Hezkuntza

LABek hezkuntzako lan baldintzen inguruko akordio orokor bat eskatu du

Sindikatuak eskatu du, besteak beste, hezkuntza publikoko lanpostu guztiak mantentzea eta itunpekorako sarbidea «gardena» izatea. Hezkuntza Sailari ohartarazi dio sindikatuen arteko mahaia bildu ezean grebara deituko duela.

Tobar eta Aranburu, gaur goizean, Bilbon. LAB SINDIKATUA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 6a
12:23
Entzun

LAB sindikatuak askatu beharreko bi korapilo nagusi ikusten ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan: batetik, Hezkuntza Lege berria; bestetik, hezkuntzako langileen lan baldintzak. Sindikatuak dituen eskaeren berri emateko, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Irati Tobar irakaskuntzako idazkariak prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. Eusko Jaurlaritzari egin diote eskari nagusia: lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzea galdegin diote.

Izan ere, sindikatuaren irudiko, ezinbestekoa da lan baldintzen arloan hurrengo urteetarako oinarriak negoziatzea, eta, azaldu duenez, bide hori urratzeko, iazko apirilean bide orri bat mahaigaineratu zuten adostu beharreko edukien eta prozeduren inguruan, eta irailean lan baldintzen inguruko xedapen gehigarriak aurkeztu zituen. Alabaina, LABen irudiko, orain arte ez dute aukerarik eduki Eusko Jaurlaritzarekin gaiok negoziatzeko eta adosteko. Aranburuk azaldu du «blokeo» horren aurka grebara eta mobilizazioetara joan behar izan dutela. Eta emaitzak ikusten hasi dira: «Greben eta mobilizazioen indarraz baliatu eta azken asteetan Hezkuntza Sailarekin izan dituen elkarrizketak aintzat hartuta, akordioa bideratzeko aukerak ikusten ditu LABek». Baina ituna ez dute izenpetua oraindik, eta, hori lortze aldera, Jaurlaritzari eskatu diote datozen asteetan sindikatuen arteko mahaira deitzeko. «Horrela egin ezean, greba eta mobilizazio berrien aldeko hautua egingo luke LABek».

Tobarrek xehatu ditu sindikatuaren iritziz akordio horrek jaso beharko lituzkeen oinarriak. Batetik, langile publikoei dagokienez, nahi dute kolektibo guztietan lanpostuak mantentzea eta Haurreskolak partzuergoa doako bihurtzearen ondorioz sortuko diren beharrei erantzuteko lanpostuak sortzea. Gainera, eskatu dute jantoki ereduaren inguruko azterketa egiteko, «langileen kudeaketa publikorako aukera aztertuz», baita «kategoria bera duten eta lan eta funtzio berdinak dituzten» langileen soldatak parekatzea ere. Halaber, langile guziak euskalduntzea ere baldintzen artean sartu dute. Bestetik, itunpeko sareko langileak daude. Horientzat sarbidea «gardena» izatea nahi dute, «meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarrituta», baita langileen soldaten parekatzea eta lan baldintzak homologatzea ere. Gainera, ikastetxeren bat publiko bihurtuz gero, langileak subrogatzeko akordioa jasotzea nahi dute. Azkenik, azpikontratatutako langileei erreparatu diete. Hauxe eskaera: «Lehentasunez garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileak lehengoratu edo langile publiko bilakatzea aztertzea. Eta, hori egin ezean, lehentasunez parekatzeko eta homologatzeko azterketa egitea».

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak erantzun dio sindikatuari. Nabarmendu du elkarrizketarako borondatea dela sailaren ezaugarri nagusietako bat, eta sindikatu guztiekin hitz egiten jarraitzeko prest agertu da, ikusteko noiz bildu daitekeen sindikatuen arteko mahaia: «Gonbit hori egiten bazaigu, guk hartuko dugu eta garatuko dugu. Horrek esan nahi du orain arte bezala jarraituko dugula lanean sindikatuekin, era diskretu baten, eta, alde horretatik, sindikatuekin landuta daukaguneandeituko dugu sindikatuen arteko mahai hori biltzera».

Legeari beha

Hezkuntzan pil-pilean dagoen gaiari ere heldu dio sindikatuak: Hezkuntza Legeaz mintzatu da, hain zuzen. Aranburuk esan duenez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuan «zuzendu beharreko hainbat gai» ikusten dituzte, eta horretarako proposamen zehatzak aurkeztu dituzte. Orain, horiek nola islatuko zain daude: «Ikusteko dago testu berriak zein neurritan jasoko dituen ekarpenok, eta horren araberako balorazioa egingo du LABek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.