Euskaltzale Independentisten Topaketak egingo dituzte, «Euskararen Errepublika» eraikitzeko

Udazkenean egingo dituzte, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta. Euskaltzale eta independentistek elkarrekin pentsatzeko «elkargunea» izango dira.

Euskal Herrian Euskaraz taldearen agerraldia. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urtarrilaren 17a
16:11
Entzun

Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatuko ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek udazkenean. Eta «Euskararen Errepublika» eraiki nahi duten horiek guztiak batzea izango da helburua. Asteburu batean egingo dituzte, eta bi egun iraungo dute: «Formakuntzarako eta hausnarketarako aukera izanen da, baita adin guztietarako aisialdi-eskaintzaz gozatzekoa ere».

Euskaltzale eta independentistek elkarrekin pentsatzeko «elkargunea» izango dira topaketak. Horretarako, Euskal Herriko hainbat hizlari gonbidatuko dituzte, baita euskalgintzako eta beste mugimenduetako kideak ere. Besteak beste, euskararen aldeko mugimenduak dituen indarguneak nola baliatu eztabaidatuko dute, eta euskararen aldeko borrokan beste hainbatekin loturak nola landu ere bai, intersekzioaren ikuspegitik.

EHEren asmoa da Euskaltzale Independentisten Topaketak bi urtean behin antolatzea hemendik aurrera. Hori dela eta, lehen aldia «garrantzi handikoa» izango da haientzat, eta «buru-belarri» egingo dute lan. Lehenengo aldiaren xehetasunak aurrerago emango dituzte.

«Euskararen Errepublika» helburu

Euskal Herrian Euskaraz-ek hausnarketa prozesu bat abiatu zuen pandemia garaian: Astindu. Hartan zehaztu zuten hurrengo urteetarako apustu estrategikoa: «Euskararen Errepublika» eraikitzeko beharra. «Euskaldunok gure hizkuntza eskubideak bermatuak izango ditugun marko bat behar dugu, eta hori independentziak bere horretan ziurtatuko ez badu ere, independentzia nazionala ezinbestekoa dugu horretarako». Taldeak ezinbestekotzat jo du euskara ardatz izango duen «Errepublika propioa» eraikitzea.

Hausnarketa prozesu horretan, antolaketa ere moldatu zuen taldeak. Eta, orain, proiektu edo gai jakinak landuko dituzten lantalde nazionalek hartuko dute garrantzia. Hala ere, tokian tokiko taldeei eutsiko diete. Antolakuntza eredu berria dela eta, bilerak egingo dituzte lau hilean behin: Komunitatearen Bilkurak. Lehenengoa larunbatean egingo dute, 10:00etan, Senpereko Larraldean (Lapurdi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.