Osakidetzako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute

Otsailaren 27tik martxoaren 5era egingo dute greba. Bost urte daramatzate hitzarmena berritu gabe, eta adierazi dute negoziazioa «erabat blokeatuta» dagoela.

Langileek Lan Harremanen Kontseiluaren atarian egindako protesta, Bilbon. LAB SINDIKATUA.
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 15a
12:55
Entzun

2018tik hitzarmena berritu gabe daude Osakidetzako garbitzaileak, eta astebeteko greba antolatzea erabaki dute, negoziazioaren blokeoa desegiteko. Aurreko hitzarmenean, garbitzaileen baldintzak Osakidetzako gainontzeko langileenekin homologatzeko neurriak onartu zituzten, eta LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek adierazi dute gatazkaren hiru aldeek onartu zutela hori: azpikontratatutako enpresek, langileek eta Osakidetzak.

Hitzarmena berriro negoziatzeko orduan, baina, arazoak baino ez dituzte izan, eta berritu gabe daude oraindik; sindikatuen arabera, 50 bilera inguru egin dituzte azken urteetan, baina egoera ez da aldatu. Sindikatuek salatu dute Osakidetzak eta azpikontratatutako enpresek «uko» egin diotela Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak garbitzaileei egokitzeari. Osakidetzako langileen lan baldintzak izatea aldarrikatzen dute, azken finean; besteak beste: garapen profesionalaren deialdietara aurkeztu ahal izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema «bidezkoagoa» izatea, eta Osakidetzako langileek dituzten baimenak eta lizentziak izatea.

Egoera hori «desblokeatzeko», grebara joko dute hilabete amaieran. Astelehenetik igandera egingo dituzte lanuzteak, otsailaren 27tik martxoaren 5era; hala adierazi dute gaur, Bilbon egin duten prentsaurrekoan. Horren ostean, protesta egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren atarian.

Jaurlaritzaren inplikazio falta

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu dute langileek prentsaurrekoan. Lehenik eta behin, esan dute abenduan Osakidetzak izendatutako bitartekari bat deitu zutela, baina ordutik ez dutela erantzunik.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren inplikazio falta ere salatu dute. Izan ere, gogorarazi dute Bizkaiko metalgintzako hitzarmena negoziatzeko prozesuan parte aktibo izan zela Gasteizko gobernua: «Hitzarmen hori, azkenean, Lan eta Enplegu sailburuordea lekuko zela sinatu zen, Jaurlaritzaren egoitzan». Hala, Jaurlaritzari egotzi diote langileen gehiengoa gizonak diren sektoreen negoziazioetan inplikatzea baina emakumeak gehiengo diren sektoreetako gatazkei «bizkarra ematea»: «Hirugarren mailako langileak al gara?», galdetu dute, ironikoki. Nabarmendu dute halako jarrerekin «hitz hutsal» bihurtzen direla Martxoaren 8an egiten dituzten adierazpen instituzionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.