COP27

Akordioa ixteko atzerako kontaketa: isurien murrizketa eta kalte ordainetarako funtsa, korapilo nagusiak

Azken orduetan hurbilketak izan dira herrialde aberatsenen eta garabidean dauden estatuen artean. Aurretik, EBk salatu du estatuek ez dutela isurien murrizketarako konpromiso nahikorik hartu.

Klima ekintzaile talde bat, munduko agintariei 1,5 graduren helburuari eusteko eskatzeko protestan, gaur, CO27 biltzarra hartu duen Xarm el-Xeikh hirian (Egipto). SEDAT SUNA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 19a
18:45
Entzun

Amaitzear da COP27 klima aldaketari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen biltzarra, Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian. Ia 200 estatu parte hartzaileetako ordezkaritzak azken negoziazioetan murgilduta daude, eguna amaitu aurretik akordio bat lortu ahal izateko. Goi bilera atzo zen amaitzekoa, baina gaur arte luzatu dute, konpromiso bateratu bat adoste aldera. Elementu guztiak mahai gainean daude, eta horien artean badira bi korapilo nagusi: klima krisiak eragindako galeren eta kalteen ordainerako funts bat eratzea eta berotegi gasen isurien murrizketa azkartzea. Urrun egon dira estatu aberatsenen eta garabidean dauden herrialdeen arteko jarrerak gaur goizean, baina azken zirriborroan jarrerak hurbildu dira, eta akordio bat lortzea posiblea da oraindik. Wael Aboulmagd COP27ko presidentetzaren bozeramaileak esan duenez, «kontu txiki-txiki batzuk» adostea falta da akordioa lortzeko.

Ofizialki akordiorik iragarri ez bazen ere, zenbait ahotsek adierazi dute lortu dutela kalte ordainetarako funtsa eratzeko akordioa, eta eztabaida berotegi gasen isurien gainean dagoela azken unean. Hala adierazi du Wall Street Journal-ek, garabidean diren estatuetako zenbait ordezkari iturri gisa aipatuta. Informazio horien arabera, berotegi gasen isurien aferaz izan ziren akordiorako azken oztopoak.

Kalte ordainen funtsa sortzea da garabidean dauden herrialdeen lehentasuna COP27an. Orain arte egin diren halako biltzarretan, lehenengoz lortu dute estatu industrializatuenen erresistentzia gainditu eta puntu horren eztabaida gai zerrendan txertatzea. Argi utzi dute ez dutela onartuko halako funts baten eratzea jasoko ez duen testurik. G77 blokeak —garabidean dauden estatu ia guztiak biltzen ditu, Txina barne— aste honetan proposatu zuen funts horren oinarriak ezartzea 2023an Dubain egingo den COP28rako, eta argudiatu dute klima larrialdiaren erantzule nagusiek jarri beharko luketela dirua; hau da, herrialde aberatsenek.

EB Europako Batasuna halako funts bat sortzearen alde agertu zen atzo, nahiz eta egokiago ikusten zuen egun indarrean diren bestelako finantza baliabideak erabiltzea kalte ordainetarako, laguntza hori azkarrago emateko modua emango lukeela argudiatuta, funts bat eratzeak «urteak» beharko dituelako, Frans Timmermans EBko klima politiken arduradunaren esanetan. Timmermansek ohartarazi duenez, baina, EBk ez du onartuko funts hori garabidean diren herrialde guztientzako izatea, ez behintzat lehentasun berarekin. Batasuneko ordezkariaren iritziz, garabidean diren horien artean daude egun planetaren berotzean arduna esanguratsua duten herrialdeak eta funtsari ekarpena egiteko baliabidea nahikoa dutenak. Horien artean leudeke Txina, Errusia eta petrolio ekoizle handiak diren Saudi Arabia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak.

Herrialde garatuen eta garabidean daudenen arteko sailkapena 1992an jaso zuen Klima Aldaketari Buruzko NBEren Hitzarmenak. Oraindik ere bigarren multzoan dago Txina, nahiz eta, munduko ekonomietan bigarrena izateaz gain, atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea den egun. «[Funtsak] oinarri hartu behar du herrialdeen 2022ko egoera ekonomikoa, ez 1992koa», adierazi zuen atzo Timmermansek.

Azken zirriborroak jasotzen du funtsa «garabidean dauden herrialde guztiei» egongo dela irekia, baina EBrentzat garrantzitsua den xehetasun bat ere jasoko duela: «bereziki zaurgarriak diren herrialdeak» lehenestea. Ikusi beharko da horrek G77ko bloke osoaren onarpena lortzen duen ala ez.

Xie Zhenhua Txinak COP27an duen ordezkariak gaur arratsaldean The Guardian egunkariari adierazi dionez, Pekinek ez du funts horri ekarpena egiteko betebeharrik, garabidean den herrialdea den neurrian, baina nabarmendu du bere borondatez ari dela beste herrialde batzuk laguntzen Latinoamerikan, Afrikan eta beste eskualde batzuetan. «Funts bat eratzen bada, ardura herrialde garatuena izango da. Beraien erantzukizuna eta betebeharra da. Garabidean dauden herrialdeek ekarpena egin dezakete, beraien borondatez». Gaineratu du diru poltsa horren hartzaileak garabidean dauden estatuak izan behar dutela eta espero duela «gehien behar dutenak» izango direla laguntza hori jasotzen lehenak.

Zirriborroak «atsekabe sakona» adierazten du baita ere, herrialde aberatsenek ez dutelako bete Funts Berderako hitzemanda zuten urteko ehun milioi dolarreko ekarpena. Funts Berdearen helburua da garabidean dauden herrialdeetara dirua bideratzea horiek klima krisira egokitzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko behar duten laguntza jaso dezaten. Helburu hori «presaz» betetzera deitzen ditu zirriborroak.

Bestetik, berotegi gasen isuriak murrizteari dagokionez, EBk goizean salatu du akordio proposamena atzerapausoa zela, iaz, Glasgowko (Eskozia) COP26an hitzartutakoaren aldean. Glasgown erabaki zen estatuek isuriak murrizteko planak zehaztuko zituztela aurten, mende amaierarako 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko helburua egingarria izan zedin. Estatu gehienek ez dituzte plan horiek aurkeztu oraindik. Herrialde aberatsenek konpromiso zorrotzagoak eskatu dituzte eremu horretan.

Baina azken akordio proposamenak ez dio aipamenik egin energia fosil guztiak baztertzeari, eta mugatu da Glasgown hartu zen konpromisoa berrestera: ikatz energia alboratzea eta energia iturri fosil «ez eraginkorretara» zuzendutako diru laguntzak etetea.

Erregai fosil guztiak baztertzeko proposamena Indiak sustatu du —munduko bigarren ikatz kontsumitzaile handiena Txinaren atzetik—, baina hori onartezintzat jotzen ari dira Errusia eta Saudi Arabia, negoziazioen azken unera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.