Albistea entzun

Korsikako negoziazio mahaia

Macronek esan du Mediterraneoko autonomia estatutuak inspirazio iturri izan ahalko direla Korsikarentzat

Urte erdi inguruko blokeoaren ostean, berriz ekin diete uharteko etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioei. Frantziako presidenteak ere parte hartu du saio horretan, eta esan du ez dagoela «taburik».

Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, 2018an, Aiacciun
Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, 2018an, Aiacciun LUDOVIC MARIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko otsailak 24

Sorpresa batekin abiatu dute Korsikako hautetsiek eta Parisek uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko hirugarren bilkura. Urte erdi inguru iraun duen blokeoaren ostean, beste parte hartzaile bat izan baita bilera horretan: Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Prozesu politikoari bultzada bat eman eta horren zilegitasuna berresteko keinutzat interpretatu daitekeen gertakari bat da, baina baita elkarrizketa horren esparrua eta mugak zehaztekoa ere. Macronek irlako ordezkari politikoei ohartarazi baitie zeintzuk diren bere bi marra gorriak: Korsikak Frantziako Errepublikan jarraitu behar duela, eta ez dituztela herritarren «bi maila» sortuko —egoiliar estatusari eta Korsikako herria ez aitortzeari erreferentzia egin izan dio adierazpen horrekin—. Halere, mugimendu nazionalistak urteotan egindako aldarrikapenetako bat ere aipatu du: Mediterraneoko irlen autonomia estatutuak inspirazio iturri gisa hartu ahalko dituztela.

Macronen aurretik, Korsikako hautetsiek izan dute aukera beren ideiak eta eskariak azaltzeko. Horiek entzun ondoren, Frantziako presidenteak bi marra gorriak zein diren oroitarazi du, eta esan Parisek «engaiamendu indartsua» duela Korsikan, eta espero duela «bide komun bat» egingo dutela, Korsikako hedabideek eta AFP berri agentziak jakinarazi dutenez.

Estatuburuak bere jarrera azaldu die Korsikako hautetsiei: ez du «ez taburik» ez «aurrez erabakitako irtenbiderik» uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko elkarrizketetarako. Hori bai, oraindik argitzeko dago Frantziako Gobernua zertaz ari den autonomiaz ari denean, irlako mugimendu nazionalistak autonomia legegile bat nahi baitu, eta Parisen inork ez baitu xehetasunik eman horren inguruan. Edonola ere, gaurko bileran, Macronek adierazi du jarrera «irekia» duela.

Ikusi gehiago: Ferrandi preso korsikarrari erdiaskatasuneko erregimena onartu diote

Horrez gain, egutegiaz ere mintzatu da Frantziako presidentea, esan baitu espero duela prozesua azkar amaituko dela, Korsika ere erakundeen erreformaren parte izatea nahi baitu; hain justu, uste baitu «toki berezi bat» izan dezakeela. Gilles Simeoni uharteko gobernuburuak esana du urte amaierarako amaitu nahi duela «dena», Frantziako Parlamentuak datorren urtean bozkatu dezan konstituzioaren balizko aldaketez; horretaz, estatuburuak adierazi du «uda ondoren» hasiko dutela lege nagusia aldatzeko prozesua.

Simeonik oraingoz ez du adierazpen publikorik egin; zenbait politikari autonomistak, aldiz, bai, eta begi onez ikusi dituzte Frantziako presidentearen adierazpenak, baita hark bileran parte hartu izana ere. Michel Castellani Frantziako Asanbleako diputatuak, adibidez, «keinu positibotzat» jo du haren presentzia.

Gaurkoa prozesu politikoko hirugarren bilkura da, eta urte erdi inguruko etenaldiaren ondoren egiten ari dira, hilabeteotan bi aldeek adierazi baitute ez zirela elkarrizketarako baldintzak bete. Korsikako preso nazionalisten ingurukoa izan da desadostasuna, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandiri ukatu egin baitzieten erdi askatasun erregimena lortzeko eskariak; azkenean, Alessandriri iragan urtarrilaren 31n onartu zioten, eta Ferrandiri, atzo.

Presoek jasotako ezezkoek haserre handia eragin zuten Korsikan, eta manifestazio eta ekintza biolento batzuk izan ziren hilabeteotan. Egoera lasaitu arte, Parisek esana zuen ez zela berriz eseriko mahai beraren inguruan uhartearen etorkizun instituzionalaz aritzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia) ©EFE

Ukrainako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Igor Susaeta

Kremlinen aurka ari direla dioten bi miliziak adierazi dute Errusiako indarrekin borrokan ari direla Belgorod eskualdean

Kosovoko serbiar ugari protestan, gaur, Zvecan herriko udaletxeko eraikinaren aurrean. ©GEORGI LICOVSKI / EF

Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean bozak berriz egiteari

Mikel O. Iribar

Kurtik zehaztu du Kosovoko indarren aurkako indarkeria amaitzean eta Bruselako akordioa errespetatzean soilik egingo dituztela hauteskundeak. EBk Belgradi eskatu dio alde batera utz ditzala boikoterako deiak.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean. ©EFE

Hemezortzi lagun hil eta ehundik gora zauritu dituzte Khartumgo azken bonbardaketetan

Mikel O. Iribar

RSFk armadari egotzi dio zibilen aurka «ekintza ankerra» egin izana. AEBek eta Saudi Arabiak «zalantza handia» dute bi aldeek beteko ote duten giza laguntza eskuratzeko konpromisoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.