Albistea entzun

Hezkuntza Legea

EH Bilduk eta LABek «konfluentzia» nahi dute, ikastolen eta sare publikoaren «onena» jasota

Aitortza egin diete sare publikoari nahiz ikastolei. Grebak aipatuta, esan dute bat egiten dutela langileen eskaerekin.

EH Bilduren eta LABen agerraldia, gaur goizean, Donostian
EH Bilduren eta LABen agerraldia, gaur goizean, Donostian Andoni Canellada / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko azaroak 29 14:22

Urak harrotuta daude hezkuntza munduan, eta, horiek pixka bat baretzeko asmoz, bilera egin dute gaur goizean EH Bilduk eta LAB sindikatuak. Eta lortu dituzte adostasunak. Besteak beste, finkatu dute «konfluentziak» izan behar duela bidea: «Gure ustez, orube berri bat jarri behar da, hezkuntza tradizio desberdinen, bai ikastolen, bai eskola publikoaren onena jasoz. Konfluentzia da bidea, sare publiko, bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza sistema propioa eraikitzen hastea». Bileraren ostean, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eman dituzte agiri adostuaren xehetasunak, Donostian, Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendaria eta Irati Tobar LABen irakaskuntza idazkaria ondoan zituztela.

Interpretazio bateratua eginez hasi dira. Haien hitzetan, hezkuntzak «eraldaketa sakona» behar du, eta, alde horretatik, iruditzen zaie apirilean Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetu zuten hezkuntza akordioa «ona» dela, «euskal hezkuntza sistema propiorako trantsizioa egiteko baliagarria den heinean». Halaber, aukeratzat daukate egun hezkuntzan duten tenorea, eta ziurtatu dute beren esku dagoen guztia egingo dutela «euskal hezkuntzaren aro berri bat» ireki dadin: «Hurrengo hilabeteetako erronka izango da lege on bat onartzea eta hezkuntza akordioaren garapen on bat egitea». Izan ere, abiapuntua egokia begitandu arren, arriskuak ere ikusten dituzte: «Arrisku behinena litzateke egungo sistema duala betikotzea». Beren buruaren gain jarri dute arriskuak neutralizatzen saiatzeko ardura, eta lanerako prest agertu dira: «Asko dago jokoan eta ezker independentistak bere onena emango du herri honen eraikuntzarako lehen mailako garrantzia duen erronka honetan».

Ituna «ona» iruditu bazaie ere, bestelako iritzia dute Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroaz: «Aurkeztu den proposamenean atzerapausoa ikusi dugu hainbat funtsezko alorretan». Gainera, «kezkatuta» bizi dute hezkuntza komunitatean nahiz gizartean «giroa nahasten eta polarizatzen» joan izana. Horren aurrean, indarrak batzera deitu dute: «Uste dugu Euskal Herria bezalako herri zapaldu batean gai izan behar dugula hezkuntza sistema publiko burujabearen norabidean akordioak erdiesteko eta urratsak egiteko».

Orain, «konfluentziarako» garaia dela uste dute, eskola publikoaren nahiz ikastolen «onena» jasotzekoa. Eta batzuek zein besteek gaur egunera arte egindako lana goraipatu dute. Batetik, sare publikoko komunitatearena: «Aitortza zor zaio eskola publikoaren komunitateari administrazioaren inbertsiorik ezaren ondoriozko baldintza kaskarretan herrigintzan egindako lanagatik, euskara zabaltzeko egindako ahaleginagatik eta klase eta jatorriagatiko segregazioa —gizarte gisa dugun arazorik handienetakoa— eztabaida publikoaren erdigunean jartzeagatik». Bestetik, ikastolena: «Aitortza zor zaie ikastolei ere kultur transmisioan eta euskararen irakaskuntzan administrazio publikoa egiteko gai zain ez denari eutsi diotelako. Ikastolen sistema gai izan da nazio ikuspegia bere hezkuntza jardunean bermatzeko».

Orain arte egindakoak alde batera uzteke, heldu diete epe laburrean hezkuntzan dagoen gaietako bati ere: ELAk, LABek eta Steilasek biharko eta abenduaren 14rako sare publikoan deituta dituzten grebei. Bat egin dute eskaerekin: «Hezkuntza sistemako langileak bakoitza bere eskolan, ikastolan edo ikastetxean mobilizatzen ari dira, eta datozen egunetan eremu publikoan grebara deituta daude. Bat egiten dugu langileen eskaerekin».

EH Bilduk eta LABek etorkizuneko bidea ere markatu dute: «Hezkuntza akordioak abiatu behar duen trantsizioaren lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar du, ikastolen antolaketa eredu komunitarioa oinarri hartuz. Ekarri behar du aukera berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea, eta, horretarako, eskola publikoak ardatza izan behar du. Eta ekarri behar du baita ere jauzi bat euskalduntzean, laikotasunean, inklusioan eta eraldaketa pedagogikoan». Gainera, uste dute momentua dela titulartasun partekatuekin esperimentatzeko, «tokikotasunean oinarrituz eta udalen parte hartzearen bidez».

Euskal Herri osoko begirada

Orain ontzen ari diren Hezkuntza Legea Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako baino ez bada ere, biek ala biek Euskal Herri osoari erreparatu diote: «Nazio ikuspegiz jokatu behar dugu, gaur hiru herrialdetan egiten diren urratsak eraikuntza nazionalaren parte izan daitezen eta gaur posible ez diren urratsak bihar posible izan daitezen». Hori horrela, uste dute garaia dela burujabetza politikoa aldarrikatzeko: «Euskal Herriak trantsizio honetan bidea egiteko konpetentzia esklusiboak behar ditu hezkuntzan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.