Erregaien prezioaren gorakada

Urtebete geroago beherantz, baina oraindik goian

Urtebete igaro da erregaien prezioak garestitzen hasi zirenetik. 2022an goia jo dute gasolinak eta gasolioak, baita urte amaieran apalduz joan ere. Depositua betetzea duela urtebete baino 14 (E-95) eta 36 (A gasolioa) euro garestiagoa da

Zerbitzugune bateko erregaiaren prezioa. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 29a
16:38
Entzun

2021eko abendua. Duela urtebete hasi ziren gasolinaren eta gasolioaren prezioak goraka, eta joera horri eutsi diote urtearen lehen erdian behintzat. Jendeak lehen ere gasolindegietako afixei erreparatzen bazien, orain ohitura bihurtu da errepidean joan ahala zenbakiei begiratu bat egitea. Energia krisian, ukitu gabeko azken kateetako bat zen petrolioa, baina hari ere iritsi zitzaion garestitzen hasteko ordua. Eta Ukrainako inbasioak are gehiago hanpatu zuen gorakada hura. Egun gutxiren buruan heldu zen Brent upela ehun euroren markara —baita hura gogoz gainditu ere—. Igaro dira hilabeteak, petrolioaren prezioek beherantz egin dute, eta afixetan ere nabaritu da hori. Bai, iaz baino gehiago ordaindu behar da bai gasolina, bai gasolioa.

Baina atzean geratu dira urtearen erdialdeko muturreko salneurriak. Ekainean jo zuen goia batez besteko erregaien prezioak Euskal Herrian, eta bi euroren langa pasatu. Aurretik, apirilean ezarri zituzten Espainiako eta Frantziako gobernuek beherapenak —20 eta hemezortzi zentimokoak, hurrenez hurren—. Hala, bi hilabeteren buruan, garestitzeak deskontuak jan zituen —laguntzen atarian baino hogei zentimo garestiago saltzen zen gasolina Hegoaldean, eta 26 zentimo garestiago Iparraldean—.

Beheranzko joera izan zuten prezioek ordutik, eta, batez beste, minimora irailean iritsi ziren: batetik, 1,73 euro 95eko ezantzaren kasuan, eta, bestetik, 2,05 euro A gasolioarenean. Apur bat gora ere egin dute urri-azaroetan.

Abenduaren atarian, horrela dira erregaien salneurriak Euskal Herrian, batez beste: 95eko gasolina litroa, 1,79 euroan; A gasolioaren litroa, 1,93 euroan.

Betea, garestiago

Egungo salneurrietan, auto baten depositua duela urtebete baino garestiagoa da, nola ez. 55 litroko depositua aintzat hartuta: 95eko gasolinarekin betetzea iaz baino 14 euro gehiago kostatzen da (iaz 84, eta aurten 98 inguru). Litroa 25 zentimo garestitu da urtebetean.

Hego Euskal Herriko prezioak eragin du garestitze horren balaztan. 1,8 euroan saltzen da bertan, iragan urtean baino 27 zentimo garestiago. Ipar Euskal Herrian, berriz, doitze aldera egin dute afixek. Urtebeteko igoera sei zentimokoa izan da (1,70 balio du 95eko gasolinaren litroak).

A motako gasolioak ere izan ditu bere gorabeherak, eta, urtea amaitzear dela, behean baino, goian egonkortu dira haren prezioak. Gasolina baino merkeagoa zen; ez, ordea, egun. Depositua betetzeak gehiago husten ditu patrikak: iaz baino 36 euro gehiago balio du beteak (iaz 77, eta aurten 106). Izan ere, ia bi euro balio du gasolio litroak Euskal Herrian: zehazki, 1,93. Zentimo bat garestiagoa da Hegoaldean, eta Iparraldean merkeagoa da. Ez gasolina bezainbeste: 1,85 balio du gasolio litroak. Horiek horrela, urtebeteko igoera 55 zentimokoa da Hegoaldean, eta 27koa Iparraldean.

Prezio horien gainean, oraindik ere Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarritako hobariak aplikatu behar dira. Hegoaldean 20 zentimokoa da, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, hamarrekoa —apiriletik abuztura bitartean, hemezortzikoa izan zen; irailean eta urrian, 30ekoa; azaroaz geroztik, hamarrekoa da—. Urte amaieran amaituko dira erregaien prezioen gaineko beherapenak, gobernuek horiek luzatzeko erabakia hartu ezean.

Beste muga bat Errusiari

Petrolioaren drama ez da amaitu: Europako Batasunak eta G7ko herrialdeek beste zigor bat ezarri nahi diote Errusiari. Ezustekorik ezean, abenduaren 5ean Europako Batasunak Errusiako petrolioa inportatzeari utziko dio. Gainera, gehienezko prezio bat ere jarri nahi dio Errusiaren urre beltzari. 65 eta 70 dolar artekoa litzateke muga —egungo salneurrietatik gertu da, baita petrolioa ekoizteko kostuen gainetik ere—. Izan ere, EBk eta G7koek ez dute nahi petrolioaren merkatua gehiegi aztoratu, Vladimir Putinen poltsikoak gehiegi ez betetzeko, baina petrolioak zirkulatzen jarraituko duela bermatzeko adinako da muga hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.