Gipuzkoako errepideen kudeaketa

EAJ eta PSE-EEk ELAri esan diote Aritzetako isurketen auzia epaitegietan argitu behar dela

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin du ELAk, eta Eusko Abertzaleak eta Eusko Sozialistak taldeek «akusazio larriak» egitea egotzi diote.

Greban dauden errepideetako langileak gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian. BERRIA
jone arruabarrena
2022ko abenduaren 1a
13:42
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur egin duen agerraldi batean, ELAk salatu du Gipuzkoako autobideak kudeatzen dituen Bidegi enpresa publikoak azpikontratatutako enpresek ez dituztela betetzen kontratuaren baldintzak, eta langileen lan baldintzei eta naturari kalte egiten dietela. Horrekin batera, Bidegiri egotzi dio azpikontratetan ezkutatzen dela, eta irregulartasun horiek argitzeko «ikerketa sakon bat» eskatu du. Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdi guztietako ordezkarien aurrean egin ditu sindikatuak adierazpen horiek, eta, besteak beste, Eusko Abertzaleak eta Eusko Sozialistak taldeek sindikatuari esan diote «akusazio larri horiek frogatzen dituzten elementuak» baditu auzitara jotzeko.

Hain zuzen, BERRIAk gaur argitaratu duen informazioa helarazi diete sindikatuek Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten taldeei: urte luzez Gipuzkoako autobideetan batutako hondakinak Usurbilgo Aritzeta (Gipuzkoa) eremuan, AP-8 autobidearen bazterreko mendialde batean, legez kanpo botatzen aritu direla aldundiak azpikontratatutako zenbait enpresa. Horrez gain, ELA sindikatuak adierazi du enpresa horietan lanean ari diren beharginen lan baldintzak ez direla errespetatzen. Eta, hain zuzen, greban dira beharginak azken zazpi hilabeteotan, hori salatzeko.

EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoa alderdiek eskatuta, Batzar Nagusien Donostiako egoitzan egin du agerraldia sindikatuak, eta haren aurrean izan dira goizean goizetik greban dauden errepideetako langileak ere, beren egoera salatzeko. Kanpoaldean beharginen oihuak entzuten zirela hasi dute bilera.

Kontratuak haustea

Sindikatuak egoera azaldu ostean, hitza hartu du Elkarrekin Gipuzkoako Arantza Gonzalez batzarkideak, eta Igor San Jose ELAko ordezkariari galdetu dio ea Bidegik kontratuko pleguak aldatu dituen—besteak beste, plegu horietan zehazten da beharginek lehen mailako ofizialen ikuskaritzapean lan egin behar dutela, eta, kontratuan maila horretako hamaika profesional egon behar direla zehazten den arren, sindikatuak salatu du bi bakarrik daudela—. San Josek azaldu duenez, ELAk ez dauka kontratu horiek aldatu izanaren berri, baina adierazi du, profesionalen mailari buruz galdetzean, Bidegik adierazi duela «Aldundiaren baimena» daukatela modu horretan jarduteko. Gonzalezek, horrez gain, azaldu du Bidegiko administrazio kontseiluari azalpenak eskatu dizkiotela pleguetako baldintzak betetzen ez dituztelako, baina ez dutela erantzunik jaso.

Jorge Martin Euskal Sozialistetako ordezkariak, berriz, adierazi du «zalantzan» jartzen duela aldundiak irregulartasun horien berri eduki izana. Horrez gain, gehitu du «epaitegietan konpondu beharreko auzia» dela, eta ez arlo legegilean: «Erratu egin zarete, Biltzar Nagusiek ezin dute auzi honetan esku hartu». Eusko Abertzaleak taldeko Eric Galvez ere bat etorri da: «Esaten ari zaretena frogatzeko gai bazarete, joan auzitegietara. Guk hemen egin dezakegun bakarra entzutea eta adorea ematea da». Horrez gain, azpimarratu du ELAk egin dituen akusazioak «oso larriak» direla: «Diru publikotik etekina ateratzeko antolatuta dagoen talde kriminal batez ari gara, modu zorrotzean bete behar diren pleguak betetzen ez dabilen talde batez».

