Israelek bost palestinar hil ditu

Zisjordaniako errefuxiatuen gune batean izan da erasoa, eta dozenaka zauritu ere eragin ditu.

Israelgo armadaren operazio bat Jeningo errefuxiatuen gunean, urrian. ALAA BADARNEH / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 6a
16:21
Entzun

Israelgo armadak bost palestinar hil zituen igandean Zisjordanian, errefuxiatuen gune batean egindako erasoan. Palestinako Aginte Nazionalak eman du erasoaldiaren berri, eta jakinarazi hildakoek 21 eta 28 urte bitarte zituztela. Agintari palestinarren arabera, Israelen oldarraldiak dozenaka zauritu ere eragin ditu, eta horietako hiru Zisjordaniako ospitale batera eraman dituzte.

Israelgo armadak adierazi duenez, urtarrilaren 28an kokaleku judu bateko jatetxean egindako tiroketako egileen aurka egitea zuten helburu. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du hildako bost palestinarrak saiatu zirela eraso hori egiten. Azaldu dutenez, bi gizon armatu jatetxera joan ziren, Ā«eraso hilgarri bat egiteko asmozĀ», baina, akats bat egon zen; Jeriko hirira ihes egin zuten, eta kanpalekuan babes hartu. Ez zen inor hil erasoaldi hartan.

Israelgo armadak ez du zehaztu zenbat palestinar atxilotu dituen operazioan, baina Palestinako albiste agentzia ofizialaren arabera, zortzi izan dira.

Hamas mugimendu islamistak adierazi du Israelek hildako bost palestinarrak bere aldekoak direla, eta mendekurako deia egin du.

Giroa gaiztotu eta erasoak ugaritu egin dira azken asteetan. Israelgo segurtasun indarrek dagoeneko 41 palestinar hil dituzte aurten. Urtarrilaren 26an, Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail zituzten bi erasotan, tiroz. Hurrengo egunean, berriz, pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil zituen Jerusalem ekialde okupatuko sinagoga bati egindako erasoan. Sarekada horiei beste indarkeriazko gertakari batzuk ere gehitu behar zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.