Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Alemaniak atea ireki dio bere baimenik gabe Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeari

Poloniak jakinarazi du laster egingo duela eskaera formala. Nolanahi ere, Berlinen asmoa da aliatuekin batera adostea tankeen bidalketa. Macronek aurreratu du ez duela baztertzen Leclerc tankeak Ukrainari entregatzea.

Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroa, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria eta Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroa, ostiralean
Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroa, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria eta Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroa, ostiralean EFE

Igor Susaeta -

2023ko urtarrilak 23

Mendebaldeko aliatu gehienen presio diplomatiko handia jasaten ari da Alemania 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik fabrikatzen dituen Leopard 2 tankeak Ukrainara bidal ditzan, edo, gutxienez, halakoak dituzten beste herrialde batzuei gatazkara eramateko baimena eman diezaien. Izan ere, lizentzia akordioen arabera, Berlinen baimenik gabe ezin dituzte ibilgailu horiek herrialde batetik bestera lekualdatu, horien ekoizlea izaki. Nolanahi ere, Alemaniak atea ireki dio bere onespenik gabe mugimendu horiek egiteari. Finlandiak eta Poloniak azken egunetan adierazi dute prest daudela Leopard 2 batzuk Ukrainari entregatzeko, eta, horri buruz galdetuta, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak atzo LCI Frantziako telebista katean nabarmendu zuen ez dutela oztoporik jarriko halako tankeak dituzten herrialdeek planteatzen baldin badiete gatazkara eramatea. Eta, gaur, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak jakinarazi du «laster» egingo dutela eskaera formala.

Alde horretatik, duela egun batzuk baino argiagoa da Alemaniaren jarrera. Joan den ostiralean, Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak bilera egin eta gero, Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak azaldu zuen zalantzak zituela tankeak bidaltzearen inguruan. Baina atzo adierazi zuen, ordea, «argi» ikusten duela Ukrainak tankeak behar dituela, eta Olaf Scholz kantzilerrak «laster» hartuko duela horri buruzko erabaki bat. Ukrainako Gobernuak azken egunetan esan du blindatu horiek «azkar» behar dituela, argudiatuta Mendebaldearen «erabakitasunik ezaren ondorioz» gero eta ukrainar gehiago ari direla hiltzen.

Ikusi gehiago: Zergatik Leopard tankeak?

Berlinen jarrera aztertzean aintzat hartu behar da, gainera, Scholzen SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren tradizio antimilitarista, baita errezeloak agertu dituela ere tankeak bidaltzean, irudituta horrek gerra koska bat areagotu dezakeela. Dena den, Pistoriusek esan zuen ostiraleko bileraren ondoren ez diola muzin egiten tankeak bidaltzeari, «aliatuekin akordio bat eginez gero». Eta, atzo, ARD Alemaniako telebista publikoan azpimarratu zuen ez dagoela garbi tankeak nork emango dizkion Ukrainari, edo Alemaniak edo «ekarpen bat» egin nahi duten beste herrialde batzuek.

Erresuma Batuak jakinarazi zuen, lehengo astean, hamalau Challenguer 2 tanke bidaliko dituela Ukrainara, eta Alemaniako zenbait hedabidek kaleratu zuten Berlinek Leopard 2 motakoak bidaliko zituela AEBek ere Abrams tankeak bidaltzen baldin bazituzten. Washingtonek jakinarazi zuen momentuz ez duela horretarako asmorik, eta Alemaniak informazio hori gezurtatu zuen. Dena den, Scholzek hau esan zion, lehengo astean, Bloomberg hedabideari: «Gure aliatuekin eta adiskideekin batera jokatzen dugu beti, inoiz ez bakarrik».

Ikusi gehiago: Alemaniaren ustez, aliatuek defentsan aritu beharko lukete Ukrainan, ez erasoan

Eta Scholz Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu zen atzo, Parisen, eta, ondoren biek elkarrekin egindako prentsaurrekoan, nabarmendu zuten tankeak bidaltzeko baldintzetako bat dela aliatuek erabaki hori adostea. Bide batez, Macronek iragarri zuen ez duela baztertzen Ukrainari Frantziako armadaren Leclerc tankeak entregatzea.

Ehunka tanke

Ukrainak eskerrak eman dizkio Mendebaldeari, ematen ari zaion laguntza militarragatik, baina arma gehiago nahi ditu. Gaur, Volodomir Zelenski presidentearen kabineteburu Andrei Yermakek adierazi du «ehunka tanke» behar dituztela gerrarako, «eta ez soilik hamar edo hogei». Joan den abenduan, Valeri Zaluzhni Ukrainako armadaren buruzagiak esan zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko 300 bat tanke behar dituela Errusiak Ukrainan hartutako lur guztiak berreskuratzeko. Mendebaldeko hainbat adituren arabera, berriz, ehun nahikoa izango lirateke horretarako. 2.000 Leopard 2 tanke daude Europan.

Errusia ohartarazten ari da, bestalde, Ukrainara tankeak bidaltzeak ondorio negatiboak izango lituzkeela, oro har, eta Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak gaur azpimarratu du gatazka areagotzea «biderik arriskutsuena» dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.