Albistea entzun

Ustelkeria

Ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk dio gobernuak ez duela lehentasun gisa «ustelkeriaren aurka egitea». Jaurlaritzak uste du, ordea, ustelkeriaren aurka badela «egitura zabal bat»

Alfredo de Miguel epaitegira sartu aurretik, Gasteizen, 2019ko abenduan.
Alfredo de Miguel epaitegira sartu aurretik, Gasteizen, 2019ko abenduan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko otsailak 7

Ezusterik ez da izan EH Bilduk ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko egindako proposamena dela eta. Eusko Jaurlaritzak ezetz esan dio organo hori sortzeko lege proposamenari, aintzat hartzearen aurkako irizpidea adierazita. Gobernuak uste du administrazio publikoetan ustelkeriaren aurka «egitura juridiko eta instituzional zabala» badagoela, «gardentasunaren eta prebentzioaren aldeko borroka sustatzen dituena».

Ustelkeriaz hitz egin beharrak deserosotasun handia sortu dio azken asteetan EAJri, baina De Miguel auziak horretara behar du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria bera, eta onartu du haren alderdia ez dagoela «libre» ustelkeria auzietatik. Alabaina, gauza bat da begien bistakoa dena onartzea, eta bestea hauteskundeen atarian ustelkeriaren gaiari bozgorailuak jartzea.

Gauzak horrela, EH Bilduk hiru aldiz proposatu du jadanik Eusko Legebiltzarrean ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea, legez, Nafarroako Parlamentuak iaz egin zuen bezala. «Urkulluren Gobernuaren ezezkoak agerian utzi du berriro ustelkeriaren aurka egitea ez dagoela bere lehentasunen artean; De Miguel auziak, adibidez, arlo horretan baliabide falta nabarmena dela argi erakutsi du», esan du koalizio abertzaleak, exekutiboaren ezetza jaso eta gero.
Beste iritzi batekoa da gobernua. Bulego hori sortzeko beharrik ez dago, Jaurlaritzaren arabera: «Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan badago egitura juridiko eta instituzional bat indarrean eta aktibo, osotasuna sustatzeko, gardentasuna bultzatzeko eta euskal administrazio publikoetan ustelkeriari aurrea hartu eta aurre egiteko». Exekutiboak gogoratu du, gainera, «Legebiltzarreko talde berak ia ekimen bera» aurkeztu zuela 2020ko irailaren 15ean, «eta orduan ere atzera» bota zela.

«Herri duin» baten eskaera

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronarentzat, ordea, «baliabide falta» dago ustelkeriari aurre egiteko. «Arlo horretan lan egiten duten instituzioek behin eta berriz salatzen dute ez dagoela mekanismo nahikorik praktika ustelak antzeman eta ikerzeko», esplikatu du. «Herri duin batean» bizitzeko «mekanismoak» behar direla dio, praktika okerrak galaraz daitezen.

Finean, «De Miguel gehiago» egongo ez direla «bermatzeko» proposamena egin du koalizio subiranistak. Estarronak gogoratu du EAJri bete-betean eragin dion auziaren epaiaren harira alderdi guztiek, «baita EAJk eta PSEk ere», adierazpenak egin dituztela ustelkeriaren aurka, «baina hitzetatik ekintzetara» pasatzeko neurri zehatzak proposatzen direnean, «argi» geratzen dela EAJk eta PSEk ez dutela «benetako konpromisoak hartzeko inolako borondaterik». EH Bilduko eledunaren ustez, praktika okerrak desagerrarazteko planteatzen den «edozein ekimen blokeatzen dute ia sistematikoki» EAJk eta PSE-EEk.

Jaurlaritzak, berriz, erantzun du EAEko administrazio publiko guztiek dituztela «ekonomia eta aurrekontuak fiskalizatzeko eta kontrolatzeko barne tresnak». Administrazio Orokorrak Kontrol Ekonomikoko Bulegoa duela gogoratu du, eta Toki Administrazioak, «gaikuntza nazionala duten funtzionarioak». Ustelkeriaren aurkako egituran sartu du, halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta, «hala badagokio», Estatuko Kontuen Auzitegia.

Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ere zerrenda berean sartu ditu; eta Langileen Erregistro Zerbitzua ere bai. Era berean, sektore publikoko «kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea» ustelkeriari aurre egiteko egitura horretan dagoela ekarri du gogora, Etika Publikorako Batzordea bezala. Azkenik, «EAEko zigor arloko jurisdikzioa osatzen duten organo judizialak eta Euskadiko Fiskaltza» lotu ditu ustelkeriaren aurkako baliabideekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. ©RAUL BOGAJO/ FOKU

Erabakitzeko eskubideari eta errepublikari bide emateko eskatu dute

Edurne Begiristain

Espainiako Konstituzioa erreformatzea galdegin dute EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk Eusko Legebiltzarrean. Gure Esku-k dio «norabide egokian egindako urratsa» dela
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Euskal Herria asimilazio prozesu betean dago»

Gotzon Hermosilla

Aurten ere Gernikan egingo ditu Jardunek Aberri Eguneko ekitaldiak. Haien ustez, «Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak gainditzeko» beharrezkoa da «proposamen politiko bat» eraikitzea.
EAren XIII. Batzar Nazionala, iazko otsailean. ©Raul Bogajo / Foku

Epaitegiak ontzat jo ditu EAk iazko otsaileko kongresuan hartutako erabakiak

Iosu Alberdi

Bozketak telematikoki egin izana babestu du. Estatutu berria, proposamen politikoa eta idazkari nagusia hautatu zituzten biltzarrean.

Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea, iazko sari banaketan ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Egiaren Batzordeek eta Txernobylgo adingabeekin lanean dabiltzan elkarteek jaso dituzte Gernika sariak

Berria

Argentinako, Hegoafrikako, Ekialdeko Timorko eta Kolonbiako Egiaren Batzordeen lana hartu dute aintzat alde batetik, eta Txernoylgo adingabeekin lanean ari diren euskal elkarteena bestetik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.