Kontzertu Ekonomikoa

EAEk 1.472 milioi euroren kupoa ordainduko dio Espainiako Estatuari

Plastikozko ontzien eta hondakinen gaineko beste bi zerga foru ogasunen esku geratu dira. Energia konpainien eta bankuen gaineko zerga bereziak ere foru ogasunek biltzeko akordioa iragarri du EH Bilduk.

Rementeria, Garamendi, Azpiazu, Gonzalz eta Olano, gaur, Madrilen. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 17a
12:22
Entzun

Datozen bost urteotan Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Estatuari ordaindu beharreko kupoari buruzko akordioa izenpetu dute gaur goizean, Madrilen. Haren bitartez, adostu dute 1.472 milioi eurorena izango dela oinarri urteko behin-behineko kupoa.

Zenbateko hori gaur egun ordaintzen duenaren «oso antzekoa» dela nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. 2021. urtean, esaterako, 1.403 milioi izan ziren.

Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion zerbitzuengatik jasotzen duen ekarpena da kupoa. Zerbitzu horien artean daude armada, monarkia, atzerriko ordezkaritza eta azpiegitura batzuen kudeaketa (portuak, aireportuak, trenbideak...), besteak beste.

Eskumen horiek Espainiako aurrekontuetan dutenaren %6,24 ordainduko du EAEk aurrerantzean ere; zenbaki hori 1981eko negoziazioan finkatu zuten, hura baitzen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiaren barne produktu gordinean zuten pisua. Orduz gero, jaitsi egin da —ez da %6ra iristen—, baina ez da aldatu, eta ez dirudi Jaurlaritzak eta aldundiek aldatzeko gogo handia dutenik, badakitelako saiakera horrek Kontzertu Ekonomikoaren aurkako beste eraso sorta bat ekarriko lukeela.

Zerga berriak diputazioentzat

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bileran, beste bi zerga utzi dituzte foru ogasunen esku: berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia, eta hondakinak zabortegian uztearen eta erraustearen gainekoa. Halaber, berotegi efektuko gasak isurtzen dituzten enpresek ordaintzen duten zergan egindako egokitzapenak sartuko dira Kontzertuan. Plastikozko ontziak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten direnean ordainduko ditu haren egileak; zaborren kasuan, zabortegiaren kokapenak erabakiko du zerga non ordaindu behar den.

Zerga txikiak dira horiek; Jaurlaritzak kalkulatu duenez, urtero 75 milioi euro ekarriko dizkiete urtero kutxa publikoei, haien diru sarreren %0,5 baino gutxiago.

Beste zergak

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du aurreragorako utzi dituztela beste bi zerga berri: energia konpainien gainekoa eta bankuen gainekoa. Aste batzuk daramatza bere sailak Espainiako Gobernuarekin zerga horien eskumena negoziatzen, baina EH Bilduko diputatu Oskar Matute iragarri du berak lortu duela zerga horien eskumena Hego Euskal Herriko erakunde propioen esku geratzea.

Idoia Sagastizabal EAJko diputatuak azaldu duenez, bere taldeak egindako zuzenketa bat hartu dute oinarri PSOEk eta EH Bilduk zerga berrien legegaiari beren zuzenketa propioa egiteko. «Bitxia da ez digutela utzi zuzenketa horretan parte hartzen», gaineratu du.

Matutek esan du Madril prest dagoela eztabaidatzeko zerga horiek behin betikoak bihurtu behar ote diren. Matutek zehaztu du gaur iragarritako konpromisoak ez duela esan nahi EH Bilduk derrigorrez Espainiako aurrekontu proiektuaren alde bozkatuko duenik.

Kupoari buruzko aurreko akordioa 2017koa da, eta amaiera eman zion hamar urteko desadostasun garai bati. Gatazka ongi itxi zuen Gasteizko gobernuak, Ogasun Ministerioak onartu behar izan zuelako diru sobera eskatu ziola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.