Futbola

Realzaleak kolore zuri-urdinekin sartu ahal izango dira Camp Noura

Bartzelonak argitu du gaur ez duela aplikatuko «arrisku handiko neurketetako protokoloa». Atzo arte, klubaren webguneak abisua ematen zuen sarrerak erostean: Realaren jarraitzaileek ezingo zituzten taldearen sinboloak erakutsi etxeko zaleen harmailetan.

Anoetako harmailak, aurten, Bartzelonaren aurka ligan jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 25a
11:47
Entzun

Azkenean, realzaleak euren elastiko, bufanda eta bandera zuri-urdinekin sartu ahal izango dira gaur Camp Noun (Bartzelona), baita etxeko zaleen guneetan ere. Bart argitu zuen hori Bartzelonak. Azken egunetan haserrea erakutsi dute Realeko hainbat zalek, baita Imanol Alguacil prestatzaileak ere atzo eman zuen prentsaurrekoan: «Oso tristea da, pena handia. Ez naiz sartuko deitu ez nauten lekuan, baina tristea da, etxetik kanpo, zale batek bere taldea ezin ordezkatu ahal izatea bere koloreekin», esan zuen.

Zergatik dio hori? Bada, atzo arte, Bartzelonaren webgunean sarrerak erosten zituzten zaleei argi esaten zielako talde blaugrana-k: etxeko zaleen tokietan ezingo dira talde bisitariaren sinboloak erakutsi. Eta hori gutxi balitz bezala, gainera, Realari 162 sarrera soilik bidali dizkiote. 99.354 ikuslerentzako tokia du Camp Nouk.

Bartzelonak eta Realak gaur jokatuko dutena Espainiako Kopako final laurdenetako norgehiagoka izango da (21:00), eta ikusmina sortu du partidak: bolada bikainean helduko dira bi taldeak. Ligako liderra da bat, eta berriki Superkopa irabazi du; besteak, berriz, bederatzi garaipen jarraian daramatza, inoiz baino gehiago.

Protokoloa

Baina, non du jatorria Bartzelonaren neurriak? Ofizialki aitortu ez duten arren, hainbat hedabidek diote iaz Europa Ligan Eintracht Frankfurten aurka jokatu zuten partidan duela: egun hartan, Alemaniako taldearen 30.000 zale inguru bildu ziren Camp Noun, eta ia gehiago ikusi ziren kamiseta zuriak blaugrana-k baino. Gaur izango dira realzaleak harmailetan, baina 30.000 lagunera ez dira gerturatu ere egingo, inondik inora ere. Bartzelonaren jarraitzaileak ere ordukoan baino gehiago izango dira.

Eintracht Frankfurteko milaka zale, iazko apirilean, Camp Noun.Alejandro Garcia / EFE

Bartzelonak argitu duenez, «arrisku handiko neurketetan» aplikatzen den protokoloa da kontua. Partida horiek dira, adibidez, Real Madrilen kontrako klasikoa, Atletico Madrilen bisitak, Txapeldunen Ligako partidarik garrantzitsuenak edota Espanyolen aurkako derbia. Azken aldiz partida horretan aplikatu zen, abenduaren 31n, eta orduan ere eztabaida sortu zuen neurriak. Gaurkoa ez da egun horietako bat: ikusleak nahi duten koloreekin jantzita joan ahalko dira zelaira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.