EUSKARA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek ikastetxeak jo dituzte euskara sustatzeko lehentasunezko eremu nagusitzat

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako inkesta baten arabera, herritarren %95ek uste dute administrazioak herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan erantzun beharko lukeela beti.

Mintzodromo bat Donostian, azaroaren 17an, Euskaraldia hasi zen egunaren bezperan. JON URBE / FOKU
jon olano
2022ko abenduaren 22a
13:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta bat argitaratu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek euskararen inguruan dauzkaten iritziei buruz. Horren arabera, euskara sustatzeko bidean lehentasun nagusitzat jo beharreko eremua hezkuntza da; lehentasun erabatekoa edo batere ez ematearen artean, hamarretik 8,6 puntu eman dizkiote hezkuntzari, 7,8 administrazio publikoari, 7,4 ekintza kulturalei, 7,4 hedabideei, 7,3 osasun zentroei, 7,2 ingurune digitalari, 7,1 kirolari eta 7,0 aisialdiari. Zazpitik beherako puntuazioak dauzkate merkataritzak (6,9) eta lantokiek (6,6).

Euskara sustatzeko zenbait baieztapenekin zenbateraino ados dauden ere galdetu diete herritarrei. Adibidez, itaunduta ea administrazioak herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan erantzun beharko ote lukeen beti, %95 daude guztiz edo nahikoa ados, eta ehunetik bi baino ez daude nahikoa edo guztiz aurka. Antzerako joera dago beste arlo batzuetan ere: enpresek edota entitate pribatuek herritarrak aukeratzen duen hizkuntzan erantzuteko ahalegina egin beharko ote luketen galdetuta, hamarretik bederatzi daude guztiz edo nahikoa ados, eta %4 kontra. Gazteek Interneten euskaraz jardun dezaten euskarazko eskaintza sustatzearen alde daude %84, eta euskarazko hedabideak berariaz babestearekin bat datoz %78.

Herritar elebidunei, euskarazko hiztun aktiboei, pasiboei nahiz erdaldunei galdetu diete inkestan, euskaraz egiteko gaitasuna eta gune soziolinguistiko diferenteak aintzat hartuta.

Horiek horrela, itaundutakoen %13k erantzun dute beti euskaraz egiten dutela senideen artean, eta %4k sarriago egiten dutela euskaraz gaztelaniaz baino. Lankideekin ere %13 dira beti euskaraz egiten dutela ihardetsi dutenak. Lagunartean, berriz, okerragoa da datua: %7k egiten dute beti euskaraz, eta %5ek euskaraz gehiago gaztelaniaz baino. Inkestari erantzun diotenen %45ek gaztelaniaz egiten dute errazago, eta lautik bat moldatzen da trebeago euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.