KPI-a

Erregaien deskontua desagertzeak inflazioa handitu du Hegoaldean

Urtarrilean, %5,8ra igo da inflazioa. Elikagaien garestitzea %15,3ra iritsi da, oinarrizko elikagaien BEZa desagertu arren.

Elikagaiak duela urtebete baino %15,3 garestiago daude. ISMAEL HERRERO / EFE
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 15a
09:41
Entzun

Udan hasitako beheranzko joera eten du inflazioak Hego Euskal Herrian. Uztailean %10,7ra heldu ondoren, %5,6raino apaldu zen abenduan, baina urtarrilean berriro egin du gora: prezioak duela urtebete baino %5,8 handiagoak dira, INEren arabera.

Alde batetik, iazko urtarrilarekiko konparazioaren ondorioz handitu da inflazioa, 2022ko urtarrilean izan baitzuen urteko mailarik txikiena (%6,1). Baina bada beste azalpen bat ere: urte hasierarekin batera, Espainiako Gobernuak kendu egin zuen apirilaz geroztik gasolioari eta gasolinari ezarritako hogei zentimoko deskontua. Ondorioz, erregaien prezio erreala handitu egin da urtarrilean, eta horrek azaltzen du hein batean inflazioak berriro gora egitea. Horrela, abenduan urtebete lehenago baino %6,2 garestiago zeuden erregaiak, baina urtarrilean %12,5era igo da aldea.

Elikagaiek ere ez dute lagundu. Oinarrizko elikagai askori BEZa kendu die Espainiako Gobernuak sei hilabetez, eta beste batzuei %10etik %4era jaitsi die, baina jaitsiera hori ez da erabat islatu erosketa saskian. Ondorioz, elikagaien inflazioak hamarren bat egin du gora urtarrilean, %15,3raino.

Argindarra eta gasa, %18,5 merkeago

Argindarraren eta gasaren prezioak, ordea, beheranzko bidean jarraitu du. INEren arabera, energia horien prezioa neurtzen duen atalak (etxeetako berokuntza, argiztapena eta ura) beste koska bat egin du behera: abenduan %10,4 ari ziren merkatzen, eta urtarrilean jada %18,5 dira. Atal horretan bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: azkenean, INEk lortu ditu argindar konpainien datuak, eta, horri esker, tarifa librean daudenen kostuak ere agertzen dira.

Behera egiteko itxura ez duena, ordea, azpiko inflazioa da, hau da, erregaiak eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituena (aldakorrak izan ohi direlako). %6,7tik %7,3ra egin du jauzi, eta handiena da Euskal Herrian euroa erabiltzen denetik. Azpiko inflazioa hain handia izateak erakusten du energian hasitako eta elikagaietara igarotako inflazioa jarduera ekonomikoaren beste ataletara ere hedatu dela. Azpiko inflazioari begira ari da orain Europako Banku Zentrala, eta, jaisten ari ez denez, bere interes tasak handitzeko asmoa dauka hurrengo bileretan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.