San Josek, ordea, adierazi du Aritzetako zerbitzugunean hondakinak modu ilegalean isurtzen dituztela erakusten duten argazki eta bideoak aldundiaren esku utzi dituela, eta gehitu du «denon artean» konpondu beharreko auzia dela: «Gertatzen ari dena aldundiko erantzuleei helarazi behar diegu, eta horretarako gaude hemen. Biltzarkideak zareten heinean, zuek ere badaukazue erantzukizuna auzi honetan esku hartzeko». Esan du ezin dela «baloia langileen eta sindikatuaren teilatura» bota, «prekarizatuenak» baitira. Horrez gain, biltzarkideak gonbidatu ditu Aritzetan hondakinak isuri diren eremua bisitatzera.

Azpikontratatutako enpresen auzia

Lan publikoetarako enpresa pribatuak azpikontratatzeko zilegitasuna izan da beste eztabaida puntu garrantzitsu bat. Galvezek adierazi du legeak «baimendu» egiten duela gisa horretako lanetarako beste enpresa batzuk azpikontratatzea. Horrez gain, gehitu du ez dela ohikoena prozedura horri jarraitzea: «Errepideen arloan, azpikontratatutako enpresak %23 dira».

Elkarrekin Gipuzkoako Gonzalezek, ordea, adierazi du ez duela «derrigortzen», baimendu arren: «Beharrezkoa bada enpresa horiek kontratatzea, legeak dio justifikatu egin behar dela zertarako egiten den kontratazio hori. Gure taldeak aspaldi proposatu du kontratazio horiek kontrolatzeko behatoki bat sortzea». ELAko San Josek, berriz, esan du azpikontratazioak «lan puntualetarako» bakarrik egin beharko liratekeela, ez «modu iraunkorrean».

Bitartekaritzarik ez

ELAk, bestalde, Preco Gatazkak konpontzeko prozedurara jo duela ere azaldu du, baina, adierazi duenez, Bidegik ukatu egin du bitartekaritza prozesu bat hastea. Gonzalez «harrituta» agertu da enpresaren erabakiaren inguruan, eta esan du Bidegiri galdetuko diola bere taldeak erabaki horren inguruan. EH Bilduko Oskar Bordesek, berriz, galdetu du «ze aukera» dauden, beraz, Preco prozeduraren bidez gatazka hori konpontzeko.

Zazpi hilabetez greban

Errepideetako langileek gaur bete dituzte zazpi hilabete greban, eta Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean salatu dute baldintzak «etengabe» urratzen zaizkiela. «Zazpi hilabete daramagu greban, eta inork ez digu kasurik egiten. Zarauzko bidesarian egunero egiten dugu protesta. Gure egoera jasanezina da; inork ez du erantzukizunik hartzen zerbait gertatzen zaigunean; gure gain jausten da erantzukizun guztia», adierazi dio BERRIAri Aitor Yarza azpikontratatutako enpresa bateko langileak.

Errepideko zerbitzuen arteko «koordinazio falta» ere salatu du, eta adibidetzat jarri du Gipuzkoako tuneletan askotan gertatzen dena: «Guk, adibidez, tunel batean egiten dugu lana; lerro mantsoan bidea mozten digute guk lana barruan egiteko, eta bat-batean baimena ematen diote lerro mantsoan bakarrik ibili daitekeen kamioi bati tunel barrutik pasatzeko. Orduan, kamioia pasatzen da, eta gu barruan gaude lanean... eta ez da gure segurtasuna bermatzen».

Horrez gain, langileen segurtasunaren erantzukizuna inork hartzen ez duela adierazi du: «Gure enpresari horrelako egoerak helarazten dizkiogunean, errua Bidelani edo Eusko Jaurlaritzari botatzen diote, eta beraiek gure enpresari».

Langileen ratioetan ere hutsuneak daudela diote langileek eta sindikatuak: administrazio kontratu horiek zehazten dituzten gutxieneko langile txandak betetzen direla diote baldintza agiriek, baina egiatan paperean baino langile gutxiago ari direla. Gainera, kontratuan ezartzen diren lanekin «zerikusirik ez duten beste lan batzuk egitera» behartzen dituztela ere azaldu dute, eta, horrez gain, «gaixoaldiak eta oporrak» ere ez direla betetzen: «Bidelanek kontratatutako enpresa batean egiten dugu lan, eta Bidelaneko langileek baino ordu gehiago egiten ditugu: asteburuetan arazoren bat badago, guri deitzen digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.