EUSKAL PRESOAK

Sarek askotariko biktimak elkartuko ditu urtarrilaren 7an

Elkarbizitzarantz aurrera eginez izeneko mahai ingurua antolatu dute goizerako, eta 17:00etan hasiko da euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa.

Unai Romanok, Ibon Garatek eta Rosa Roderok agerraldia egin zuten hilaren 16an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2022ko abenduaren 29a
10:26
Entzun

Sare plataformak Bilbon egingo du euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioa; 17:00etan abiatuko da, La Casillatik. Baina, goizerako, mahai inguru bat prestatu du, eta bertan elkartuko ditu ETAren, GALen, presoen sakabanaketa politikaren eta torturaren biktimak. Solasaldia 10:30ean izango da, Euskalduna jauregian.

Elkarbizitzarantz aurrera eginez izena jarri diote hitzaldiari, eta sei lagun ariko dira hizketan: Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxearen alarguna; Rosa Lluch, ETAk hildako Ernest Lluchen alaba; Maider Garcia, GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alaba; Irantzu Benito, zeinak bi lagun galdu baitzituen auto istripuan, espetxerako bisita batean; Mari Nieves Diaz, torturak salatu zituen Iratxe Sorzabal presoaren ama; eta Tamara Muruetagoiena, torturen ondorioz hildako Esteban Muruetagoienaren alaba. Moderatzaile lanetan Maider Galardi kazetaria ariko da.

Duela bi aste, Sarek iragarri zuen indarkeriaren zenbait biktimak babesa adierazi ziotela urtarrilaren 7ko manifestazioari. Aurrez, Urtezahar egunerako, beste mobilizazio batzuk ere antolatu ditu plataformak:

Bizkaian, manifestazio bat egingo dute Basaurin, kartzelatik abiatuta, 12:00etan. Gipuzkoan, Donostiako Martuteneko espetxetik hasiko da mobilizazioa, 11:00etan, eta Nafarroan, ostiralerako eta larunbaterako zenbait deialdi egingo dituzte, herriz herri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.