Indarkeria matxista

Iruñeko talde bortxaketako espetxeratu baten zigorra arintzea eskatuko dute

'Soilik baietz da baietz' legearen interpretazio jakin bati helduta, zenbait sexu erasotzaileren zigorrak arintzea erabaki dute epaile batzuek, eta sanferminetako bortxaketagatik espetxean den gizon batentzat ere aringarria eskatuko du haren abokatuak

Sanferminetako talde bortxaketaren harira egindako protesta bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2022ko azaroaren 17a
11:57
Entzun

Soilik baietz da baietz legeak 200 boto baino gehiago lortu zituen Espainiako Kongresuan aurten, eta legegintzaldiko gehiengo zabalenetako bati esker onartu zen. Orain, berriz, hautsak harrotzen ari da onarpena ardatz duen legea, Pedro Sanchezen Gobernuak espero ez zuen interpretazioa eman dietelako Zigor Kodean Espainiako zenbait epailek. Interpretazio horri esker, sexu indarkeriagatik espetxeratutako gizon batzuen zigorra arintzen ari da; are, gutxi batzuk libre gelditu dira lege berriak ireki duen zirrikitu legal horrengatik.

Baliteke 2016ko Iruñeko talde bortxaketan parte hartu zuen gizon bati ere laster mesede egitea Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoak izan dezakeen zulo horrek. Haren abokatu Agustin Martinezek iragarri du helegite bat aurkeztuko duela aringarri hori lortzeko eta bere bezeroaren zigor kartzela arintzeko. Hamabost urteko espetxe zigorra betetzen ari da sanferminetako talde bortxaketaren harira Angel Boza, eta, helegitea aintzat hartuko balu epaileak, gutxienez urtebetean murriztuko liokete zigorra. Gipuzkoako epaitegi batek ere jaso du sexu indarkeriagatik zigortutako gizon bati aringarria aplikatzeko eskaera.

Segurtasun falta handia

Eraso sexualen biktimentzat segurtasun falta handia dakarren egoera horretan, soilik baietz da baietz legearen sustatzaileentzat zer egin da orain lehenbailehen erantzun beharreko galdera deserosoa; hau da, Espainiako Goberuarentzat eta, zehazki, Irene Montero buru duen Berdintasun Ministerioarentzat. Monterok azaldu du zenbait epailek aplikatu dituzten aringarriak legearen «interpretazio matxista» eginez aplikatu dituztela. Beste epaitegi batzuetan, atzera bota dituzte kartzela zigorrak txikitzeko eskaerak, esaterako Logroñon (Errioxa, Espainia). Baina Espainiako justiziaren «joera matxista eta patriarkala» nabarmendu du gertatzen ari denari azalpena emateko.

Modu batera edo bestera, lege berriaren karietara justiziak hartutako erabakiek polemika politiko handia eragin dute, eta Espainiako Gobernuaren barruan ere tentsioak gora egin du. Unidas Podemosek epaileen bizkar utzi du arazoaren soluzioa. Montero ministroak esplikatu du Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezartzen duenean bukatuko dela zigortuek aringarriak lortzeko aukera legal hori. Luze gabe iristekoa da Gorenaren erabaki hori, baina, bitartean, lege berriaren interpretazio jakin bati esker libre gera daitezke zigortu gehiago.

Horregatik, PSOEren gobernuko zenbait ministrok «legea aldatzeko beharra» helarazi dute, epaileen interpretazioak matxistak diren ala ez alde batera utzita. Oposizioan ere ez dira falta legea aldatu beharko delako ustearen defendatzaileak. EAJk, kasurako, esan berri du soilik baietz da baietz legea «ukitu» egin beharko litzatekeela, «epaile guztiak matxistak diren ustean tematu gabe». Aitor Esteban alderdiaren Kongresuko bozeramaileak lege hori «zuzentzeko» eskatu du, epaileek zigorrak arintzeko «tarterik egon ez dadin». EAJk legearen alde bozkatu zuen.

EH Bilduk ere legea babestu zuen, eta haren legebiltzarkide Oskar Matutek ez du baztertu legea doitzeko aukera, «ihesbideak» baldin baditu. Dena den, Matutek garbi esan du soilik baietz da baietz legeak «emakumeentzat hobekuntza kualitatiboa eta kuantitaboa» ekarri duela. Baina koalizio abertzaleko parlamentariak helarazi du «prestigiozko aditu» batzuek «ihesbideak» ikusten dituztenak legean zigortuek aringarriak lor ditzaten.

Jurisprudentziaren zain

Zaila da esaten Madrilgo gobernuak zein bide hartuko duen. Legegintzaldiko lege garrantzitsuenetako bat onartu eta gutxira aldatzen hastea da bide bat; modu eskasean egin dela aitortzea dakar horrek, eta prezio politiko bat ordaindu behar izatea. Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren zain geratzea da beste bidea, pentsatuz aringarrien zirrikitua estali egingo duela hark, Iruñeko talde bortxaketaren kasuan azaldutako irizpidea errepikatuz. Horrek ere prezio politikoa izango du, goi auzitegiak bidea markatu arte zigortuen aringarri gehiago ailegatuko baitira, eta horrek are gehiago handituko baitu eskandalua.

Espainiako presidente Pedro Sanchez bigarren soluzioaren alde agertu da, hau da, Berdintasun Ministerioak mahairatu duen tesiaren alde, eta PSOE, beste ministro batzuek helarazitakoaren aurka, legea aldatzen hastearen aurka alegia. Pentsa daiteke gobernuburuaren nahia gailenduko dela, eta, beraz, sexu indarkeriagatik espetxeratuen artean zigorren aringarri gehiago izan daitezkeela, betiere epaileek legearen izpirituak jaso ez duen interpretazioaren alde egiten badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.