Energia

Gura baino gutxiago

Hamasei zentral hidroelektriko daude Bizkaian: handi bat eta hamabost txiki. Kontsumoaren %1 sortzen dute. Ibaien emari txikiagatik, energia ekoizpen hidraulikoak ez du hazteko aukera handirik. Jabeek laguntza eskatu dute.

Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2022ko abenduaren 2a
12:16
Entzun

Azken asteetako euriari esker, Bizkaiko ibai eta errekek emaria lehengoratzea lortu dute. Sikateagatik ur-hornidura arazoak izan dituzten eskualdeetan igarri dute, inguruetako ekosistemek eskertu dute, eta herrialde historikoan dauden zentral hidroelektriko txikiak argindarra gaitasun osoan sortzen dabiltza berriro ere. “Azken bizpahiru hilabeteetan geldi egon gara”, kontatu du Kerman Egiluzek. Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoaren jabe den Minicentrales Argi enpresakoa da; Bizkaian bost zentral txiki dituzte. EEE Energiaren Euskal Erakundearen arabera, hamasei zentral hidroelektriko daude herrialde historikoan sakabanatuta.

Bizkaiko argindar ekoizpenean duten pisua txikia da: kontsumitzen den energiaren %1 baino ez dute sortzen. Herrialdean dagoen zentral handi bakarra Iberdrolak Barazarren daukana da: 1947an Bizkaiko Labe Garaiek eraiki zuten, fabrikarako argindarra sortzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Energetiko Saileko irakasle Igor Peñalvaren esanetan, gainontzekoak txikiak dira. «Ekarpen guztiak ondo etorriak dira, batez ere berriztagarriak badira, baina hidroelektrikoa ez da energia krisiak behar duen konponbidea». Gehiago sortzeko aukera handirik ez dago. Zentral hidroelektrikoetan argindarra sortzeko, bi elementu behar dira: ur emaria eta jauzia. Orografiari esker, Bizkaiko erreketan jauzia badago, Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintza arduradun Iñaki Arrateren arabera; Peñalvak uste du ekoizpenak «behar bestekoa» izateko jauziak ere handiagoak izan beharko liratekeela. Edozelan ere, emaria ez da oso handia izaten, oro har ibai txikiak baitira. «Artibairen edo Learen emaria eta Ebrorena ezin dira alderatu», nabarmendu du Arratek.

Gaur egun txiki hauetako gehienak udalen esku daudela azaldu du Peñalvak, baina, batez ere, garai bateko industriaren beharrei erantzuteko sortu ziren, enpresek bultzatuta. Berbarako, Errotazarkoa errota izan zen lehenengo, eta 1910ean lortu zuen argindarra sortzeko baimena. «Durangoko enpresa batek ustiatu zuen 1970eko hamarkadara arte: enpresak hondoa jo zuen, eta bertan behera geratu zen. Antzeko zerbait gertatu zen beste hainbat zentral txikirekin. 1980ko hamarkadan Espainiako Gobernuak energia berriztagarrien aprobetxamendurako lege bat onartu zuen, eta laguntzak egon ziren halako zentralak berreskuratzeko. Orduan zaharberritu ziren eta ipini ziren martxan asko», kontatu du Egiluzek.

Dimako zentralak Industria Ondare izendapena du. Jatorrizko instalazioak erabilgarri ditu: besteak beste, 1924ko Boistch markako turbina biak. 280 metroko jauziari esker, 300 kilowatteko potentzia sortzen dute bien artean. Eraikina eskualdeko beste batzuen antzekoa da, bi solairukoa: goikoa bizileku moduan erabiltzeko, eta behekoa, makinen eta transformadoreen geletarako.

Argindar hori Iberdrolari saltzen diote. Egiluzen arabera, «inguruan bertan» kontsumitzen da: «Indusi auzoan eta Diman». Jose Luis Unamunok ere argindar konpainiari saltzen zion Arratzuko Uarkako zentralean sortutakoa. Orain zarratuta dauka. Uraren Euskal Agentziarekin izandako arazoak tarteko, jubilatu denean energia hidroelektrikoa ekoizteari utzi, eta eguzki planak ipini ditu: handik kontsumitzen du berak ere, eta soberakina Iberdrolaren sare nagusira sartzen du.

Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoa

Erakundeen parte hartzea

1932ko zentral txiki bat da Arratzukoa, Gandarias-Urkijo familiarena. Unamunoren aitita ibili zen muntatzen; lan istripuz hil zen. Ondoren, Unamunoren osabak hasi ziren beharrean. Zentrala zarratu zuten, eta, hainbat urte itxita egon ondoren, Unamunok erosi zuen. 30 bat urtez izan du martxan. Kontatu du Arratzuko Udalak interesa agertu duela: bideragarri izan daitekeen begiratzen ibili da. «Uraren jauzia ona da. 60ko eta 30eko zaldi potentzia dute turbinek. Neguan, batera erabiltzen ditut biak. 40-45 kilowatt eman ditzakete etengabe. Hogei bat etxetarako beste? Uarkako auzoa osorik ondo hornitzeko beste sortzen da hemen: urtean 85.000 eta 100.000 kilowatt artean». Herrian argindarra bermatzeko aukera bat izan daitekeela uste du; kooperatiba bat sortuta, berbarako. «Teknologia hau eolikoarekin edo fotovoltaikoarekin uztartzen baduzu, ekoizpena handitzea lortuko duzu, bai, baina berriztagarriekin bakarrik ezinezkoa da arazoa konpontzea», ohartarazi du Peñalvak.

