Hezkuntza Legea

Jaurlaritzak esan du irakasleen %33,1ek bat egin dutela hezkuntzako grebarekin

Atzo greba egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. Haien arabera, parte hartzea %60koa izan zen.

Hezkuntza Legearen aurkako manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abenduaren 1a
13:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka, bi greba deialdi egin zituzten sare publikorako ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Atzo egin zuten horietako lehenengoa, eta abenduaren 14rako daukate jarrita bigarrena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzoko grebaren parte hartzearen datuak eman ditu, ikastetxe guztien datuak jaso ostean: «Irakasleen %33,1ek egin zuten atzo bat greba eskubidearekin». Sindikatuek ziurtatu zuten parte hartzea handiagoa izan zela: haien esanetan, langileen %60k bat egin zuten.

Grebari babesa adierazi ziotenek hamar aldarrikapen zabaltzeko erabili zituzten goizean Bilbon eta arratsaldean Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten manifestazioak: Hezkuntza Legeak publikoa izatea «ardatz»; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio esparru eta araudi orokorra eta adostutakoa ezartzea; legea «propioa» izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa jasotzea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak ezartzea; hezkuntza sistemako langile guztien lana eta «lan baldintza egokiak» bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta lege parte hartzailea izatea, langileak aintzat hartuko dituena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hizpide izan zuen greba deialdia. Haren ustez, greba eguna hezkuntzarako «egun tristea» izan zen, «mugatu» egin zuelako ikasleek hezkuntza garatu ahal izateko eskubidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.