Ingurumen eraginaren azterketa

Berriztagarrien ingurumen baimena jasotzeko baldintzak malgutu dituzte

Espainiako Kongresuak balioztaturiko dekretu baten bidez, ingurumen eraginaren baimena lortzea erraztuko diete energia berriztagarriak ekoizteko azpiegiturak eraiki nahi dituzten enpresei

Azpeitian zentral eolikoen aurka egindako elkarretaratze bat. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Energia berriztagarriak sortzeko azpiegitura handiek jada ez dute ingurumen eraginaren baimena lortzeko prozedurarik egin beharko. Hori arautu du Espainian indarrean sartu den 20/2022 Errege Dekretuak. Abenduaren 27an onartu zuten Ministroen Kontseiluan, eta atzo Espainiako Kongresuan eztabaidatu ondoren baliozkotu zuten.

Ikusi gehiago: «Alarma sortu nahi dute trantsizio energetikoaren beharra ezartzeko»

Orain arte, ingurumenean nolabaiteko eragina izan zezaketen proiektuek prozesu bat bete behar zuten ingurumenean izango zuten inpaktua neurtu eta aurrera jarraitu ahal izateko. Prozesu horren bidez, proiektuak eragingo zien erakunde eta entitate guztiek parte hartzeko aukera zuten, eta hori zen herritarren parte hartzea bermatzen zuen organo bakarra. Ebaluazio hori inplikatutako erakunde guztiei bidali, eta argitara ateratzen zituen AEEIA Ingurumen Inpaktua Ebaluatzeko Espainiako Elkarteak, eta erakunde horien iruzkinak biltzen zituen gero.

Iazko martxoan, prozesu horretan aldaketa batzuk egitea onartu zuten «prozesua sinplifikatu eta arintzeko», martxoaren 29ko 6/2022 lege dekretuaren bidez. Hain zuzen, ingurumen baimena prozesu azkar baten bidez lortzeko bidea ireki zien ingurumenean eragin apala leukaketen leku batean egin nahi zituzten proiektuei eta energia kantitate batetik behera ekoiztuko zutenei —150 megawatt eguzki plaken kasuan, eta 75 megawatt eolikoen kasuan—. Abenduaren 27an onartutako dekretu honen bidez, ordea, bi baldintza horiek ere ezabatu ditu Espainiako Gobernuak, eta 50 megawattetik gora ekoizten duten proiektu guztiei aplikatu ahalko zaie prozedura azkar hori —50 megawatt baino gutxiago ekoizten dituzten azpiegituren eskumenak autonomiek kudeatzen dituzte—. Beraz, Euskal Herrian, oraingoz tramitazio bidean dauden bi parke eolikori eragingo lieke dekretu berriak: Aramaio eta Eskoriatza artean egin nahi duten Itsaraz proiektuari, eta Uxue, Pitillas eta Erriberri hartzen dituen Los Corrales parkeari.

Espainiako Gobernuak azaldu du «koiunturazko neurri bat» dela, eta, oraingoz, 2024ko abendura arte jarraituko du indarrean. Izan ere, dekretuak Europako Batasuneko Energia Ministerioko Kontseiluan hartutako neurri bati erantzuten diola esan du Espainiak. Hain zuzen, abenduaren 19an hartu zuen erabaki hori Bruselak, «Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko» beste neurri batzuekin batera. Espainiak argudiatu du energia berriztagarrien bidez ekoizteak eragotzi egingo duela Errusiak energia «arma bezala» erabiltzea.

Neurri horiek ingurumenarentzat daukaten arriskuaz ohartarazi dute zenbait talde ekologistak, baita AEEIAk ere, erabakiaren aurka atera duen komunikatu batean. Izan ere, prozedura berriaren bidez, proiektua egin nahi duen enpresak berak eskatuko dio ingurumen kalteen txostena kanpoko enpresa bati, eta gero Trantsizio Ekologikoko Ministerioari helarazi beharko dizkio dokumentu horiek. Behin ministerioak horiei baiezkoa emanda, eskumena daukan entitateari helaraziko dio —dekretuan aditzera ematen da autonomia erkidegoa izango dela—, eta hark hamar eguneko epea izango du alegazioak egiteko. Erantzuten ez badu, baiezkotzat hartuko dute.

Ekologistak, haserre

Zenbait elkarte ekologistak iragarri dute prozedura horrek prozesua azkartu baino gehiago oztopatu egingo duela, eta gizarteari halako proiektuetan parte hartzeko aukera kentzen diola. Izan ere, azaldu dute elkarteentzat eta herritarrentzat auzitara jotzea izango dela modu bakarra halako proiektuekin ados ez daudela adierazteko, egiteko modu horrek orain arte herritarrek parte hartzeko izan dituzten mekanismoak deuseztatzen dituelako.

Horrez gain, AEEIAk ateratako oharrean adierazi du Natura 2000 Sarearentzat ere «mehatxu bat» dela. Izan ere, dekretuak debekatu egiten du energia berriztagarriak sortzeko proiektuak gune babestuetan ezartzea, baina erakundeak adierazi du gune babestuen barnean ezarri ez arren eragina izan dezakeela espazio horietan ere.

Horrez gain, adierazi du berriztagarriak ez diren bestelako proiektuak baztertzen direla, ingurumen inpaktu txikiagoa izan arren, eta berriztagarri izateagatik soilik bidea errazten dietela megaproiektuei.

Eztabaida kongresuan

Ingurumen baimenaren inguruko arau hori Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko dekretuaren barnean sartu du Espainiako Gobernuak, eta, dekretua abenduaren 27an Ministroen Kontseiluan onartu zen arren, atzo Espainiako Kongresuan hura baliozkotu edo indargabetu eztabaidatu zuten. Kongresuak dekretua balioztatu zuen, aldeko 175 botorekin, kontrako zazpirekin eta 164 abstentziorekin.

Bitartean, kongresuaren aurrean, protesta egin zuten hainbat talde ekologistatako kideak biltzen dituen Makroberriztagarriak Ez plataformako kideek, eta salatu zuten ingurumen baimenaren inguruko araudia horrela aldatzeak berekin zekarrela «ingurumenaren babesik eza, segurtasun juridikorik eza eta beste proiektu batzuekiko bidegabekeria».

Kongresuan bertan ere, talde gehienek salatu zuten Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko aitzakian bestelako legeak ezarri dituela gobernuak dekretu horren bidez. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak, esaterako, «lege proiektu bezala» tramitatzeko eskatu zuen, dekretu horretan «norabide egokian ez doazen arauak» egokitu ahal izateko. ERCko Joan Capdevilak ere kritikatu zuen gobernuak hartutako neurria: «Paradoxikoa da 50 megawatt baino gutxiagoko proiektuek ingurumen baimena behar izatea eta, aldiz, proiektu handiagoetan eskakizun hori deuseztatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.