Frantziako Asanblean erretreten erreformaren inguruko eztabaidak bukatzear direla, manifestazio jendetsua egin dute sindikatuek Baionan. «Inportantea zen gaur mobilizatzea, egun hauetan eztabaidatuko dutelako erreformaren 7. artikulua. Hori da erretreta adina 64 urteraino luzatzen duena. Sinbolikoki ezinbestekoa zen mobilizazio egun bat antolatzea», esplikatu du Herve Larrouquert FO sindikatuko arduradunak. Eta irudi sinboliko bat bilatu dute horretarako sindikatuek: Baiona erdiguneko karriketatik egin dute protesta 4.000 pertsona inguruk, eta Errobi gainetik pasatzen diren lau zubiak bete dituzte jende lerro luzearekin.
Baina mobilizazio nagusia aurreko larunbatean iragarri zuten: Frantziako Estatua «gelditu» nahi dute martxoaren 7an. Frantziako Asanbleako eta Senatuko eztabaidak igarota, erreforma onartzeko azken txanpa abiatuko da egun horietan. «Jarduera sektore guzietan, publikoan zein pribatuan, langileak greban ematea nahi dugu, herrialde guzia gelditu dadin», adierazi du Larrouqertek. «FOri dagokionez, uste dugu herrialdearen eta ekonomiaren blokeatzeak baizik ez duela ekarriko lege proiektu hau bertan behera uztea, eta, horretarako, greba iraunkorra beharrezkoa da. Ez dago beste aterabiderik».
Orain arteko mobilizazio «ederrak» azpimarratu ditu Patrici Glory CGTko buruak, eta hemendik aitzina mugimendua «gogortu» beharko dela uste du hark ere. «Greba iraunkorra dugu buruan. Jende andanak uste du astean behingo mobilizazioak baino zerbait gehiago egin behar dela. Martxoaren 7koa zerbait indartsuagoa eta iraunkorragoa abiatzeko modu bat izan daiteke».
Lege proiektuak azken egunak izanen ditu Frantziako parlamentuan, baina, Gloryren hitzetan, horrek ez du erran nahi protestaren azken etapa izanen denik. «Ikusi ditugu parlamentuko prozesua bukatu ondotik ere iraun duten mugimendu sozialak erreformak bertan behera uzten. Martxoaren 7koa erabakigarria izanen da, baina proiektua bertan behera gelditu arte gogortuko dugu mugimendua».
«Momentu berezia azpimarratu du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak: «Frantziako Asanblean eztabaidak bukatzen ari dira, baina funtsean ez dute ezer eztabaidatu. Indarrez pasatu nahi du Frantziako Gobernuak».
Martxoaren 7ko data «berant» etorri daitekeela uste du Dufauk, eta anartean bestelako ekintzak gogoetatu beharko liratekeela: «Baldintzak sortu behar dira horretarako». Mugimendua abiatu denetik, langile asanbladak bultzatzen ari da LAB, eta hortik ekintza proposamenak atera daitezkeela uste du.