Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bihar aurkeztuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Nafarroa Arenan

BERRIAk zuzenean eginen du finalaren kontakizuna; bideoz eta idatziz. Gehigarri berezia kaleratuko da asteartean: irabazleari eginiko elkarrizketa tartean, idatziz eta bideoz.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 12a
10:53
Entzun

Jadanik zaila da finala begien bistatik galtzen. Hurbil da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia nork irabaziko duen argituko den eguna. Igandean da finala, Iruñean lehenbiziko aldiz; Nafarroa Arena pabiloian. Bertsozaleak kasik astez aste aritu dira bertso gosea apurka asetzen, baina orduan izanen dute bankete ederrena: zortzi bertsolari, bertsolari adina kantaera, eta txapel bat eta bakarra.

Bihar goizean eginen dute finalaren aurkezpen ofiziala, Iruñean. Sarreren salmenta ikusirik, espero da igandean bete-beteak izatea kantxa eta harmailak; 13.000 bat pertsona hartuko ditu Nafarroa Arenak. Dena ongi atera dadin, Bertsozale Elkarteko 350 boluntario inguru lanean ariko dira, herritarrei jarraibideak emateko batik bat.

Abenduaren 3an Bilbon izaniko azken finalaurrekoan argitu zen zer bertsolari arituko diren Iruñeko finalean kantuan. Hauek dira: Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi eta Maialen Lujanbio. Iragan ostegunetik, BERRIA egunero ari da finalistei eginiko elkarrizketak argitaratzen, banan-banan. Lau eman ditu oraingoz; beste lau dira faltan.

Ikusi gehiago:Joanes Illarregi Marzol: «Erakutsi nahi dut ez nagoela finalean gaztea edo nafarra naizelako»

Ikusi gehiago:Nerea Ibarzabal Salegi: «Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, 'hor nago ni' esateko»

Ikusi gehiago:Amets Arzallus Antia: «Ni osatzen eta minberatzen nautenak kantatu nahi ditut»

Ikusi gehiago:Beñat Gaztelumendi Arandia: «Espero ez nauten lekuan ere utzi nahiko nuke nire arrastoa»

Bertsozale Elkarteak lehendik iragarri bezala, Iñaki Muruak jantziko diola txapela irabazleari. Halaber, Irantzu Idoatek emango dio saria txapeldunordeari. Bertsolaria da: aurtengo Eskolarteko Bertsolari txapelduna. Sagrario Alemanek hirugarren eta seigarren sailkatuei emango dizkie sariak. Urte luzez izan da Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria, eta Nafarroako euskalduntze mugimenduko erreferente bat da.

Finalaren gaineko kontakizuna BERRIAn

Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta batik bat finalak dakarren ikusmiraren jakitun, BERRIAk sakon eta xehe emanen du saioaren berri. Goizeko saioa 11:00etan da hastekoa, eta ordutik izanen da aukera bertsoaldia egunkariaren webgunean ikusi eta irakurtzeko. Aurreko saio guztien antzera, EITBren estreaming-a baliatuta izanen da zuzeneko irudiak ikustea. Halaber, Olatz Enzunza kazetariak idatziz emanen du gertatzen ariko denaren berri.

Gainera, giro kronikak, iritziak eta analisiak ere argitaratuko ditu BERRIAk, saioak aurrera egin ahala. Bideoz, audioz, zein idatziz.

Finalaren biharamunean, eta orain arte egin bezala, Maider Galardi kazetariak titulua jarriko dio finalari, eta puntu morea jarriko diote Amaia Agirrek, Mirari Martiarenak eta Nerea Arriolak.

Halaber, BERRIAk hamabi orrialdeko gehigarri berezia argitaratuko du ondoko asteartean, hilaren 20an. Hainbat eduki izanen ditu barrenean: tarten, bertsolari txapeldunari eginiko elkarrizketa. Luze eta zabal emanen du, eta bideoa ere izanen da, bertsolariaren hitzok irakurri ez ezik aditu ere egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.