Ipar Korea

Piongiangek irismen laburreko bi misil jaurti ditu Japoniako itsasora

AEBetako indarrak penintsulan hedatzearen aurka ohartarazi du Ipar Koreak. Washingtonek eta Seulek maniobra militar bateratuak egingo dituzte datozen asteetan.

Ipar Koreak jaurtitako misiletako baten irudiak, Saulgo telebista batean. JEON HEON-KYUN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 20a
11:28
Entzun

Gaur goizaldean, Ipar Koreak irismen laburreko bi misil jaurti ditu Japoniako itsasora. Hala jakinarazi du Hego Koreako armadak. Ez dira bakarrak izan. Joan den ostiralean irismen luzeko beste hainbat misil jaurti zituen, eta ohartarazi zuen modu horretan erantzungo ziola AEBetako eta Hego Koreako aireko armaden maniobra bakoitzari. Mehatxua ez da nolanahikoa, izan ere, datozen asteetan hasiko dituzte bi herrialdeek maniobra militar handiak.

Piongiangek ez du nahi AEBetako armada Koreako penintsulan ikusi, eta horren aurka ohartarazi du Ipar Koreako presidente Kim Jong-unen arreba Kim Yo-jongek. «Aurrerantzean, gure erantzuna zuzeneko edo zeharkako mehatxuaren neurrikoa izango da», esan du.

Hego Koreako Gobernuak ere hitz egin du, baina Piongiangen ekintza gaitzesteko. Seulek probokaziotzat jo ditu bi jaurtiketak. Berdin egin du Japoniak ere. Prentsa ohar baten bidez salatu du jaurtiketek «arriskuan» jartzen dutela «Japoniako eta nazioarteko bakea».

Hego Koreako Atzerri Ministerioak, berriz, zigorrak iragarri ditu Ipar koreako lau buruzagi eta bost instituzioen aurka; tartean dira enpresari hegoafrikar bat eta Singapurreko bi ontzigintza enpresa. Ipar koreako programa nuklearrarekin eta armagintzarekin zerikusia izatea egozten diete guztiei.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere gaitzetsi egin ditu probak, eta eskatu dio Ipar Koreari has dezala programa nuklearra uzteko elkarrizketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.