen Gasteizko gobernuak, Ogasun Ministerioak onartu behar izan zuelako diru sobera eskatu ziola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.