Energia

Errusiako petrolioari 60 dolarreko muga jarri dio Europako Batasunak

Astelehenean jarriko du indarrean, hango petrolioa erosteko ia erabateko debekuarekin batera.

Petroliontzi bat Gazpromen egoitza inguruan, San Petersburgon. ANATOLI MALTSEV / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 2a
18:03
Entzun

Negoziazio luzeen ondoren, Europako Batasunak dagoeneko adostu du zein izango den Errusiako petrolioari jarri nahi dion gehienezko muga: 60 dolarrekoa izango da, Greziak, Ziprek eta petroliontziak dituzten herrialdeek nahi zuten baino txikiagoa, baina Poloniak eta Baltikoko herrialdeek eskatzen zuten baino handiagoa.

Baina azken horiei begirako neurri bat hartu du EBk: bi hilean behin aztertuko dute prezioa egokia ote den. Gainera, hitzartu dute edozer gerta ere merkatuko prezioen %5 azpitik izango dela. Neurria astelehenean jarriko da indarrean, baina orain petrolioa kargatzen ari diren ontziek urtarrilaren 19 arteko epea izango dute deskargatzeko.

AEBek proposatu zuen lehen aldiz Errusiako petrolioaren prezioari muga bat jartzea, eta G7ko taldearen eta EBren oniritzia jaso zuen ondoren. Batasunari egokitu zaio muga bat jartzea, haren ontziek eta aseguru etxeek zeresan handia dutelako zigor horretan.

Bi helburu lortu nahi dituzte horrekin: petrolio garestiak Vladimir Putinen patrikak gehiegi ez betetzea, eta, aldi berean, petrolioak zirkulatzen jarraitzea, haren eskasiak prezioak igoko lituzkeelako.

Petrolio prezioaren mugak ez dio zuzen-zuzenean EBri eragiten, hark erabakia baitu ez duela gehiago erosiko. Astelehenean jarriko da indarrean Errusiako petrolio gordina erosteko debekua Batasuneko kideen artean, eta otsailean utziko diote haren eratorriak erosteari (gasolioa, batez ere). Bahimendu horrek izango ditu salbuespen batzuk, Errusiatik abiatzen diren petrolio bideetatik hornitzen diren herrialdeentzat.

Prezioa mugatzea Mendebaldeko aliantzako kide ez diren herrialdeei begira hartutako neurri bat da. Haietako batzuek, Indiak eta Txinak esaterako, inbasioaren aurretik baino petrolio gehiago inportatzen dute Errusiatik. Operazio horiek zailtzeko, EBk eta G7koek debekatu egingo dute beren kideen bandera duten ontziek garraiatzea 65-70 dolar baino garestiago diren petrolio upelak, eta haien aseguru konpainiek prezio horretatik gorako kargamentuak bermatzea.

Zer egingo du Moskuk?

Ikusteko dago Moskuk zer egingo duen, ziurtatu baitu ez diola petroliorik salduko bere prezioari gehienezko prezioa jartzen dion inori.

Baina kontua da azken asteetan 60 dolarretik beherako prezioan saltzen aritu dela bere petrolio gehiena, eta neurriak, printzipioz, ez liokeela kalte handirik egingo. Izan ere, EBko herrialdeek petrolio gutxiago erosten diote Errusiari, eta, bezero berriak erakartzeko, bere upelen prezioa jaitsi behar izan du. Errusiako erreferentziazko petrolio upela, Ural deitutakoa, 45 dolarrean salerosi dute aste honetan Primorskeko portuan.

Urre beltzaren nazioarteko kotizazioa apaldu egin da azken hilabeteetan. Ekainean 120 dolarren muga hautsi zuen berriro Brent upelak, baina, orduz gero, prezioa apaldu egin da, ekonomiaren motelaldiaren ondorioz eta Txinak COVID-19aren aurka borrokatzeko hartutako neurriengatik. Gaur arratsaldean, 87 dolarrean salerosten ari zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.