Aurrekontuak

EH Bilduk «oso urrun» ikusten du Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egitea

Hala ere, Maddalen Iriartek esan du koalizio abertzaleak «xehetasunez» aztertuko duela Gasteizko gobernuak aurrekontuen inguruan egin dien azken proposamena. Elkarrekin Podemosek ere «oso urrun» ikusi du akordio bat lortzea.

Maddalen Iriarte, gaur goizean, bilera osteko agerraldian. L.RICO / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 16a
11:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu eta haren taldea EH Bilduren ordezkariekin batzartu dira gaur goizean, gobernuaren aurrekontuen inguruan bigarren txandan negoziatzen jarraitzeko, baina bilerak ez du eman aukerarik aurrerapauso handirik emateko, EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarteren hitzak kontuan hartuz. Izan ere, Iriartek garbi esan du «oso urrun» ikusten duela akordioa, Azpiazuren azken proposamena entzun eta gero.

Ogasun Sailak diru sail berri batzuen proposamena egin du, baina 54 milioi eurorenak, Iriartek azaldu duenez, eta kopuru hori oso urrun dago EH Bilduk 2023ko aurrekontuetarako eskatutako 450 milioi euroko hazkundetik. «Ez dugu ikusten gure proposamenera gerturatzen denik. Urrun dago, baina xehetasunez aztertuko dugu, erantzukizunez». Eusko Jaurlaritzak ez ditu jaso koalizio abertzaleak eskatutako aldaketa fiskalak, ezta energia bonua ere, Iriartek jakinarazi duenez. Halaber, Osakidetzaren egoera hobetzeko egindako proposamenak ere ez ditu jaso Azpiazuk helarazi duen agiriak.

«Guk egindako proposamenarekiko aldea handia da, inbertitzeko garaian gaudela kontuan hartuta», esan du Iriartek. Erantsi du Iñigo Urkulluren gobernuak «zerbait esan» beharko duela «fiskalitateari buruz».

EH Bildurekin batzartu ondoren, Azpiazu sailburua Elkarrekin Podemos-IUko taldearekin aritu da aurrekontuen negoziaziorako bigarren txanda honetan, eta bilera horrek ere ez du berritasun handirik eman. Miren Gorrotxategi Podemos-IUko bozeramaileak esan du «oso urrun» dagoela Jaurlaritzarekin itun bat egitea 2023ko aurrekontuen inguruan, «gobernuak ez duelako aparteko ahaleginik egin».

Eusko Jaurlaritzak badu gehiengo nahikoa aurrekontuak onartzeko, EAJren eta PSE-EEren botoei esker, baina gehiengo hori handitzeko saioan ari dira. Oraingoz antzua da, ordea; izan ere, Gorrotxategik esan duenez, Jaurlaritzaren azken proposamenak ez du jaso berritasunik zergen alorrean, ezta energia berriztagarrien enpresa publiko baten sorreraren inguruan ere, Podemosek eskatu duen moduan. Gorrotxategik zehaztu du Azpiazuk 41 milioi euroko hazkundea proposatu diola haren taldeari. Kopuru hori iazko negoziazioan eskaini zuenaren erdia dela esan du Gorrotxategik, eta Podemosek 511 milioi euroko hazkundea proposatu duela.

Bilera horren ondoren, PP+Cs taldea hartuko du Ogasun sailburuak. Voxekin ez da elkartuko. Bilerak amaitzean, agerraldia egingo du Azpiazuk, negoziazioak nola dauden azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.