Txirrindularitza

Davide Rebellin hil da, kamioi batek harrapatuta

Txapeldunorde izan zen 2004ko Munduko Txapelketan. Donostiako Klasikoa irabazi zuen 1997an. Urrian utzi zion profesionalki lehiatzeari, 30 urteren ondoren. 51 urte zituen.

Rebellin CCC taldearekin lehiatu zen 2013 eta 2016 urteak bitartean. BERRIA
jon ordonez garmendia
2022ko azaroaren 30a
16:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Davide Rebellin txirrindulari ohia errepideko istripu batean hil da. Montebello Vicentino herrian izan da ezbeharra, Italian. Kamioi batek harrapatu du Rebellin. 51 urte zituen. La Gazzetta dello Sport kirol egunkariak gaineratu du kamioia ez dela istripuaz ohartu, eta aurrera jarraitu duela.

«Jota nago albiste hau entzun ondoren», adierazi du Vincenzo Nibalik, Rebellinen Italiako selekzioko taldekide izandakoak. Rebellin txapeldunorde izan zen 2004ko Munduko Txirrindularitza Txapelketan, eta 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi zuen errepideko proban. Domina hori, ordea, itzuli egin behar izan zuen, eritropoietinan positibo eman zuela eta. Padovako Auzitegiak gero absolbitu egin zuen epaiketan.

Rebellin, 2008an, Pekingo Olinpiar Jokoetan irabazi zuen zilarrezko dominarekin; positibo eman ondoren, itzuli egin behar izan zuenGERO BRELOER / EFE

1992an egin zuen jauzi profesionaletara, eta 30 urtez aritu zen lehian. Italiako Giroan etapa garaipen bat lortu zuen 1996an, eta urte horretan seigarren amaitu zuen Giroa, eta zazpigarren Espainiako Vuelta. Haren espezialitatea, ordea, klasikoak ziren. 1997an Donostiako Klasikoa irabazi zuen, eta beste hiru urtetan hirugarren izan zen. Euskal Herriko Itzuliko bi etapa ere irabazi zituen, 2001ean, eta 2005ean bigarren amaitu zuen Itzulia.

Fleche Wallone hiru aldiz irabazi zuen, 2004, 2007 eta 2009an. Paris-Niza irabazi zuen 2003an, eta Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja ere behin, biak ere 2004an. Urte horretan bigarren amaitu zuen Munduko Kopan. 2017an kontratua berritu zuen, eta aurtengo urrian korritu zuen azken aldiz, Work Service taldearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.