Krisia Osakidetzan

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek ez dute elkarretaratze gehiagorik egingo ostiral arte

Adolfo Lopez de Muniain eledunak gaur goizeko protestan esan du «itxaropenerako bidea» ematen duten keinuak atzeman dituztela «diskurtso politikoan».

arantxa iraola
2022ko abenduaren 13a
14:18
Entzun

Berriz protesta egin dute gaur goizean hainbat langilek Donostia ospitaleko atarian, orain ia aste bi bertako zerbitzuburuek abiatu zuten protestari segida emateko. Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan gertatuko bi kargugabetzek eragindako haserrearen ondorioz egin ziren lehen protestak; Osakidetzako zuzendaritzak hartutako beste hainbat erabakiren gaineko desadostasun gehiago ere adierazi dituzte ordutik aurrera, eta, gaur, berritu egin dute protesta. Ondoren jakin denez, ordea, elkarretaratzeak heldu den ostiral arte etetea erabaki dute.

Goizeko elkarretaratzean ere eman du Adolfo Lopez de Muniain zerbitzuburuak egoera onbideratzen ari dela adierazteko zantzu bat. Hain zuzen ere, nabarmendu du egunotan «itxaropenerako bidea» ematen duten keinuak atzeman dituztela «diskurtso politikoan». Atzo bertan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen «ulertzen» dituela osasun profesionalen aldarriak, eta ahaleginak egingo direla egoera onbideratzeko. Nabarmendu zuen, hala ere, «sarean» lan egin behar dela beti, osasun sistema bere osoan aintzat hartuta; esan zuen erietxe guztiek ezin dituztela eduki zerbitzu guztiak, eta erabakiak hartu behar direla arlo horretan.

Kargugabetzeen ondoren, kudeaketa talde berri bat ari da orain Donostialdeko ESIan. Lehengo astean kazetarien aurrean egindako agerraldietan, zerbitzuburuek esan zuten hasiak zirela lehen bilerak kudeaketa talde berriarekin, eta «hotza» zela giroa bilera gehienetan. Osakidetzako zuzendaritzarekin eta Osasun Sailarekin hitz egin nahi zutela esan zuten, baina elkarrizketarako deiek ez zutela oraindik erantzunik izan.

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek hizpide izan du gaur Donostia ospitaleko gatazka. «Elkarrizketaren» bidez konpondu beharrekoa dela esan du. Kritikatu egin ditu oposizioko talde politikoak; izan ere, gehienek zenbait goiburu plazaratu dituzte egunotan gaiarekin lotuta, eta buruzagi jeltzaleak esan du Osakidetzako artaren kalitatea auzitan jarri dutela horien bidez, eta herritarrak «beldurtzea» baino ez dutela nahi izan.

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere hizpide izan du gaur Osakidetzaren egoera; esan du osasun sistemaren funtzionamendu ona bermatzeko dauden zailtasunen artean nabarmenenetariko bat dela gaixo agiria hartuta daudela langile asko. Datu bat eman du; 30.000 langile daude denera osasun zerbitzuan, eta 2.000 daude gaixotasunen batengatik lanera joan ezinik.

Lehen arretako buruen bilera
Donostia ospitaleko zerbitzuburuek egindako aldarriak aztertze aldera, bilera egin dute gaur Donostialdeko ESIko lehen arretako buruek. Erietxean egiten dituzten eskarietan eta lehen arretako profesionalen eskeetan bateratzeko erarik egon daitekeen aztertzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.