Bertsolaritza Txapelketa Nagusia

Bost belaunaldi, zortzi ahotsetan

Lehen aldiz hiru emakume, eta aldi berean, bost belaunalditako bertsolariak biltzeak bihurtzen du berezi gaur Iruñean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Nafarroa Garaiko bertsolari bat ere izango da aurrenekoz. Egun osoz, 13.000 zale izango dituzte aurrean.

Finalistak, Nafarroa Arenan. IñIGO URIZ / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko abenduaren 17a
17:28
Entzun

Heldu da bertsozale askok urte hasieratik egutegian gorriz markatua izan duen data. Osasun krisiak urtebete atzeratu du 18. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, baina, azkenik, gaur jakingo da Iñaki Muruak nori jantziko dion txapela. Kokapena izango da lehen nobedadea: aurrenekoz heldu baita finala Iruñera. Eta ez da datu esanguratsu bakarra. Lehenengoz arituko dira hiru emakumezko finalean kantuan, eta estreinakoz arituko da Nafarroa Garaiko bertsolari bat ere plaza horretan. Aldaketa eragin eta aldaketa gorpuztu duten 42 bertsolari aritu dira, denera, irailean hasi zen txapelketan, eta haietako zortzi heldu dira gaurkora: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Nerea Ibartzabal, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Joanes Ilarregi. Guztira, 13.000 pertsona izango dituzte aurrean.

Horiengatik guztiengatik aipatu du Maialen Lujanbiok egunotan, finalak «esangura politikoa» izango duela, eta, gainera, esangura hori «handia» izango dela. Birritan jantzi du txapela, eta bera da egungo txapelduna. Horregatik sailkatu zen zuzenean gaurko finalera. «Egun ederra» espero duela ere esan du: «Finala Iruñean egitearen planteamendua garrantzitsua delako; gazte jendearen eta jende helduagoaren arteko katearen irudikapena delako, eta lehen aldiz hiru emakume ariko garelako kantuan».

Alaia Martin sailkatu da puntuazio altuenarekin finalera, txapelketa osoa alderik alde gurutzatu ondoren. Iraileko lehen saioan abestu zuen, Getxon (Bizkaia), eta azken geltokiko oholtza ere zapaltzeko parada izango du. Lehenagotik hasitako aldaketa bat egonkortu egin dela erakusten du finalak, haren ustez: «Punta-puntan ibili diren bertsolari askoren eragina ikusi da plazetan, nahiz eta, gero, finalean zortzi leku baino ez dauden». Eta finalean, «gauza mamitsu eta argitsuak esateko gogo handia» daukala azaldu du.

2017ko txapelketako finalean izan ziren bertsolariak zuzenean finalaurrekoetan hasi dira bertsotan, eta haien artean da Aitor Mendiluze. Durangoko (Bizkaia) saioan irabazle izan zen, eta ondoren Bilbon eskuratu zituen puntuak batuta, gaur, seigarrenez izango da final batean. Elkarrizketak sortu nahi lituzkeela esan du egunotan, horrela ulertzen duelako bertsoa: «Beti saiatuko naiz dialogorako bidea zabalduko duen baina bat ateratzen».

Sustrai Colina parte hartu duen Txapelketa Nagusi guztietan heldu da finalera. Seigarren finala du hau, eta ez zaio aski «bertsotan ondo egitea bakarrik». Bere hitzak: «Ez dut pentsatu nahi zer ote den posible eta zer ez: pentsatu nahi dut nola egingo ote dudan posible izan dadin».

Hirugarren finala du Beñat Gaztelumendik, eta aurreko aldietako arantzak kendu nahi lituzkeela esan du. Aurrekoetan «itzalean» sentitu du bere burua, eta hori «desblokeatzen» saiatu da aurten: «Saiora burua irekita joan nahi dut, bihurrikeria puntu batekin eta sortzeko jarrera on batekin».

Amets Arzallusek bosgarren finala izango du hau, eta 2013an txapela ere jantzi zuen, gainera. Haren hitzetan, ordea, aurtengo txapelketa «mendikate bat zeharkatzea» izan da harentzat. Donibane Garaziko finalaurrekoak «estutu» egin zuen, poto bat egin ostean, eta Bilbon asmatu zuen finalerako atea ireki zion giltza topatzen. Ariketaz ariketa «arrastoa» uztea da gakoa haren iritziz, eta hala kantatu nahiko luke gaur: «Mikrofonora hurreratu orduko pentsatu nahi dut ariketa horretan dagoela egunean gerta daitekeen ederrena».

Nerea Ibarzabalek lehen finala izango du aurtengoa. 673 puntu lortu zituen Irunen jokatutako lehen finalaurrekoan, zail jarri zion horrek finalerako bidea, baina Baionan jokatutako bigarren finalaurrekoan lehen postua lortu zuen 671,5 punturekin, eta hala eskuratu zuen gaurko txartela. «Kontzientziatik» kantatu nahi luke: «Ez dut akatsik egin nahi, baina arriskatzera joan nahi dut, esan nahi ditudanak esan ahal izateko beste».

Parte hartu duen lehenbiziko Txapelketa Nagusian iritsi da finalera Joanes Illarregi. Eta bera da final batera heldu den Nafarroa Garaiko lehen bertsolaria. Ez luke «txiki» sentitu nahi «plaza handian»: «Ez daukat deus galtzeko, eta neure burua jolaserako eta bertsotarako libre sentitu nahi dut».

Bost belaunaldi bertsotan

Aro baten isla izan ohi da txapelketa bakoitza. Aurten, bost belaunaldi aritu dira kantuan, eta gaurkoak ere hori irudikatuko du. Bertsolari guztiak ez daude bertso ibilbidearen une berean. Batzuk plazan historikoak diren bertsolariekin kantuan aritu ziren gazte zirela, eta orain haiek dira beterano.

Bat-bateko sorkuntza denez, ordea, sarri ez du irabazten gehien arituak, baizik eta saioari ondoen erantzuten dionak; binakako lanetan borobiltzea lortzen duelako, eta bakarkakoan kanturako gaiari zorrotz erantzuten diolako.

2017ko finalarekin alderatuta, bi aldaketa izango dira: seiko motza eta hamarreko txikia lekuz aldatu dituzte— lehena goizean eta bigarrena arratsaldean—; eta buruz burukoan, Iparragirre abila dela doinuan osatuko dute ofizioa.

Gaiak jarri eta saioa aurkezten Alaitz Rekondo, Aritz Bidegain, Idoia Antzorandia eta Ion Zaldua arituko dira. Goizean hamabosna bertso puntuagarri osatuko dituzte, eta arratsaldean hamar. Lan horiek eginda, puntu gehien batzen dituzten bi bertsolariak buruz buru arituko dira, eta hor beste hamaikana bertso abestuko dituzte. Txapela bezain egun borobila izango da gaur, Iruñean, irabazlea gorabehera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.