Albistea entzun

Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea

Betetzeko dago oraindik ere Espainiako Ikus-entzunezkoen Legea

Onartu zenetik aldaketak izan dira katalogoetan eta programazioetan, baina, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, oztopoak daude hizkuntza gutxituen presentzia biderkatzeko bidean. Plataformek «urratsak» egitea galdegin du.

Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea. Maialen Andres/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2023ko otsailak 3

Sei hilabete igaro dira uztailean Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Maiatzean onartu zuten. Legeak honako hauek betetetzera behartzen ditu telebistak eta plataformak, besteak beste: hizkuntza koofizialetan kuotak ezartzea, eta diru sarreren ehuneko bat hizkuntza horietan egindako lanetarako erabiltzea. Dena dela, bai legea onartu aurretik, bai onartu ostean eragileek haren gabeziak ekarri zituzten hizpidera: kuota «testimonialak», «nahiko anekdotikoak» zirela; legearen helburuak benetan lortzeko «galduriko aukera» zela... Funtsean, hizkuntza gutxituak «ikusezin» bihurtzen zituela Ikus-entzunezkoen Legeak.

Berez, legeak eragiten dien plataformek-eta urte hau dute aldaketa horiek guztiak egiteko; 11 hilabete, hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko. Aurrera begira baino, atzerabegirakoa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, beste hainbat eragilerekin batera —Pantailak Euskaraz eta Hekimen elkartea—.

Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki gero eta gehiago gehitzen, baina ohartarazi du atal batzuk ez direla betetzen ari, legea lege izan arren. Hura onartu aurreko fase guztietan egin zituzten proposamenak hizkuntza gutxituen aldeko eragileek, nahiz eta azkenean «betebehar txiki batzuk» ezarri zizkien erakundeei eta plataformei. Hori bermatzeko gai ere ez da legea, «ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu ugari zabalik» utzi baitzituzten testua osatzean.

Horiek horrela, Kontseiluak eta beste eragileek eskatu dute «legea betetzeko urratsak egin ditzatela, euskarak duen presentzia biderkatzeko». Zehazki, Espainiako Gobernuari, RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri —baita streaming plataformei ere—.

Oraindik ere bete gabe dauden atal horiek zerrendatu ditu Kontseiluak. Lehena: «RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak [...] autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara [...] bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko du»; baita publiko orokorrari zuzendurikoak ere. Bigarrena: baldintza batzuen pean, streaming plataformek «hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko dituzte». Hirugarrena: plataforma horiek «hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko dituzte». Atal horiez gain, desgaitasunak dituztenen irisgarritasuna bermatzeko artikuluak, edukiak euren hizkuntza ofizialean bermatzeko, ez dira betetzen ari, Kontseiluaren arabera.

«Eskubideen urraketa betikotu»

Ez da ezer berririk urte erdiko hausnarketan: legea onartu zutenean ere, hizkuntza gutxituen aldeko hainbat talde Espainiako Diputatuen Kongresu parean bildu ziren. Aurretik, testua osatu bitartean egin zuten presio lana «erabakigarritzat» jo zuten. Emaitza, ordea, «oso eskasa»; legeak «eskubideen urraketa betikotu» zuela salatu zuten maiatzean Euskalgintzaren Kontseiluak, A Mesak, Plataforma per la Llenguak eta Iniciativa pol Astunianuk.

2022 amaiera aldera ere, Euskaraldiaren harira, Pantailak Euskaraz taldeak agerian utzi zuen streaming plataformetan euskarak zuen gabezia: haren arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Honako erreportaje hau ondu zuen gaiaren inguruan BERRIAk orduan: Euskara, pantailetan lauso.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.