Hezkuntza

Ikastolek hezkuntza euskalduna, integratzailea eta zentroen autonomia erreala bermatuko duena eskatu dute

Ikastolek azken hilabeteetan egindako eztabaidaren ondorioak aurkeztu dituzte Donostian. «Lege esparru berri bat» eskatu dute, ikastolen «indargune diren ezaugarriak mantentzeko eta zabaltzeko».

Ikastolen Elkartearen agerraldia, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 22a
11:30
Entzun

Euskal Herri luze-zabaleko 113 ikastolak. Agerraldi bat. Eta hiru eskaera: zehaztea zer baldintza bete behar dituzten ikastetxeek Hezkuntza Itunean eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuan ageri den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko; hezkuntza sistema «euskalduna, integratzailea eta ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena» bultzatzea; eta, horretarako, «orain arte egon diren esperientzia eta errealitate desberdinak batzea». Ikastolen Elkarteko ikastola guztietako ordezkariek prentsaurreko bat egin dute gaur goizean, Donostian, gaur egungo egoeraren eta hurrengo urteetako erronken berri emateko.

Atzera eginez hasi dira. Gogorarazi dute begi onez ikusi zituztela EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortu zuten hezkuntza akordioaren ideia batzuk: besteak beste, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza mailak zehaztea; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, hura definitzea eta parte izateko betekizunak zehaztea; eta segregazioari aurre egiteko neurriak jartzea.

Ordea, Ikastolen Elkartearen esanetan, bazituzten «kezka edo ardura» sortzen zieten beste hainbat puntu ere, hala nola Euskal Herria ez aipatzea, eskolatze batzordeak nola sortuko dituzten ez zehaztea, euskal curriculuma, hizkuntzen trataera ez zehaztea, eta 0-3 zikloaz egindako proposamena. «Azpimarratzen genuen hitzarmenak jasotzen zuen legeak zehaztapen handiagoa izan beharko zuela eta idazketa prozesuan gorabeherak egongo zirela». Eta Ikastolen Elkartearen irudiko, heldu da une hori: «Momentu gorabeheratsu horiek iritsi dira, baina ziur gaude orain arte erakutsitako jarrera eraikitzaileari eusteko gai bagara aukera dugula abagune historiko hau arrakastaz gauzatzeko».

Akordioaz geroztik, argitara atera dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa ere. Elkartearen esanetan, dokumentu hori irakurrita beren iritzia berretsi zuten; hau da, legearen zehaztapenetan «desadostasunak eta, ondorioz, gorabeherak» izango zituztela.

Bidean, Ikastolen Elkarteak eztabaida prozesu bat ere zabaldu du bere komunitatearekin, zirriborroaren nondik norakoak aztertzeko eta ikastolen premiak eta nahiak biltzeko. Gaur goizean, prozesu horren emaitza aurkeztu dute jendaurrean, zortzi puntutan banatuta.

Lehenik eta behin, uste dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak «Euskal Herriko hezkuntza sistema eraldatzen» lagundu behar duela. Nabarmendu dutenez, «euskal lurralde» osorako proiektu bakarra da ikastolena: «Administrazioek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen ditugu ikastolok gure jardunarekin». Eta lan horretan segitzeko ideia dute: «Euskal hezkuntzari egin diogun ekarpena egiten jarraitzeko asmoa dugu».

Ikusten dute, baina, aldaketen beharra dagoela. Hortaz, «publiko-pribatu dikotomia» gainditzea eta «Euskal Hezkuntza Zerbitzua ardaztuko duen sistema arautzea» nahi dute. Ikastolek «eredu herritar bat» defendatu dute: «Zerbitzu publikoa ardatz, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Eta erabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu».

Salatu dutenez, orain arte erakundeek ez diete eskaini «lege esparru egokirik», eta, ondorioz, «Espainiako eta Frantziako eskema dualean» sartu behar izan dute. Alabaina, Ikastolen Elkartea ez dago konforme: «Beste eredu bat izan nahi dugu, eta gogor egin dugu lan horretarako. Gaur egun, garaiak erabat aldatu diren arren, Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari eskaini nahi dizkiogu». Bereziki aipatu dute euskara dutela ardatz, euskal kulturaren transmisioan aritzen direla, euskal curriculuma lantzen dutela eta material propioa egiten dutela, besteak beste. Baina harago joan nahi dute: «Gure indargune diren ezaugarri hauek mantentzeko eta zabaltzeko, lege esparru berri bat aldarrikatzen dugu». Orain, legearekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aukera ikusten dute «esparru dual hori» apurtzeko, baita Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektuak bideratzeko ere. Dena den: «Argi adierazi nahi dugu ez dugula inolaz ere alde batera utziko Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa».

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioaren eta segregazioaren erronkei «herri moduan» erantzutera ere deitu dute: «Denok gara beharrezkoak; ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik». Gainera, gai horietan «handira» jokatzeko eskatu dute.

Orokorrean ere bide beretik egin dituzte eskaerak. Batasuna: «Euskal hezkuntza sistema berri, desberdin eta eraldatzaile batean sinisten badugu, batu gaitezen denok, hartu dezagun esperientzia desberdinetatik bakoitzaren onena». Eta zehaztasuna: «Uler dezagun legea euskal hezkuntza sistema propio baterako bidean egiteko urrats garrantzitsu moduan. Ezar diezaiogun zoru sendoa, zehaztasun handienarekin. Eta trantsizio horretan, bide horretan, ikastolok hor egongo gara, laguntzeko eta eztabaidatzeko prest, zintzo eta leial».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.