Albistea entzun

FRANTZIA

Hiru pertsona hil dituzte tiroz Parisen, kurduen zentro batean

Pertsona bat atxilotu dute. Darmanin Barne ministroak esan du ematen duela «atzerritarren kontra» eraso egin nahi zuela ustezko egileak, baina oraindik ez dagoela argi espreski kurduak ote zituen jomugan.
Aurrekariak ditu ekintza arrazistak egiteagatik.

Istiluak has dira Poliziaren eta erasoaren lekura hurbildu direnen arte
Istiluak has dira Poliziaren eta erasoaren lekura hurbildu direnen arte EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko abenduak 23

Hiru pertsona hil dira Parisen, kurduen Ahmet-Kaya zentroan gertatutako tiroketan. Poliziak 69 urteko gizon bat atxilotu du, erasoa leporatuta. Laure Beccau Parisko fiskalaren arabera, aurrekariak ditu «ekintza arrazistak» egiteagatik. Esaterako, iaz, Parisko immigranteen kanpaleku batean «homizidio saiakera bat» egin izana egotzi zioten, eta kartzelatu egin zuten. Hori jakinarazi du fiskalak, eta gehitu «arrazoi arrazistak« kontuan hartuko dituztela ikerketa egiteko orduan. Hilketa eta nahita egindako homizidioa egozten dizkiote, besteak beste.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa gertakarien lekura joan da, eta adierazi du ematen duela «atzerritarren kontra» eraso egin nahi zuela ustezko egileak, baina oraindik ez dagoela argi espreski kurduak ote zituen jomugan. CDKF Frantziako Kontseilu Demokratiko Kurduaren arabera, militante kurduak ziren hildakoak: bi gizon eta emakume bat. Darmaninek gaineratu du erasotzailea ez zutela lotzen eskuin muturrarekin. Adierazi du ez zutela detektaturik kurduen kontrako balizko mehatxurik, eta iragarri herrialdeko kurduen zentroen gaineko zaintza indartuko dutela. Darmanin mintzatzen ari zela, istiluak hasi dira Poliziaren eta erasoa gertatu den eremura bildu direnen artean.

Beste hiru pertsona zauritu ditu tiroketaren egileak, baita bere burua ere. Erasoa Enghien kalean gertatu da, Errepublikaren plazatik gertu, Frantziako hiriburuko hamargarren barrutian, dendaz, jatetxez eta kafetegiz josita dagoen leku batean. AP berri agentziak Murat Roni aktibista kurdua elkarrizketatu du, eta esan du Ahmet-Kaya har daitekeela «kurduen Parisko enbaxadatzat».

Fiskalak jakinarazi du duela gutxi behin-behinean aske utzi zutela ustezko hiltzailea, helegite bat aurkeztu zutelako eta onartu egin ziotelako. Iaz sable bat eskuetan zuela sartu zen Parisko hamabigarren barrutiko errefuxiatuen kanpaleku batera. Gainera, Le Figaro egunkariaren arabera, 2016an hari lapurtzen saiatu zen bati hainbat labankada eman zizkion. Gainera, auzitegi batek armak baimenik gabe edukitzeagatik zigortu zuten 2017an.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du, Twitterreko bere kontuan idatzitako txio batean, «eraso lazgarri baten helburua» izan direla Frantziako kurduak. Anne Hidalgo Parisko alkateak idatzi du, Twitterreko bere kontuan, «kurduen komunitateari» eta, beraz, «paristar guztiei» eragiten diela «eskuin muturreko militante batek» egindako hilketak. Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoa alderdiaren buruak nabarmendu du, sare sozial berean, «amorrua eta tristura» sentitzen dituela gertatutakoagatik, eta gogora ekarri du orain hamar urte Parisen gertatutako antzeko ekintza bat. «Orain hamar urte, ia egun berean, hiru militante kurdu hil zituzten Paris erdialdean».

Ikusi gehiago: Hiru militante kurdu hilda topatu dituzte Parisen, PKK-ren sortzaileetako bat tartean

Marine Le Pen Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren buruak ez die erreferentziarik egin ez tiroketa gertatu den lekuari, ez ustezko egilearen aurrekariei. «Tragedia izugarri hau pairatu dutenen senideak ditugu gogoan».

AFP berri agentziak lekuko baten hitzak jasoz kaleratu duenez, zazpi-zortzi aldiz tiro egin ditu erasoaren ustezko egileak. Beste lekuko batek BFM telebistari esan dio tiro egin duena zuria dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. ©GEORGI LICOVSKI / EF

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean bozak berriz egiteari

Mikel O. Iribar

Kurtik zehaztu du Serbiak Kosovoko indarren aurka «babestutako» indarkeria amaitzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean. ©EFE

Hemezortzi lagun hil eta ehundik gora zauritu dituzte Khartumgo azken bonbardaketetan

Mikel O. Iribar

RSFk armadari egotzi dio zibilen aurka «ekintza ankerra» egin izana. AEBek eta Saudi Arabiak «zalantza handia» dute bi aldeek beteko ote duten giza laguntza eskuratzeko konpromisoa.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.