Arrantza

Saregileen erretiro aurreratuari bide ematen dion legea onartu dute

Enplegu legeak ere aurrera egin du Espainiako Kongresuan. Horren bitartez, aldi baterako erregulazioetan Lan Ikuskaritzak bere iritzia jakinarazi beharko du.

Saregileak Getariako portuan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 22a
17:05
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuak ontzat eman du gaur Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege berria, gobernua sostengatzen duten alderdien eta Ciudadanosen babesarekin.

Legearen ondorioetako bat da erretiroa lau urtez aurreratzeko aukera izango dutela saregileek, neskatilek eta paketatzaileek ere. Haien lana, arrantzaleena bezala, bereziki nekagarritzat onartu dute, eta, horregatik, pentsioa jasotzeko gutxieneko adinaren koefizienteak murriztuko dizkiete. Sektorearen aspaldiko eskaera da, eta EAJk eta EH Bilduk lortu zuten Madrilek legegaian sartzeko konpromisoa hartzea.

Arrantza kuotei dagokienez, legeak handitu egingo ditu Espainiako Gobernuak beretzat gorde ditzakeen arrantza kuotak. Orain %3 dira, eta %10 eskatu zuen gobernuak, baina %5 izango du. Erreserba hori irizpide historikoak betetzen ez dituzten itsasontziei eman ahal izango die administrazioak. Gainera, bi urtez jarraian erabiltzen ez diren kuotak erreserba publikora igaroko dira.

Senatuaren esku geratu da legea.

Enplegu legea

Gaurko saioan ere, Kongresuak Enplegu Lege berria ontzat eman du. Haren berritasunen artean dago EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak negoziatutakoa, aurrerantzean Lan Ikuskaritzaren txostena derrigorrezkoa izan dadin kaleratze kolektiboetan. Kasu horretan ere, Senatuak du orain hitza.

CEOE Espainiako patronalak oso gaizki hartu zuen lan araudiaren arlo hori EH Bildurekin negoziatu izana, eta Espainiako Gobernuarekiko harremanak hautsi zituen horren ondorioz. «Ohorea», Oskar Matute EH Bilduko diputatuaren arabera.

ELAk, ordea, ziurtatu du zuzenketa horrek «ezer gutxi» aldatuko duela egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.