Albistea entzun

Ikus-entzunezkoen lege proiektuak egin du bere bidea batzordean

Espainiako Kongresuak datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko du afera, osoko bilkuran. Plataformek diru sarreren %0,52 jarri beharko dituzte hizkuntza koofizialetan egindako lanetarako

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, artxiboko irudi batean.
Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko maiatzak 20

Espainiako Kongresuko Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordeak begi onez ikusi du Ikus-entzunezkoen Lege Proiektua. PSOEren, Unidas Podemosen, EAJren eta ERCren babesa jaso du, eta PPk, Voxek eta JxCk aurka bozkatu dute. EH Bildu eta Ciudadanos, berriz, abstenitu egin dira. Hurrengo urratsa Espainiako Kongresuaren osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzea izango da; ondo bidean, datorren astean. Adostutakoaren arabera, plataforma digitalek diru sarreren %0,52 hizkuntza koofizialetan egindako lanetarako erabili beharko dituzte, besteak beste.

Ikusi gehiago: Ikus-entzunezko Legean ezarritako kuotak «testimonialak» dira, hizkuntza gutxituen aldeko eragileen arabera

Legea aurrera ateraz gero, streaming plataforma handiek euren diru sarreren parte bat Europan egindako ikus-entzunezkoetarako erabili beharko dute lehen aldiz, eta estatuko telebista kateen pare jarriko dira. Zehazki, estatuan lortutako diru sarreren %5 Europako ikus-entzunezko lanak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta ehuneko horren barruan, gutxienez %70 izango dira estatuko hizkuntzetan eginiko lanentzat. Beste urrats bat gehiago egin behar da, ordea, euskarak, katalanak eta galegoak zenbateko presentzia izango duten zehazteko. Horiei %70 horren %15 bermatuko die legeak. Hiru hizkuntzetako bakoitzean egindako lanetarako, berriz, gutxienez %10 jarriko dira, eta gainerakoa erkidegoetako herritar kopuruaren arabera banatuko da. Azken puntu hori EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten, jeltzaleek aste hasieran azaldu zutenez. Horren helburua, EAJren arabera, laguntza guztiak hizkuntza bakar baterako izan daitezen eragoztea da. EH Bildurentzat, baina, kopurua ez da nahikoa.

Laguntzak bati edo besteari emateko oinarri bakarra ez da hizkuntza: %70 produkzio independenteei eman beharko dizkiete, eta %30 emakumeek sortu edo zuzendutako lanei. Era berean, gutxienez %45 pelikulak egiteko izan beharko dira. Telebista publikoei dagokienez, ikus-entzunezkoetarako erabili beharreko diru sarreren ehunekoa zertxobait handiagoa izango da: %6. Alabaina, 50 milioi eurotik beherako diru sarrerak dituztenentzat, betebeharrak txikiagoak dira.

Ez dira horiek plataformei ezarritako baldintza bakarrak. Katalogoaren %30 Europan egindako lanekin osatu beharko dute, Europako Batasunak ezarri bezala. Espainiako Gobernuaren lege proiektuak, gainera, zehazten du erdia gazteleraz edo hizkuntza koofizialetan egindako lanekin osatu behar dela, eta horren %40k hizkuntza koofizialetan behar duela. Legeak, baina, egoitza nagusia estatu barruan duten enpresei soilik eragingo die.

Neurri sorta luzea

Lege proiektuak 131 orrialde eta 164 artikulu ditu, eta plataformen irabazien ingurukoez gain, RTVEren finantzaketa eta telebista autonomikoen gobernantza ere aipatzen ditu, besteak beste. Gainera, talde parlamentarioek aurkeztutako zenbait zuzenketa ere onartu ditu batzordeak, hedabide komunitarioei eta jabetza intelektualari lotutakoak, besteak beste. TVEk haurrentzako bere edukiak euskarara bikoiztea ere jaso du lege proiektuak. Gobernuak, baina, galarazi egin du telebista autonomikoek BEZa kentzeko aukera izatea, argudiatuta aurrekontuetan eragingo zukeela.

Gorabehera handiak izan ditu lege proiektuaren tramitazioak orain arte, eta afera Espainiako aurrekontuak arriskuan jartzera ere iritsi zen,harik eta gobernuak eta ERCk adostasuna lortu zuten arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: Pirinioetako Bidea

Ekitaldi nagusia hasi da Guils de Cerdenyan, Katalunian

Jon O. Urain

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago argiztatuko dituzte gaur, Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren alde. Zuzeneko saio bat ere prestatu dute, eta Berria.eus-en ikusgai egongo da: 21:00etatik 22:30era izango da.

Pirinioetako bidea elkarrekin argitzen

Pirinioek batutako aldarria

Lara Madinabeitia - Olatz Artola Apeztegia

Suredak eta Gomezek «sinbologiaz betetako» mobilizaziotzat dute burujabetzaren alde uztailaren 2an egingo dutena. Elkarlana nabarmendu dute: «Parean duguna berdina da».

Koalizioaren aurkezpena. ©Endika Portillo / Foku

Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa aurkeztu dute

Yasmine Khris

Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko.

Gure Esku-k batzarra egin zuen Eibarren ekainaren 15ean, eta bertan banatu zituzten gaur piztuko dituzten argiak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Burujabetza nahia argiztatzera

Jon O. Urain

Euskal herritarrak eta katalanak Pirinioetako hirurehundik gora gailurretan mobilizatuko dira gaur

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...