Krisi diplomatikoa

AEBek Txinak ustez espioitzarako erabili duen globoetako bat eraitsi dute

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera.

Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, gaur, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean, eraitsia izan aurretik. NELL REDMOND / EFE
ander perez zala
2023ko otsailaren 4a
21:47
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak herrialdeko aire eremuan zegoen Txinaren globoa eraitsi du, Ozeano Atlantikora bidean zela, hango hedabideen eta Reuters albiste agentziaren arabera. Pentagonoak iragan asteartean detektatu zuen lehen aldiz objektu hori, eta, bi potentzien arteko beste krisi diplomatiko bat eragin ondoren, Joe Biden AEBetako presidenteak gaur erabaki du globo hori botatzeko agindua ematea. Defentsa Departamentuak asteon argudiatu du Pekinek espioitzarako erabili duela baloi hori; Txinako Gobernuak, aldiz, defendatu du «ikerketa zientifikoa» zuela helburu —besteak beste, «meteorologia kontuetarako»—.

AEBetako ipar-mendebaldean dagoen Montana estatuan atzeman zuten globoa lehen aldiz. «Leku delikatuen» gainetik pasatu zen; hain justu, Montana biztanleria dentsitate txikiena duten estatuetako bat da, eta armamentu nuklearreko hainbat gune daude han, esaterako. Hori bai, baloiak ez zuen «arrisku militar edo fisikorik», AEBetako Defentsa Departamentuak azaldurikoaren arabera. Halere, Pentagonoak esan zuen objektu horren mugimenduak «gertutik» aztertzen ari zirela.

Egunek aurrera egin ahala, baloia botatzeko aukera hizpidera ekarri zuten. AEBetako hedabideek azaldu dutenez, Biden bere aholkulariekin aukera horretaz eztabaidatzen aritu da egunotan, eta azkenean, globoa botatzea erabaki dute, nahiz eta, hasiera batean, hori ez egitea adostu zuten.

Etxe Zuriak operazioaz ezer jakinarazi ez duen arren, gaurko ohartarazpen batzuek iradoki dute baloia eraisteko operazioa antolatuta zegoela. Batetik, FAA Abiazioaren Administrazio Federalak Ipar Carolina eta Hego Carolina estatuetako hiru aireporturi agindu baitie «aktibitateak gelditzeko»; eta, bigarrenik, Hego Carolinan herritarrei eskatu baitiete globoari tiro ez egiteko.

Sare sozialetan partekaturiko bideoetan eta mezuetan ikusten eta irakurtzen denez, estatu horretako Myrtle hondartzaren gainean zegoenean bota dute baloia; hegazkin bat hurbildu da, eta lekukoek CNN telebista kateari azaldutakoaren arabera, «misil batek edo horren antzeko zerbaitek» eraitsi du objektua.

Krisi diplomatiko horren ondorioz, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak atzeratu egin zuen bihar Pekinera egitekoa zuen bi eguneko bisita, eta adierazi zuen, atzo, «unea egokia» denean joango dela hiri horretara.

AEBetako aire eremuan zegoen globoa bota aurretik, Pentagonoak jakinarazi du ustez Txinarena den beste baloi bat atzeman duela Latinoamerikan; halere, ez du zehaztu zein herrialderen aire eremuan aurkitu zuten. Costa Ricako La Nación egunkariak argitaratu du herrialde horren aire eremuan zebilela.

«Lasaitasun» eskaria

Txinako Gobernuak ez du, oraingoz, ezer adierazi bere globoetako bat eraistearen inguruan. Aldiz, gertakari horren aurretik, herrialde horretako Atzerri Ministerioak jakinarazi du, ohar baten bidez, «lasaitasuna mantentzeko» eta «epai okerrak saihesteko» eskatu diola AEBetako Gobernuari.

Wang Yi Txinako Kanpo Aferetarako Batzorde Zentralaren zuzendaria Blinkenekin mintzatu da gaurko ordu txikietan, eta AEBetako Estatu idazkariari esan dio «ezinbestekoa» dela «garaiz komunikatzea» eta «desadostasunak kontrolatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.