Albistea entzun

Zientzia

Lezetxikiko hagin bati esker, baieztatu dute neandertalak oso berandu arte bizi izan zirela inguruan

Diego Lopez-Onaindia ikertzaileak adierazi du kezkatuta dagoela AHTren lanek kobazuloan eginiko kalteekin. Arrasateko Udalak azalpenak eskatu dizkio Lezetxikin eginiko kalteen «kausen eta erantzukizunen» inguruan.

Lezetxikiko aztarnategian eginiko indusketa lanak, artxiboko irudi batean.
Lezetxikiko aztarnategian eginiko indusketa lanak, artxiboko irudi batean. Andoni Canellada / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2023ko otsailak 3 17:02

Bazekiten neandartalak bizi izan zirela Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki kobazuloan, baina, orain arte, ez zekiten oso berandu arte iraun zutela Iberiar penintsularen iparraldean, gizaki modernoek ordezkatu aurretik. Ondorio hori atera duen ikerketa bat argitaratu berri du American Journal of Biological Anthropology aldizkariak. Bordeleko Unibertsitateko (Okzitania) Diego Lopez-Onaindiak zuzendu du ikerketa egin duen zientzialari taldea. Sare sozialetan adierazi duenez, kezkaturik dago AHTren lanek kobazuloan eragin duten kalteaz. «Ez dut ulertzen nola onartu daitekeen holakorik XXI. mendean gertatzea».

Lezetxiki 1927. urtean aurkitu zuten, eta Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak ikertu zuten 1956tik 1968ra arte. Arkeologoek hagin bat topatu zuten han 1963. urtean. Lurrazpiko zer geruzatan ikusita, ondorioztatu zuten neandertal batena zela.

Lezetxikin topaturiko haginen azterketa. / Diego Lopez-Onaindia, Marina Lozano, Aida Gomez-Robles, Alvaro Arrizabalaga, M. Eulalia Subira.

Lopez-Onaindiak zuzenduriko ikerketan, berriz, hagina sakon aztertu dute, eta baieztatu dute neandertal heldu batena zela, eta Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoaren arteko mugan aurkitu zituztela. Ondorioztatu dute neandertal hura duela 57.000-32.000 urte bizi izan zela. Horrek esan nahi du «Ipar Iberiar penintsulako neandertal gazteenen artean» dagoela.

Gizakiaren nondik norakoak argitzeko Lezetxikik eman duen azken informazio baliotsua da. Lehen ere, zientziarako datu garrantzitsuak eman ditu Arrasateko harpe horrek. Lehen indusketetan, Behe Paleolitoko Homo heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa topatu zuten. 2016. urtean, hezur hori zuzenean datatu zuten, eta gutxienez 164 mila urte dituela ondorioztatu zuten. Gaur egun Euskal Herrian dagoen giza aztarnarik zaharrena da.

Lezetxikiko aztarnategian ikerturiko eremuaren planoa. Ezkerrean, goitik ikusita, eskuinean, geruzak agerian. Hezur berdeek han aurkituriko haginak adierazten dituzte, eta arrosek, humeroa (askoz sakonago: beraz, askoz zaharragoa). / Diego Lopez-Onaindia, Marina Lozano, Aida Gomez-Robles, Alvaro Arrizabalaga, M. Eulalia Subira.

Albiste izan da kobazuloa azken orduetan, salatu baitute AHTaren tunel batek han kalteak egin dituela. Ikerturiko aldetik gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez.

Lopez-Onaindia ikertzaileak esan du informazio gehiagoren zain dagoela, «kobazuloak zer-nolako kalteak izan dituen» jakiteko.

Udala, azalpen eske

Arrasateko Udalak azalpenak eskatu dizkio Lezetxikin eginiko kalteen «kausen eta erantzukizunen» inguruan. Azpiegitura eraikitzen ari den enpresa Espainiako Garraio Ministerioaren menpekoa da, eta udalak jakin nahi du tunela zulatu aurretik eremu horretan dagoen ondarearen inguruko txosten teknikorik egin ote duten, eta horren kopia ote duten.

Udalak gogoratu du Lezetxiki-Leibar ingurua «arkeologiaren aldetik babestu beharreko mendi gisa sailkatuta» dagoela, eta adierazi du kezkaturik dagoela «irudiek erakutsitako kalteengatik».

Udala harriturik agertu da, AHTaren planoen arabera tunelak aztarnategitik «urrun egon beharko lukeelako, eta ez aldamenean». Horregatik, inguruko lanen plano «zehatzak» eskatu dizkiote Adifi.

Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultur ondasun izendatu zuen Lezetxikiko aztarnategia iazko ekainean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protestak

«Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu»

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protesta jendetsuak egin dituzte ikasleek Hegoaldeko hiriburuetan. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute.

'Batasunaren bidean' giza katearen aurkezpena. ©Maialen Andres / FOKU

Giza katea egingo dute bihar 8.000 lagunek, euskara batuaren alde

Julen Otaegi Leonet

Errenteria eta Donostia artean egingo da giza katea; 8.226 metro luze izango da. Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko» eta haren bultzatzaileak «oroitzeko» egin dute deialdia.

Isabel Zelaa Hezkuntza ministro ohia, artxiboko irudi batean. ©Luca Piergiovanni / EFE

‘Zelaa legea’ babestuko du Konstituzionalak, Voxen helegite bat atzera botata

Berria

Epaimahaik atzera bota du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak diruz laguntzearen alde egiten zuen ebazpen zirriborroa.

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. ©jagoba manterola / foku

Osasunbideko lan baldintzen legea onartu dute Nafarroako Parlamentuan, ia aho batez

Ion Orzaiz

11/1992 Foru Legea moldatzearen alde egin dute talde gehienek. Ezkerrak abstentziora jo du, «mahai orokorraren oniritzirik ez duelako».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.