Peru

Konfiantza mozio batera aurkeztuko da Peruko Gobernua urtarrilean

Peruko lehen ministro berri Alberto Otarolak iragarri du erabakia, «gobernabidearen oinarriak sendotzeko eta bermatzeko».

Boluarte presidentea eta Otarola lehen ministro berria. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 24a
09:53
Entzun

Bi aste inguru daramatza indarrean Dina Boluarte Peruko presidentearen gobernuak, eta izan dira aldaketak tarte labur horretan. Aste hasieran azaldu zuen Boluartek gobernua berregituratzeko asmoa. Tartean, Pedro Angulo orain lehen ministro ohiari eragin zion erabakiak. Haren ordez Alberto Otarola izendatu zuten lehen ministro, abenduaren 21ean. Aurretik, Defentsa ministro izandakoa da. Batetik, 2011-2012 artean, Ollanta Humalaren gobernu aldian; bestetik, Boluarte boterera heldu ostean, hamaika egunez besterik ez, lehen ministro izan aurretik.

Gorabeherak gorabehera, Boluarteren agintaldia egonkortzeko konfiantza mozio batera aurkeztuko direla iragarri du Otarolak. «Gobernagarritasunaren oinarriak sendotzea eta bermatzea» da horren arrazoia. Urtarrilaren hasieran izango da, hilaren 6an edo 10ean; parlamentuaren agendaren arabera zehaztuko dute eguna. «Herrialdean bakea finkatzeko premiazko eta beharrezko neurriak ekarriko ditugu», adierazi du lehen ministroak.

Ikusteko dago zer ondorio izango dituen konfiantza mozioak Peruko politikan. Oraingoz malkartsua da herrialdeko egoera politikoa: krisia eta protestak piztu dira, eta 26 pertsona hil dira behintzat. Manifestariek eskatzen dute Kongresuaren jarduna bertan behera geratu dadila, eta hauteskundeak berriro egin ditzatela. Herritarren %83 hauteskundeak 2026aren aurretik egitearen aldekoak dira, Peruko Ikerkuntzarako Institutuak joan den astean argitaratutako inkesta baten arabera. Eta hala erabaki du Peruko Kongresuak: bozak 2024ko apirilera aurreratzeko lege proiektua onartu du, nahiz eta 2026ra arte gobernatzeko ahala izan (orduan amaitzen zen Pedro Castillo kargugabetuak uztailean hasitako agintaldia). Boluarteren ahotan, «trantsiziokoa» da bera buru duen gobernua, eta hauteskundearen bozak aurreratzearen alde agertu da.

Ikusi gehiago:Bozak «aitzakiarik gabe» aurreratzera deitu du Boluartek Kongresua

Pedro Castillo presidente ohiak atxiloaldian jarraitzen du. Peruko Botere Judizialeko epaile nagusiak joan den astean onartu zuen fiskaltzaren eskaera, atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzearena. «Ihes egiteko arriskua» dagoela deritzo fiskaltzak. Castillo abenduaren 7an hartu zuten atxilo, Kongresuaren desegitea iragarri eta gutxira hura kargutik kendu ondoren

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.