Aurrekontuak

Azpiazu: «Oposizioak ez du negoziatzeko asmorik izan»

Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak esan du aurten «alderdi bakar batek ere» ez duela izan aurrekontuak benetan negoziatzeko borondaterik.

Pedro Azpiazu 2023ko aurrekontu proiektua aurkezten. L. RICO / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 24a
11:56
Entzun

«Zoritxarrez, horrela dago politika», esan du Pedro Azpiazu sailburuak Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruko negoziazioak aztertzen hasi denean. Oposizioa ez du ikusi «benetan» negoziatzeko prest, «alderdi bakar bat ere ez». 2023ko aurrekontuak EAJk eta PSE-EEk osatzen duten legebiltzarreko gehiengoari esker aterako dira aurrera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek negoziazioak bukatutzat eman ondoren. Haiei ere ez zaie iruditu Azpiazuren taldeak «inolako borondaterik» izan duenik akordio bat lortzeko.

Badirudi PP-C's taldeak ere ez duela babesik emango. Azpiazuk berak onartu du hori, talde horrek erreforma fiskal baten gaia eskatu eta gero. «Fiskalitatean ez gara sartuko. Urtarrilean hausnarketarekin hasiko gara. Alderdi guztiek dakitebaldintza horren berri». Zergek EAJren marra gorria osatu dutela esan daiteke. EH Bilduk «eztabaidatzen hastea baizik» ez duela eskatu azaldu du asteon, eta gobernuarentzat erraza zela haien eskaera hori betetzea, baina Azpiazuk oso argi markatu du muga: fiskalitatearen txanda ez da orain.

Sailburuak gogorarazi du Jaurlaritzak gehiengo osoa duela aurrekontua aurrera ateratzeko, ez alferrik. «Hala ere, negoziazio horiek planteatu genituen uste genuelako laguntza gehigarriekin mezu positiboa emango zitzaiela herritarrei», azaldu du. «EH Bildu, 450 milioi euro planteatuta, lekuz kanpoko planteamendu bat egiten ari da», esan du. Aurtengo aurrekontua 2022koaren «antzekoa» dela esplikatu du, eta osasunaren eta hezkuntzaren arloko diru sailak «gehitu» egin dituztela. «Aurten bere diru sailak daude sartuta; adibidez, Osakidetzaren 30 milioi euro. Eta, hala ere, aurka bozkatuko dute».

Elkarrekin Podemosi dagokionez, Azpiazuk uste du ez zegoela negoziatzeko prest: «Ideologiak errealitatearekin bat egin behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.