KRISIA OSAKIDETZAN

Donostia aldeko ESIan «pertsonen aldaketa bat» behar zela nabarmendu du Sagarduik

Sailburuak azaldu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako buruzagiek «ikuspegi bera» dutela, eta «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostia aldeko ESIko zuzendaritza aldatzea.

Gotzone Sagardui, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2022ko abenduaren 5a
15:34
Entzun

Osakidetzan «erakunde guztiek rol jakin bat dute, eta horiek osatzen dituzten pertsonek ere bai». Proiektuak «partekatua» izan behar du: «Sare bat gara». Eta Donostia aldeko ESIan, «halako batean, motibo batengatik edo beste batengatik, batzuek ez dute ikuspegi hori partekatzen». Horrek, «gertaera kate baten» ondorioz, «gomendagarri» egin du «pertsona aldaketa bat»: ikuspegiak «partekatzeko zailtasunak» zituztelako.

Hitz horiekin azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak zer gertatzen ari den Donostia aldeko ESIan. Iragarri baino hiru ordu laurden geroago, Sagarduik agerraldi bat egin du Donostia aldeko ESIko egoeraren berri emateko, baina ez du zehaztu zein diren zuzendaritza aldaketa beharrezko egin duten gertaera horiek. «Arduradun aldaketak sarri gertatzen dira, ohikoa da», gaineratu du. Orain, zuzendaritza taldea berregituratzen ari dira.

Ikusi gehiago:Sagarduik ez luke karguan segi beharko, EH Bilduren arabera

Sagarduik azaldu du ez direla desadostasun «bat edo bi» izan Osakidetzaren eta erakunde sanitario integratuaren zuzendaritzaren arteko desadostasunak, eta bien arteko ikuspegi desberdintasuna sakonagoa zela.

Bestalde, Sagarduik azaldu du Agustin Agirrek hartu duela zuzendari kudeatzailearen kargua, eta Ana Bustinduik zuzendari medikoarena, eta Agirrek lehen bilera izan duela jada Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin eta Donostia aldeko ESIko zuzendariorde eta zerbitzuburuekin. Lehen eginkizuna zera izan da, «harremanak hastea, ospitalea eta osasun erakundea nola dauden aztertzeko». Sagarduik gaineratu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako zuzendaritzak «ikuspegi bera» dutela orain osasun zerbitzuak izan behar duenaz.

Egunotako kritika eta adierazpenei buruz, Sagarduik esan du horiek entzuteko eta «elkarrizketa eraikitzaile bat» izateko prest dagoela, eta «lasaitasuna, esker ona eta aintzatespena» adierazi die langile guztiei, haien lanagatik.

Ikusi gehiago:Agustin Agirre izendatuko dute Donostia aldeko ESIko jarduneko zuzendari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.