GERRA UKRAINAN

Bidenek ezustean bisitatu du Zelenski, eta babesa adierazi dio

AEBetako presidenteak laguntza militar handiagoa agindu dio bere homologoari. Errusiari armak emateko aukera aurreikustea leporatu dio Washingtonek Txinari. Pekinen arabera, AEBak ari dira guda zelaia armaz hornitzen.

Biden eta Zelenski, gaur, Kieven. EFE
Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 20a
12:55
Entzun

Ostiralean urtebete beteko da Errusiak Ukrainan inbasioa hasi zuenetik, eta, efemeride horren harira eta baliatuz bihar Poloniara joatekoa dela, Joe Biden AEBetako presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainakoa bisitatu du gaur, ezustean, Kieven. «Demokraziarekin, subiranotasunarekin eta Ukrainaren lurralde osotasunarekin dugun [AEBek] konpromisoa berretsi nahi dugu», esan dio Bidenek bere homologoari, Etxe Zuriak kaleratutako ohar baten arabera. Hau da, arma gehiago emango dizkio: besteak beste, munizioa, radarrak eta aireko defentsa sistemak. Iazko otsailaren 24az geroztik, Washingtonek 30.000 milioi euro inguru gastatu ditu Ukraina militarki laguntzen. Zelenskik idatzi du Telegramen AEBetako presidentearen bisita «babes keinu oso garrantzitsua» dela ukrainarrentzat. Bidenek nabarmendu du, bide batez, Washingtonek eutsiko diola orain arte eman dion «aurrekaririk gabeko» laguntza militar, humanitario eta ekonomikoari.

Etxe Zuriko maizterra iazko abendu amaieran bildu zen Zelenskirekin Washingtonen, eta aurrenekoz batzartu da harekin Kieven. Bi eguneko bisita diplomatiko bat egingo du Polonian, eta bihar Andrzej Duda hango presidentearekin hitz egitekoa da. Hain zuzen, bihar da Vladimir Putin Errusiako presidentea Errusiako Parlamentuan hitz egitekoa. Zelenskiren alboan gaur eman duen prentsaurrekoan Bidenek nabarmendu duenez, Kremlineko burua «guztiz oker» zebilen Ukraina inbaditzea erabaki zuenean. «Uste zuen ez ginela bat eginda egoteko gai izango, NATO ez genuela bat eginda mantenduko, eta ez ginela gai izango beste batzuk Ukrainaren alboan jartzeko. Ez dut uste gaur berdin pentsatuko duenik».

Washingtonek agindutako laguntzaren harira, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburua azpimarratzen ari da azken egunetan Ukrainari eman beharreko babes militarra azkartu beharko luketela talde komunitarioko herrialdeek, argudiatuta Errusia erasoaldi bat prestatzen ari dela —zenbait iturriren arabera, hasi du jada— eta Kieventzat ezinbestekoa dela horri aurre egin ahal izateko. EBko estatu kideetako Atzerri ministroak laguntza militar hori nola bideratu eztabaidatzen ari dira gaur Bruselan, eta bilera hasi aurretik Borrellek berriro esan du Ukrainari behar duen munizioa ematea dela «urgentzia handiena» duen auzia. «Horretan porrot egiten badugu, gerraren emaitza arriskuan dago».

Eta, batzuek zein besteek batzuei edo besteei emandako laguntza militarrari dagokionez, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak gaur berretsi du kezkatuta dagoela Txina pentsatzen ari delako «laguntza hilgarria» ematea Errusiari. Hori esan du gaur Ankaran, Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin batzartu eta gero. Atzo, AEBetako NBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Blinkenek iragarri zuen Pekinen mahai gainean dagoela Moskuri armak emateko aukera, eta horren berri ematen duten frogak dituela —ez zituen erakutsi—. «Hori arazo handi bat izango litzateke Txinarentzat, eta beste herrialdeekin dituen harremanei eragingo lieke», azaldu du Blinkenek.

Ikusi gehiago: Txinak iragarri du bake egitasmo bat aurkeztuko duela Ukrainarako

Txina azken astean esaten ari da, ordea, bake egitasmo bat duela Ukrainako gerra konponbidean jartzeko. Hori jakinarazi zuen larunbatean, Municheko Segurtasun Konferentzian, Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentraleko buruak. Pekinen arabera, beti «bakearen eta elkarrizketaren» alde egon direla adierazi zion Txinako diplomazialari gorenak Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroari, aurreko larunbatean —gaur Moskun dago Yi—. Eta, horrenbestez, Blinkenek egotzitakoaren harira, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek gaur nabarmendu du, pentsa agerraldi batean, AEBak ari direla guda zelaia armaz hornitzen, eta ez Txina. «AEBak ez daude kualifikatuta Txinari aginduak emateko, eta inoiz ez dugu onartuko beraiek inposatzea nolakoak izan behar duten Txinaren eta Errusiaren arteko harremanek». Berretsi du, bide batez, Pekinek «bakea eta elkarrizketa» sustatu nahi dituela Ukrainako gerran.

Ikusi gehiago: Ukrainan bakea ezartzeko «ekarpenak» egin nahi ditu Txinak

Gerra hegazkinak

Ukrainari F-16 gerra hegazkinak emateari buruz eztabaidatzen ari direla nabarmendu zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundean AEBek duten enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldek. «Ukrainarrekin lanean ari gara jakiteko zer behar duten eta noizko behar duten», esan zuen, CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean.

Aintzat hartu behar da Bidenek urtarril amaieran adierazi zuela aukera hori ez zegoela mahai gainean, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere iritzi berekoa dela. Baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atea ireki zion aukera horri joan den astean: «Ukrainari emandako laguntza moldea aldatu eta garatu egin da denborarekin. Eta aldatzen eta garatzen jarraituko du gerra hau garatu ahala».

Gainera, AEBetako armadako jeneral Christoph Cavoliren iritziz, Ukrainari gerra hegazkinak eta helmen handiko misilak ematea lagungarria izan daiteke Kieventzat. Político hedabidearen arabera, AEBek Europan duten buruzagi militar gorenak hori adierazi zien, bilera batean, AEBetako Kongresuko dozena bat inguru kideri, joan den ostiralean. Komunikabide horrek berak kaleratu du, bide batez, Ordezkarien Ganberako bost diputatuk —errepublikanoak eta demokratak— Bideni eskatu diotela gerra hegazkinak emateko Ukrainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.