Albistea entzun

Mosku itotzeko muga

EBk eta G7ko taldeak eragotzi nahi dute inork Errusiako petrolioaren truke 70 dolar baino gehiago ordaintzea. Errusia gai izan da bere ekoizpenari eusteko
Liberiako banderako petroliontzi bat, Gdanskeko portuan, artxiboko irudi batean.
Liberiako banderako petroliontzi bat, Gdanskeko portuan, artxiboko irudi batean. ADAM WARZAWA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko azaroak 24

Errusiaren aurkako zigorretan beste urrats bat egiteko azken prestaketak egiten ari da Europako Batasuna. Salbuespenak salbuespen, abenduaren 5ean utziko dio Errusiatik petrolioa inportatzeari, eta, egun horretatik aurrera, gehienezko prezio bat jarri nahi dio Errusiako petrolioari, beste herrialdeen erosketak bere eginahala alferrikakoa egin ez dezaten. G7koaren taldearekin batera landutako neurri horrekin bi helburu lortu nahi ditu: petrolio garestiak Vladimir Putinen patrikak gehiegi ez betetzea, eta, aldi berean, petrolioak zirkulatzen jarraitzea, haren eskasiak prezioak igoko lituzkeelako.

Ikusi gehiago: Bruselaren gasaren muga, «adar jotze» bat

Europako Batasuneko ordezkariek bilera luzea egin zuten atzo Errusiako petrolioaren gehienezko muga zein izango zen eztabaidatzeko. Bloomberg-ek aurreratu zuenez, 65 eta 70 dolar arteko muga ari ziren aztertzen. Herrialde batzuren ustez muga eskuzabalegia da hori, Errusiaren ekoizpen kostutik gora dagoelako eta, praktikan, Moskuk antzeko prezioan saltzen duelako orain; Mendebaldeko konpainiek hura gutxiago erostearen ondorioz, deskontuak eskaini behar ditu erosleak limurtzeko.

Muga bat zein bestea izan, ez dio EBri berari zuzenean eragingo. Izan ere, abenduaren 5etik aurrera bere kide gehienek debekatuta izango dute Errusiako petrolio gordina erostea. Bigarren epe batean, otsailaren 5ean, debekatuko dute gasolioaren, gasolinaren eta beste petrolio eratorrien inportazioa. Aldi baterako salbuespen batzuk izango dira, Errusiatik doan petroliobide batetik hornitzen direnen itsasorik gabeko herrialdeentzat —Hungaria, Txekiar Errepublika eta Eslovakia—, edo, itsasoa izan arren, mendekotasun handia dutenentzat —Bulgaria eta Kroazia—.

Petrolio prezioaren muga Mendebaldeko aliantzako kide ez diren herrialdeei begira hartutako neurri bat da. Haietako batzuek, Indiak eta Txinak esaterako, inbasioaren aurretik baino petrolio gehiago inportatzen dute Errusiatik. Operazio horiek zailtzeko, EBk eta G7koek debekatu egingo du beren kideetako bandera duten ontziek garraiatzea 65-70 dolar baino garestiago diren petrolio upelak, eta haien aseguru konpainiek prezio horretatik gorako kargamentuak bermatzea.

Errusiako petrolioari gehienezko muga bat jartzea herrialde hori ekonomikoki itotzeko beste bide bat da. Orain arteko neurriak —nagusiki, erregaiak eta elikagaiak ez diren beste salgai gehienen merkataritza debekatzea— kostata baina hasi dira eragina izaten Errusiaren ekonomian. Barne produktu gordina %3,5 da jaistekoa da aurten, Errusiako Banku Zentralaren arabera, eta atzeraldiak jarraitu egingo du hurrengo urtean.

Gerra hasi zenean, kolpea handiagoa izango zela iragarri zuten nazioarteko erakundeek, baina hidrokarburo garestiekin konpentsatu ahal izan du Putinen gobernuak beste leku batzuetatik jaso ez duena.

Egia da, hala ere, bezero berrien peskisan, bere petrolioa merkatuko prezioen azpitik saldu behar izan duela Errusiak, baina ez zaizkio erosleak falta izan: India, Txina, Ekialde Erdiko findegiak...

Horiei esker, lortu du bere ekoizpenari eustea: azaroaren lehen erdian 10,85 milioi upel ekoitzi ahal izan ditu egunean, gerraren aurretik egiten zuena baino 200.000 upel gutxiago besterik ez (-%2). Horretan ere huts egin dute iragarleek: martxoan, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak ziurtatu zuen Errusiaren ekoizpena %25 jaitsiko zela aurten.

Horrek ez du halabeharrez esan nahi Errusiak luzaroan eutsi ahal izango diola ekoizpen maila horri, Mendebaldeko teknologia erabiltzen duelako erregai fosilen industrian, eta hondatutako makinak konpontzeko arazoak izan ditzakeelako.

Bahimenduei izkin egin

Beste kontu bat da zigorren ondorioz lortuko ahal duen esportazioei eustea. Ezetz dio Vitol energia artekaritza enpresa nagusiko buruak, Russell Hardyk. Financial Times egunkariari esan dionez, neguan milioi bateraino murriztuko dira esportazioak.

Ikusteko dago debekuak zein eragin erreal izango duen. Izan ere, beste herrialde batzuetako petrolio esportazioei eragindako bahimenduek —Venezuelari eta Irani, esaterako— zuloz beteta egon dira, posible delako petrolioa ontzi batetik bestera mugitzea, eta jatorri desberdinetako petrolioa nahasteak kontrolatzaileak engaina dizakeelako.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pentsiodunen protesta bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©Villar Lopez / EFe

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilean, Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa urte amaierakoa baino handiagoa izango da.  Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da urtarrilaren 1ean.

Berrehun grebalariz osaturiko pikete bat elkartu zen atzo goizean Tubos Reunidosek Trapagaranen duen lantegiaren aurrean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Itsasoa bare dago, oraingoz

Imanol Magro Eizmendi

Lasaitasuna izan da nagusi Bizkaiko metalgintzak aste osorako deituriko grebaren lehen egunean. CCOOren, LABen eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du, eta jendetza handia bildu da Portugaleteko manifestazioan. Ez dago FVEMekin biltzeko beste hitzordurik.

<b>Trapagarango Amazoneko langileak greban, atzo, biltegiaren sarreran.</b> ©MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ©ELA SINDIKATUA

ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Joxerra Senar

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.