Ekoizpen hidraulikoa errentagarria izateko, argindarraren prezioa da gakoa. Gutxienez megawatt-ordu bakoitza ehun euroan ordaintzea beharko lukete, zentrala bideragarria izateko. «Azken urteetan gorabehera askogaz gabiltza. Orain, esaterako, oso altu dago, baina pandemia urteetan hondoa jota egon da prezioa, eta orduan ez zen errentagarria. Halako zentral batek mantenu kostu handiak ditu, eta, prezio batetik behera ordaintzen bada, ez da bideragarria», esan du Egiluzek. Azaldu du Madrilen ipintzen dela argindarraren prezioa, eta horrek enpresa handiei egiten diela mesede. Horregatik, uste du erakunde publikoek zentral hidroelektriko txikiei laguntzeko zerbait egin beharko luketela.

Gogoratu du 1980ko hamarkadan energia berriztagarrien aprobetxamendurako lege hura onartu zenean argindar konpainia handiek ez zutela halako zentralekiko batere interesik agertu: «Esaten zuten Frantziatik energia nuklearra merke baino merkeago ekar zezaketela. Bai, baina hauek hemen daude, eginda daude, erabiltzeko moduan daude; aprobetxa ditzagun, ez? Batez ere orain, energiarekin dugun arazoa izanda». Lege hark prima batzuk jasotzen zituela esan du, eta orain ere lege aldetik moduren bat topa daitekeela zentral hauei laguntzeko.

Egiluzen esanetan, 1970eko hamarkadan zarratu ziren gehienak zabaldu ziren 1980ko hamarkadan. EEEk Bizkaiko Hitza-ri esan dionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan energia iturri hau gehiago garatzeko aukera «txikia» da. Uraren Agentziako Arrate ere ados dago: «Halako zentral bat martxan jartzeko egin behar diren inbertsioak kalkulatzen badituzu, eta ikusten baduzu zenbateko ekoizpena lor dezakezun, gure arro gehienetan ez da bideragarria».

Inbertsio garestiak

Gainera, klima aldaketa ere kontuan hartzeko aldagaia dela iruditzen zaio Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintzako arduradunari. «Badirudi sikateak gero eta ugariagoak eta luzeagoak izango direla». Zentral hauek badute onura bat: ez dute ura kontsumitzen; turbinatik igaro ondoren, berriro itzultzen dute. Baina ibaiaren emari ekologikoa mantendu behar da. Beraz, sikateetan zarratu egin beharko lukete zentralek.

Era berean, ura erabili ahal izateko, bildu egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da presa bat eraikitzea, handiagoa edo txikiagoa dela ere. «Arrainei eta bestelako faunari ibilguan gora egiten utziko dioten elementuak behar ditu presa horrek; ezin dira oztopo izan, eta ez da inbertsio merkea», ohartarazi du Arratek. Legediak argi zehazten ditu baldintzak. Zentral berriei hori eskatzen zaie, eta dagoeneko zaharrei eskatzen ere hasi dira. «Bermatu behar dugu ibaietan egiten diren aprobetxamenduek ingurunean eta ekosisteman ahalik eta inpaktu txikiena izan dezatela».

Halako inbertsioak egin beharrak behartu zuen Unamuno Arratzuko Uarka zentrala zarratzera. Egiluzek esan du Bizkaiko hainbat errotak ere nahi luketela turbina bat ipini argindarra sortzeko, edo lehendik dutena berriro martxan jarri, baina Urak ipintzen dizkien baldintzengatik ez zaiela errentagarri. Zeanuriko Ibargutxi errota da horietako bat. Satur Larrazabalena eta haren familiarena izan zen. Errotatik gertu turbina bat ipini zuten 1950eko hamarkadan, inguruko bizilagunek adostuta. Horretarako, aparteko etxola bat egin zuten. «Orduan ez zegoen argindarrik etxeetan, eta, modu horretan, inguruko zortzi bat baserritarako ekoizten genuen. Hamabost kilowatt sortzeko gaitasuna baino ez zuen; bonbillak piztuta edukitzeko, eta justu-justu. Orduan, etxeetan ez zen tresna elektrikorik erabiltzen, eta nahikoa zen».

Arratzuko Uarkako zentral hidroelektrikoa.

Bizilagunek ordaindu egiten zieten, argindar konpainia balira legez. Kontatu du errota askotan funtzionatzen zutela horrela, euren etxera eta inguruko baserrietara argindarra eroateko. 30 bat urtez ibili ziren horrela Ibargutxi errotan. Gero, Iberduerok bere sarea hedatu zuen, eta etxeetan tresna elektrikoak erabiltzen hasi ziren. Ez zuen zentzurik errotan sortutako potentzia txikiko argindarrarekin ibiltzeak, ez zituelako beharrak asetzen, eta jarduera baimenari uko egin zioten.

