Albistea entzun

Azpiegiturak

Belateko tunel berriaren lanak lizitatu ditu Nafarroako Gobernuak

95 milioi euroko kostua izango dute lanek. Txibiteren arabera, «lekurik arazotsuenetako baten konponbidearen hasiera» da.

Belateko tunela (Nafarroa), artxiboko irudi batean.
Belateko tunela (Nafarroa), artxiboko irudi batean. Jagoba Manterola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2023ko otsailak 8

«Bideko segurtasuna hobetzeko mugarri bat da». Horrela aurkeztu du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Belateko tunel berriaren proiektua. 95 milioi euroko kostua izango dute lizitatutako lanek, eta iragarri dute 45 hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dutela. N-121-A errepidean kokatuko da tunela; Nafarroa iparraldeko herriak Iruñearekin lotzen dituen errepide nagusia da.

Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuaren lehen adjudikazioa da gaur iragarritakoa; faseka egingo dituzte lanak, eta 2028. urte hasierarako amaitzea da asmoa. Almandozko tunelaren lanak 2024. urtearen erdialdean adjudikatuko dituzte, eta 28 hilabete iraungo dutela espero dute; bi tunelen arteko tartea eraikitzeko lanak, berriz, 2025ean emango dituzte, eta 20 hilabete iraungo dute; eta, azkenik, gaur egun eginak dauden tunelak egokitzeko lanak 2026 amaieran edo 2027 hasieran adjudikatuko dituzte, eta urtebete beharko dute egiteko.

Prentsaurreko batean iragarri du hori Txibitek; harekin izan dira Jose Luis Arasti, Nafarroako Gobernuko ordezkaria; Bernardo Ziriza, Lurralde Kohesiorako kontseilaria; eta Pedro Lopez, Obra Publikoetako eta Azpiegituretarako zuzendaria.

Lehendakariak azaldu duenez, Nafarroak azken urteetan errepideetan egin duen obrarik «garrantzitsuena eta konplexuena» da, eta modua emango du Baztango eta Bidasoako 22.000 bizilagunekin duten «zor historikoa ixteko». Izan ere, argi esan du hura dela Nafarroako errepide sareak duen «leku arazotsuenetakoa»: 2010etik 2019ra, 31 lagun zendu ziren bide horretan. Lehen fasearen aurrekontua 95 milioi eurokoa da, eta horrela banakatu du Txibitek: 35 milioi hondeaketa lanetarako, 16 sostengatzerako, 10 estalduretarako, eta 7 segurtasun instalazioetarako, besteak beste. Tunel berria 2.885 metroko luze izango da, gaur egungoa bezala, gutxi gorabehera.

Berritu beharra

Nafarroako Gobernuak 2019. urtean erabaki zuen Belateko eta Almandozko tunelak bikoiztea, oraingo tunelek ez baitituzte betetzen EB Europako Batasunak ezartzen dituen gutxieneko segurtasun legeak. Lanek denera 180 milioi euroko kostua izango dutela aurreikusten da.

Behobia Iruñearekin lotzen duen errepide nagusia da N-121-A, baina azken urteetan izandako istripuek agerian utzi dituzte bidearen segurtasun arazoak. Egunean 11.000 ibilgailutik gora pasatzen dira errepide horretatik, eta haietatik 2.800 inguru dira astunak.

Errepidearen inguruko herrietako alkateek deituta, protestak ere egin izan dituzte Belateko eta Almandozko tunelen segurtasun falta hori salatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...