Makroekonomia

Nafarroako ekonomia %3,2 handitu da hirugarren hiruhilekoan

Nastat estatistika erakundearen arabera, inbertsioek eta zerbitzuek bultzatu dute batik bat jarduera ekonomikoa hirugarren hiruhilekoan. Zerbitzuetan, ostalaritzak eta administrazio arloko jarduerek erakutsi dute dinamismorik handiena.

Kontsumoa bost hamarren apaldu da Nafarroan, hirugarren hiruhilekoan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 23a
11:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Galgari sakon sakatu dio aurten ekonomiak Nafarroan. Urteko lehen hiru hilabeteetan, %6,5eko erritmoan hazten ari zen urte arteko tasa, eta, uztailetik irailera, abiadura hori nabarmen apaldu da: zehazki, %3,2ra.

Alderatzea hiruhilekoaren arabera eginez gero, joera bera islatzen dute datuek. Izan ere, urtarriletik martxora %1 handitu zen iragan urtearen amaierako hiruhilekoarekin alderatuta, eta uztailetik irailera %0,5 handitu da. Abiadura erdira jaitsi da, beraz.

Ikusteko dago orain urteko azken hiruhilekoan norantz egiten duen. Nafarroako Gobernuak aurreikusi du aurtengo ekonomia %4 handituko dela eta 2023an moteltzen jarraituko duela jarduerak: %1,4ko hazkundea espero du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ekonomiak antzeko joera azaldu du, abendu hasieran kaleratutako datuek aditzera eman zutenez.

Ikusi gehiago: Industria eta kontsumoa apaldu egin dira urteko hirugarren hiruhilekoan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu bezala, industriak eta kontsumoak hoztu dute batik bat ekonomia.

Izan ere, eskaintzaren arloan, industriak hazten jarraitzen du, baina, beste sektoreekin alderatuta, askoz ere erritmo apalagoan: %2 handitu da jarduera urtebetean uztailetik irailerako tartean. Aldiz, ikuspegi makroekonomikotik, askoz ere sendotasun handiagoa erakutsi dute eraikuntzak eta zerbitzuek. Eraikuntza %3,9 handitu da, eta merkatu zerbitzuek islatu dute aldiriko hazkunderik handiena (%6,5ekoa).

Aipagarria da, udan lana handitzen zaienez, ostalaritzak uztailetik abuztura dinamismo handia erakutsi duela, administrazio jarduerekin eta zerbitzu osagarriekin batera. Lehen sektorearentzat, berriz, uda oso gogorra izan zen lehortearen ondorioz, baina, urtebeteko perspektiba harturik, uztailetik irailerako datuak onak dira: %2,2ko urte arteko hazkunde tasa izan zuen, aurreko hiruhilekoan baino sei hamarren gorago.

Aurten, kontsumo prezioek nabarmen egin dute gora, eta udan jo zuen goia KPIak. Inflazioaren eraginak, apurka, herritarren poltsikoan eta, ondorioz, haien portaeran eragin du, Nastaten arabera. Izan ere, eskariaren arloan, Nastatek nabarmendu du etxeetako eta etxeen zerbitzura dauden irabazi asmorik gabeko erakundeetako kontsumoa apaldu egin dela: hirugarren hiruhilekoan %3,7ko erritmoan hazi zen, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren apalago.

Alderantziz, inbertsioa %4,2 handitu zen urtebetean uztailetik irailerako tartean. Dena den, oraindik ere ekonomiatik sendo tira egiten badu ere, atal horrek ere nabaritu du hoztea, aurreko hiruhilekoan baino ia puntu bat gutxiago handitu baita (bederatzi hamarren edo 0,9).

Enpresaburuek bikoitza irabazi dute

Errentei dagokienez, enpresaburuek eta autonomoek ez dute kexatzeko arrazoirik. Haien diru sarrera eta irabaziak langileen bikoitza baitira. Izan ere, urtebetean lan errentak %5 handitu ziren, inflazioaren azpitik. Aitzitik, enpresaburu eta autonomoen irabaziak %11,5 igo dira urtebetean, hirugarren hiruhilekoko datuen arabera.

Azkenik, ekonomia hoztu izana lan merkatuan ere islatu da. Izan ere, landunen kopurua %2,4 handitu zen hirugarren hiruhilekoan. Jarduera ekonomikoko datuekin gertatu bezala, sektorearen bilakaera bera islatu dute sektore bakoitzaren enplegu datuek. Hala, enpleguak daturik hoberenak merkatu zerbitzuetan ageri du (%4,3 igo da); aitzitik, industrian %1 baino ez da igo. Lehen sektorean, berriz, %0,7 igo da, eraikuntzan %1,4 eta zerbitzuetan oro har %3,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.