AUTOGOBERNUA

Foru Hobekuntza osatzera deitu du Txibitek, eta Barkosek ituna berritu nahi du

Nafarroaren Egunaren bezperan, gobernuko bi alderdiak ez datoz bat herrialde horretako esparru juridikoak eduki beharreko garapenaz. Txibitek oharra egin du: PSNk ez du Esparza lehendakari jarriko.

Uxue Barkos eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
jon olano
2022ko abenduaren 2a
13:44
Entzun

Nafarroaren Eguna da bihar, eta aurtengoak aparteko kutsu politiko bat izango du, Foru Hobekuntzaren Legeak 40 urte bete dituenez gero. Asteon, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean». Gaur bertan, Nafarroaren Egunaren bezperan, ideia hori berretsi du Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean: «Foru Hobekuntza elkarbizitza da, eta engranaje instituzionala [Espainiako] konstituzioaren brruan; leialtasunetik, baina gure errealitate autonomikoa defendatuz». Txibitek ez du uste «orain» Foru Hobekuntza moldatu behar denik, oraindik ere «hazteko eta lege hori garatzeko tarte handia» dagoelako.

Ildo horretan, Txibitek azaldu du Nafarroak oraindik jasotzeko dauzkala Foru Hobekuntzak Nafarroari aitortzen dizkion zenbait eskumen, eta, beraz, uste du legea «erabat garatu dadila aldarrikatzen» jarraitu behar dela. Autogobernua osatze aldera, Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk adostu zuten datorren urteko lehen hiruhilekoan Nafarroako Gobernuaren esku uztea trafikoko eskumena, eta horrek hautsak harrotu ditu Espainiako eskuinaren eta eskuin muturraren artean. Horien jokabidea Nafarroaren autogobernuarentzako «arriskutzat» jo du Txibitek, eta salatu du horiek Nafarroa «erabiltzen» ari direla Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eraso egiteko.

Eskumen horrek legealdia bukatu baino lehen behar zuen Nafarroako Gobernuaren esku, eta datorren urteko maiatzean dira Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Beraz, Txibitek azaldu du trafikoko eskumenaren eskualdaketa ez dela aurreratu, eta hori adostuta zegoela jada. Baina, hauteskundeei begira, asmo batzuk agertu ditu lehendakariak: bere nahia da egun gobernua osatzen duten alderdiekin orain arteko formulari eustea: «Alderdi desberdinak, beren desberdintasunekin, gai izan dira parlamentura eraman dituzten egitasmo guztiak aurrera ateratzeko». Gainera, espero du, hauteskundeen ondoren, gobernua osatu ahal izatea «PSNren pisu eta babes sozial handiagoarekin».

Halere, Txibitek gobernuaren atea itxi die EH Bilduri nahiz UPNri: «PSN ez da pentsatzen ari EH Bildu gobernuaren parte den formula batean». Aitortu du indar subiranistarekin eginiko akordioen balorazio ona egiten duela, baina erantsi «oso ezberdina» dela «hitzarmen jakin bat egitea edo gobernu akordio bat». UPNri dagokionez, berriz, argi esan du: «PSNk ez du Javier Esparza presidente egingo».

Geroa Bai, itun berri baten alde

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak, berriz, Foru Hobekuntzaren «ekarpen positiboak» aitortu ditu, baina «baita bere akats nabarmenak» ere: «40 urte hauetan, estatuko oinarrizko legediak eta ebazpen konstituzional oso eztabaidagarriek gure ordenamendu juridikoaren esparru garrantzitsuak nola hustu dituzten ikusi dugu, jakinik gainera oraindik garrantzi handiko eskumenen transferentziak falta direla; hala nola, trafikokoa, I+G+b eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa». Foru Hobekuntza «bete gabe» dago oraindik, Barkosen hitzetan, eta, horregatik, Geroa Baik gainontzeko indar politikoei deia egin bat egin dezaten «foruaren hobekuntza osorik betetzeko konpromisoa gizarte osoaren aurrean betetzeko».

Barkosek «itun politiko berri bat eraikitzea» proposatu du: «Bazterkeriarik gabe, gure ordenamendu juridikoa adostasunetik eguneratuz eta herritarrek berretsiz. Estatuarekin aldebikotasunezko harremana edukitzeko gure forutasunaren berreskuratze osoa nahi dugunok eta batasun konstituzionalaren menpe dagoen forutasun partziala nahi dutenak elkartuko gaituen eztabaida». Geroa Baik planteatzen duen itun politiko berri horren helburua «ongizate estatua bermatzea» da, eta horretan «elkarrekin lan egiteko ardatza» autogobernua izan behar da, nafar guztien «ondare immateriala» dela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.