Energia berriztagarriak

Energia berriztagarrien bost azpiegiturari ingurumen baimena eman diete

Arabako Labrazako proiektuak baimena jaso du, baita Nafarroako beste lau proiektuk ere. Laminorian (Araba) bitariko azpiegitura berriztagarri bat eraikitzeko proiektua ere aurrera doala iragarri du Aixeindarrek: haize errotak eta eguzki plakak izango ditu, eta 80 megawatt ekoitziko ditu guztira.

Oñatiko parke eolikoa. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 25a
12:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak joan den astean jakinarazi zuen Labraza eta Azazetako (Araba) proiektu eolikoek aurrera segitzen dutela. Labrazak aldeko adierazpena jaso zuen jada ingurumen inpaktuari dagokionez, eta Aixeindarrek gaur jakinarazi du Azazetakoak ere jaso duela jada —sozietate publiko horrek eraikiko ditu bi parkeak—. Nafarroan ere beste lau parke eolikori eman die gobernuak ingurumen baimena.

Aixeindarrek esan duenez, «energia erabat berdea» ekoiztuko dute Azazetako eta Labrazako parkeek, eta 470 lanposturaino sortuko dira «lan askoko aldietan». Bakoitzak 40 megawatt ekoitziko ditu, eta horiek eraikitzeak 169 milioiko kostua izango du. Horrez gain, azaldu du «107.000 etxe hornitzeko energia» ekoitziko dutela, eta atmosferara 50.000 tona CO2 botatzea eragotziko dela.

Ikusi gehiago:Berriztagarrien ingurumen baimena jasotzeko baldintzak malgutu dituzte

Nafarroakoei dagokienez, atzo bukatzen zitzaion administrazioari proiektu horiek onartu eta baztertzeko epea, eta sei eskaera tramitatu ditu: Cascante II eta Murchanteko parke eolikoak —lehenari baimena eman diote, baina bigarrenari ez— eta Castejongo Cierzo IV, Tuterako Ebro I eta La Nava, eta Cascanteko El Salsillo eguzki parkeak. Horien artean Cierzo IV eta Ebro I parkeei baiezkoa eman diete, eta La Nava parkeari emandakoa «partzialki aldekoa» izan da. Azken baimen horiek kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak 69 eskaera tramitatu ditu legegintzaldi honetan, eta horietako 35 proiekturi eman diete ingurumen baimena—1.400 megawatt ekoiztuko dituzte guztira—.

Bitariko azpiegitura bat Laminorian

Arabako Laminoriako Erret Haranean ere beste egitura berriztagarri bat egiteko proiektuaren berri ere eman du Aixeindarrek. Ingurumen eraginaren baimenaren zain dago egitura hori oraindik. Haize errotak eta eguzki plakak izango ditu, eta bakoitzak 40 megawatt ekoitziko ditu. Jakinarazi du hiru proiektuek badutela jada sarbidea ebakuazio sarera.

«Jaurlaritza legea urratzen ari da»

Jaurlaritza parke berrien proiektuekin aurrera doala ikusita, EH Bilduk kritikatu du gobernuak Plan Sektoriala onartu gabe amaituko duela legealdia. Hain zuzen, Mikel Otero legebiltzarkideak galdetu du ea nola den posible energia berriztagarrien zentralak egingo direla iragartzea eta martxan jartzea lurralde plangintza egokirik gabe. Hori argitzeko, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuari eskatu dio legebiltzarrean agerraldi bat egiteko.

Horrez gain, Oterok adierazi du «kezkatuta» dagoela Tapiak Lurralde Plan Sektorialaren inguruan egindako adierazpenekin; izan ere, adierazi zuen «gutxienez urte eta erdi» falta dela oraindik energia berriztagarrien hedapena arautu eta ordenatu behar duen dokumentu hori onartzeko. Oterok atzerapen hori gaitzetsi du: «Bi urteko atzerapena nahikoa ez balitz bezala, orain Tapiak esaten digu legea urratzen jarraitzeko asmoa duela eta energia berriztagarrien garapena behar bezala antolatzeko ezinbestekoa den plan hori ez dela 2025a baino lehen onartuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.