Mendebaldeko Sahara

Fronte Polisarioak Marokoren kontrako «borroka armatua areagotzea» onartu du

Buruzagia aukeratzeko, Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak bihar arte luzatu du su etena hautsi osteko lehen kongresua.

Fronte Polisarioaren kongresua. STR/ EFE
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 20a
10:01
Entzun

Fronte Polisarioa XVI. Kongresua egiten ari da joan den ostiraletik, eta atzo baiezkoa eman zioten askapen mugimendu nazionalaren buruzagitzak proposaturikoari: Marokoren kontrako «borroka armatua areagotzea». Saharako mugimendu independentistaren estrategia berriaren barruan hartu zuten erabakia.

Ikusi gehiago:Polisarioak su etena hautsi osteko lehen kongresua abiatuko du gaur, Dakhlan

«Borroka armatua ardatz nagusi duen ekintza plan nazionala onartzeak berretsi egiten du saharar herriak eta haren ordezkari legitimoak, Fronte Polisarioak, borroka armatuaren alde egin duten apustua, beren eskubideak defendatzeko eta beren eskubideen gaineko subiranotasuna berreskuratzeko tresna gisa», adierazi zuen Mohamed Sidati kongresuko bozeramaileak.

Estrategia berrian, bide diplomatikoak eta «okupatutako lurraldeen» egoera «indartu» nahi dituzte, baita komunikazioa ere. Alor horretan, Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa esanguratsua izan da, Pedro Sanchez gobernuburuak iaz jakinarazi baitzuen Rabaten Mendebaldeko Sahararentzako autonomia plana sostengatzen dutela, gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena» dela argudiatuta.

Buruzagitzari buruzko bozketa ere egin behar dute, eta, horretarako, bihar arte kongresua luzatzea erabaki dute. Gaur eginen dute bozketa, eta bi hautagai aurkeztu dira: Brahim Gali egungo idazkari nagusia —irabaziz gero, hirugarren agintaldia izango luke—, eta Batxir Mustafa, El-Uali Mustafa Saied lider historikoaren anaia —babes handiena jasoz gero, lehen aldiz hartuko luke buruzagi kargua—. Emaitzak gaurko espero dira.

Fronte Polisarioa eta Maroko higatze gerra batean ari dira 1991n adostutako su etena hautsi zenetik; Maroko Guerguerat eremuan sartu izanak eragin zuen ia hiru hamarkadako menia haustea eta gerra egoerara itzultzea. Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara, eta Polisarioa gerran aritu zen, harik eta, erreferendum baten promesaren truke, menia sinatu zuen arte.

Ikusi gehiago:Fronte Polisarioak hautsitzat jo du 1991ko su etena, eta gerra egoera ezarri du

Rabaten eta Fronte Polisarioaren arteko azken elkarrizketa ofizialak 2008an egin zituzten, New Yorken (AEB), eta Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako NBEko ordezkari izendatu zutenetik, 2021eko azaroan, bide diplomatikoak ez du aurrerapausorik eman.

Aurten, gainera, Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak 50 urte beteko ditu, maiatzaren 10ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.