Gatazkaren konponbidea

Foro Sozialak azken bilera egin du EPPK-ko ordezkariekin

Honenbestez, bi aldeek bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa

Agus Hernan, Zaballako espetxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 6a
19:47
Entzun

Joan den urtarrilean, Foro Sozial Iraunkorrak iragarri zuen bukatutzat emango zuela hamar urteko ibilbidea, bere garaian proposatu zituen gomendioak beteta daudela edo betetzeko oinarriak badaudela iritzita. Geroztik, zenbait bilera egiten ari da Foroa eragile politiko, sozial eta erakundeekin, erabaki horren berri emateko, eta gaur EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren txanda izan da.

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernanek bilera egin du Ainhoa Mujika Goñi eta Jon Olarra Guridi EPPK-ko ordezkariekin, Zaballako espetxean (Araba). Foroak hartutako erabakiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bi aldeek bilera baliatu dute azken urteotan izandako harremanaren bilana egiteko, eta, honenbestez, bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa.

Izan ere, 2017ko azaroan EPPK-k bere gogoeta prozesuaren berri jakinarazi zion Foro Sozialari, eta geroztik bi eragileak zortzi aldiz elkartu dira. Lehenengo bilera 2018ko urtarrilean izan zen, Alboloteko espetxean (Espainia); han egin zituzten hurrengo lau bilerak ere. 2021eko maiatzean eta abenduan, berriz, Logroñoko espetxean (Espainia) batu ziren Foroaren eta EPPKren ordezkariak.

Bilera horiek ez dira beti baldintzarik egokienetan egin. Foro Sozialak gogorarazi du hasieran 40 minutuz baino ez eta kristalezko horma batek banatuta egiten zituztela bilerak, zailtasun handiekin, eta laugarrenean, 2018ko abenduan egindakoan, funtzionario bat bilerara sartu zela «kartzela zuzendaritzaren aginduz». Geroztik, baldintza horiek hobetu egin dira.

Bi aldeen adostasuna

Foro Sozial Iraunkorrak adierazi duenez, bi aldeak bat etorri dira egoeraren azterketaren hainbat puntutan. Adibidez, Foro Sozialak zein EPPK-k uste dute azken urteotan emandako aurrerapausoak «gehiengo sozial eta politikoarekin batera» egin direla, eta balioetsi egin dute ekarpen hori.

Foro Sozialak uste du presoen urruntzea amaitu eta denak Euskal Herriratu eta gero «finkatuta» egongo dela «presoen auziaren konponbiderako markoa», eta horren atalak izango direla «salbuespen politika osoa» indargabetzea, biktimen mina errespetatzea, gradu progresioen eta baldintzapeko askatasunen ohiko aplikazioa eta «presoen jarrera proaktiboa» gizarteratze prozesuetan.

Bi aldeek ontzat jo dute egindako bidea, eta «sortutako konfiantza eta lortutako aurrerapenak» nabarmendu dituzte. Etorkizuneko erronkak identifikatu dituzte, eta horretan ere adostasuna egon da: «salbuespenezko espetxe politika indargabetzea» beharrezkotzat jo dute, bereziki baimenen eta hirugarren graduen aplikazioan, eta zigorrak batzeari eta espetxean 40 urte osorik betetzeari dagokionez. Gainera, nabarmendu dute iheslarien eta deportatuen gaiak «konponbiderako agendatik kanpo» jarraitzen duela.

EPPK-ko ordezkariek adierazi diote Foro Sozialari ontzak jotzen dutela Foroak urte hauetan sortutako interlokuzioa eta lan esparrua, eta eskerrak eman dizkiete «egindako lan handiagatik, eta erakutsitako pazientziagatik eta diskrezioagatik».

Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, alderdi politikoekin eta beste zenbait eragilerekin ere biltzeko asmoa du Foro Sozial Iraunkorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.