Futbola

Osasunak klubeko Segurtasun zuzendaria kargugabetu du, ikurren aferagatik

Urtarrilaren 14an gertatutakoa «oso larritzat» jo du zuzendaritza batzordeak. Segurtasun indarrek Sadarreko harmailetatik hainbat ikur kenarazi zituzten egun hartan; besteak beste, ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat.

Indar Gorriko kideak ikurrinak erakusten, urtarrilaren 26an. Protesta egin zuten egun batzuk lehenago gertatutakoagatik. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 22a
12:11
Entzun

Osasunako zuzendaritza batzordeak erantzun du. Urtarrilaren 14an, taldeak Mallorcaren aurka jokatu zuen ligako partidan, istiluak izan ziren harmailetan: estadioko segurtasun indarrek hainbat ikur kenarazi zituzten, tartean ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat, eta txistuak eta protestak eragin zituen horrek. Klubak berehala gaitzetsi zuen gertatutakoa, eta esan zuen ikerketa zabalduko zuela, «erantzuleak topatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko».

Atzo eman zuen ondorioen berri: batetik, istiluak «oso larritzat» jo ditu; bestetik, Osasunaren Segurtasun zuzendariari «dagokion zigorra» ezarri dio —enplegutik eta soldatatik kentzea—; eta, azkenik, Sadarreko segurtasunaz arduratzen den enpresari klubeko barne araubideko arauak jakinarazi dizkio, eta komunikazio teknika berriak ezarriko ditu partidetarako. Hartutako erabakiak «interesdunei eta iritzi publikoari helaraztea» ere erabaki du.

Tentsioa harmailetan

Zeresana eman zuen urtarrilaren 14an gertatutakoak. Osasunako iturriek orduan azaldu zutenez, Kirolaren Legeak harmailetan jarriko den edozein ikurren berri ematera behartzen du kluba, baina Osasunaren irizpideak «oso malguak» izan ohi dira. Ikurrinak, adibidez, sarritan egon ohi dira orduko toki berean.

Egun hartan, Sadarreko harmailetan, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistako kideek pankarta bat erakutsi zuten hainbat minutuz (eurek bota zuten ondoren), eta, hori ikusita, baimenik ez zuten ikur guztiak kentzeko agindua eman zuen Espainiako Poliziaren koordinatzaileak, estadioko segurtasun indarren buruak. Beste batzuen artean, eskegita zeuden Ikurrin bat eta Nafarroako bandera bat kentzera joan ziren agenteak; txistuak eta protestak eragin zituen horrek, eta, azkenean, ikurrak erakutsi ahal izan ziren. Darko Brasanac jokalariari kamiseta eskatzeko haur batek zuen pankarta kentzen ere saiatu ziren.

Zaleen erantzuna

Hurrengo egunetan, Eneko Compains EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak ere eman zituen gertatukoari buruzko azalpenak. Hura zen segurtasun indarrek kendu zituzten banderen jabea. Salatu zuen gertatu zena ez zela kontu berria, eta ikurrak kentzeko erabakia «erabat arbitrarioa» izan zela.

Osasunak Sadarren jokatu zuen hurrengo aldian, klubeko hainbat bazkidek zaleei eskatu zieten eraman zitzatela estadiora ikurrinak eta Nafarroako banderak, koroarik gabekoak, «pairatu zuten debekuari» aurre egiteko.

Sevillaren aurka jokatutako partidaren hogeigarren minutuan, txalo ere egin zuten «taldearen, haren balioen eta zaleen eskubideen alde». Indar Gorrik bat egin zuen bazkide horiekin: «Gure herrian, gure ikurrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.