Duela hiru urte, errota saldu zuen Larrazabalek. Haren arabera, oraingo jabeak, Pedro Elexpek, turbina martxan ipini nahi du berriro, bere kontsumorako argindarra sortzeko, baina Ur Agentziak ipintzen dizkion baldintzak betetzeak inbertsio «handiegia» egitea eskatzen dio. Errotak, ostera, arazo barik funtzionatzen du.

3.000 etxe hornitzeko plakak

Galdakaoko Udalak bederatzi hektareako industria orubea erosi du Gorozibain (Usansolo, Bizkaia), plaka fotovoltaikoak ipini eta energia kooperatiba bat sustatzeko asmoz. Orubearen kokapena eta orientazioa aproposak direla esan du Asier Egiraun Galdakaoko Hirigintza zinegotziak: «Hegoaldera begira dago, eta egun osoan jotzen dio eguzkiak. Horregatik, hektareako sor daitekeen energia maila oso altua da: megawatt bat baino gehiago». Bederatzi hektareetatik bospasei erabilita, sei bat megawatt sortzeko aukera izango lukete. «Horrek esan nahi du 3.000 familia edo etxebizitza hornitzeko gaitasuna izango genukeela». Bizkaiko plata fotovoltaikoen parkerik handiena litzateke Gorozibaikoa.

Nahi duten herritarrek osatutako kooperatiba batek kudeatuko luke parkea, eta udalak berak ere bazkide izan nahi luke. Energia «demokratizatzeko» bidean sustatuko duten proiektua dela azpimarratu du zinegotziak: «Oso garesti kobratzen da megawatt bakoitza merkatu librean. Herritar gehienek ezin dute hainbeste ordaindu. Horrelako kooperatiba energetikoekin argindarra demokratizatzearen aldekoa da Galdakaoko Udala».

Orube hori Maderas Basañez enpresarena izan zen. Hartzekodunen konkurtsora deitu zuen, eta beste enpresa batek erosi zuen. Bigarren honen helburua zen hondakinak tratatzeko planta bat martxan jartzea. «Guri eta inguruan bizi diren herritarrei ez zitzaigun proiektu hori gustatzen, eta erabaki genuen enpresarekin hitzarmen bat egitea», gogoratu du Egiraunek. Enpresak orubeagatik ordaindu zuena eta ondoren han egindako deskutsatze, garbitze eta hesitze lanetan inbertitutakoa, guztira, 1,6 milioi euro izan ziren. Udalak hori ordainduko dio enpresari, itundutako desjabetze batean.

Zinegotziak azaldu duenez, orain kooperatiba sustatuko duen enpresa hautatu behar dute. Horretarako lehiaketara aterako dute proiektua. Aukeratuko duten enpresa horrek egin nahi dena azalduko du herrian; modu horretan lortu nahi dituzte bazkideak Galdakaon eta inguruko herrietan. Ez da izango soilik galdakoztarrentzako kooperatiba. Izan ere, ordubea Galdakaoko Udalak erosi duen arren, orain, Bizkaiko Batzar Nagusietan desanexioa onartu denetik, Usansolon dago. Beraz, usansolotarren eta galdakoztarren kooperatiba izango da.

Oraindik Usansolok ez du udalik. Behin erakunde berria sortzen denean, hari dagokion gainontzeko ondarearekin hori ere jasoko du Usansoloko udal berriak. Galdakaoko Udalak ez du galduko egindako inbertsioa, ondare horretatik deskontatuko diolako Usansolokoari. «Galdakaoko Udaleko Usansolo Herriako zinegotziak ados egon dira proiektu honekin hasieratik», zehaztu du Egiraunek.

Hori gertatu bitartean, bada, sortuko den kooperatibako bazkideek Galdakaoko Udalari kanon bat ordaindu beharko diote lursailagatik. Kalkulatu dute bazkide bihurtzeko egin beharreko inbertsioa zazpi urtean amortizatuko dutela bazkideek. Plaka fotovoltaikoen parke honetan sortutako argindarra ez dute bazkideek zuzenean kontsumituko; argindar konpainiari salduko diote. «Enpresak bazkideei ordainduko die bere ustez argindarra sortzea kostatu zaiena: 50 euro kilowatt bakoitzeko».

Autohornidura

Energiari dagokionez, Galdakaoko Udalak baditu beste proiektu batzuk ere esku artean. Besteak beste, udal eraikin guztietan panel fotovoltaikoak jartzeko asmoa dute, autohornidura bermatzeko. Momentuz, zazpi proiektu eskatu dituzte, zazpi eraikinetan jartzeko. Datorren urtean zehar lizitatuko dituzte. Kasu horietan plaka horiek sortuko duten argindarra udal eraikinak eta bostehun metroko erradioan dauden inguruko eraikinek kontsumitu ahal izango dute.

Aparkaleku publikoetan elektrolinerak jartzen ere badabil udala: Galdakaoko bitan eta Usansoloko batean egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.