Kontu ekonomikoak
Industria eta kontsumoa apaldu egin dira urteko hirugarren hiruhilekoan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak gutxigatik egin dio izkin atzeraldiari: BPGa %0,1 hazi da bigarren hiruhilekotik hirugarrenera

Motelaldia jada iritsi da euskal ekonomiara, baina ez oraindik atzeraldia. Gutxigatik bada ere, hazkunde tasa positibo bati eutsi dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinak: %0,1.
Baina badira uzkurtzen ari diren sektoreak: industriaren jarduera urteko bigarren hiruhilekoan baino %3,3 txikiagoa izan da hirugarrenean, eta familien kontsumoa ere apaldu da (-%1,8), nahiz eta udan ostalaritzak eta turismoari lotutako beste negozioek bete-betean lan egin zuten.
Eustatek zuzendu egin ditu duela aste batzuk aurreratutako kontu ekonomikoei dagozkion datuak. Hamarren bat kendu dio hiruhilekoen arteko datuari (%0,2tik %0,1era), eta urte artekoari (%3,9tik %3,8ra). Azken hori nabarmendu du estatistika erakundeak, askoz hobea delako, baina agerian uzten du 2022. urteak bi zati oso desberdin izan dituela: pandemiaren osteko errebote indartsuarena lehenik, eta Ukrainako gerrak eta inflazio handiak zigortutakoa bigarrenik.
Azken horretan, gorrira egin dute datu ia guztiek. Eskariari dagokionez, atal batek bakarrik izan du hazkunde positiboa: administrazio publikoen ekarpenarena. Hain justu, hori izan zen urtearen lehen erdian tasa negatiboak izan zituen bakarra.
Bigarren hiruhilekotik hirugarrenera txikitu egin da kontsumo pribatua (-%1,8), enpresen inbertsioa (-%3,3) eta kanpo sektorearen ekarpena.
Enplegua, hobeto
Motelaldia iritsi da enplegura ere, baino ez hainbeste. Irailaren amaieran ekainaren amaieran baino %0,3 enplegu gehiago zeuden, lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Urtebetean, berriz, %2 hazi da enplegua, hau da, 19.500 lanpostu gehiago daudela.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.